Bizi-bizi dago Euskotren Liga irabazteko lehia. Joan den asteburuan sailkapena irauli zuen Oriok, atzo lidergoa berreskuratu zuen Arraun Lagunak-ek, eta orain, berriz, berdinduta daude. Castro-Urdialesen (Espainia) jokatu den estropadan denboraldiko bigarren bandera irabazi dute San Nikolasekoek.
Arraun egiteko egun egokia izan dute gaur arraunlariek. Lehen txandan Astillerorena izan da ontzirik azkarrena, eta atzo izan zituen sentsazio onak baieztatu ditu Kantabriako taldeak. Ziabogara ia parean iritsi dira Astillero eta Zumaia, baina itzulerako luzean atzean geratu da Telmo Deun: aurrea hartu diote Hondarribiak eta Donostiarrak ere. Lanak amaitzeko 11 minutu eta 11 segundo behar izan ditu Astillerok; hiru gehiago Hondarribiak, lau gehiago Donostiarrak, eta zazpi gehiago Zumaiak.
Bigarren txandan, ligako hiru talderik sendoenen artekoa izan da lehia. Hibaika hasieratik geratu da atzean —zortzigarren izan da azkenean—, eta joaneko luzean Arraun Lagunak izan da azkarrena. Juan Mari Etxaberen taldeak, ordea, ziaboga eskasa eman du, eta abagunea baliatu du Oriok aurrea hartzeko. Donostiarrei hortxe egin die ihes estropadak.
Orio aurretik zela, bigarren kaletik egin du itzulerako luzea Arraun Lagunak-ek, Tolosaldearen kaletik, baina haiei ateratzen zieten tartea ere txikia zen. Ondorioz, Arraun Lagunak-en uberan egin du luze ia osoa Tolosaldeak, eta abisua eman ostean, epaileek hiru segundoko zigorra ezarri diote Donostiako taldeari.
Pare-parean
Azken emaitzan, ordea, ez du eraginik izan zigor horrek: Orio helmugaratu da lehen postuan, eta 64 ehunenera Arraun Lagunak. Era batera edo bestera, beraz, San Nikolasentzat izango zen bandera. Tolosaldeak Lugañene-k baino lau segundo gehiago behar izan ditu lanak amaitzeko, eta, zigorra ezarrita ere, hirugarren postuarekin konformatu behar izan du.
Gaurko garaipenari esker, sailkapen nagusian Arraun Lagunak-en puntu berberak ditu Oriok, 57. Tolosaldeak 50 ditu. Ohorezko txandan sartzeko lehia, berriz, berpiztu egin da Hibaikaren emaitza txarraren ondorioz: 31 puntu ditu Errenteriako taldeak, 28 Zumaiak, 25 Astillerok, eta 23 Hondarribiak. Azken postuan Donostiarra dago, hamazazpi punturekin.