Arrauna. Euskotren Liga

Lehen bandera eta lidergoa eskuratu ditu Oriok etxeko estropadan

Arraun Lagunak bosgarren izan da, eta sailkapen nagusian bigarren da orain. Orio bikain moldatu da itsaso zakarrean.

Orioko arraunlariak, gaur, Orioko bandera astintzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Orioko arraunlariak, gaur, Orioko bandera astintzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko uztailaren 20a
12:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Iraultza gertatu da Euskotren Ligan. Orain arteko estropadetan Arraun Lagunak izan da trainerurik indartsuena —bost estropadatik lau zituen irabaziak—, baina haren itzalari gertutik segitu dio Oriok, bost jardunaldietan bigarren postua eskuratuta. Gaur iritsi zaie erregulartasun horren saria, egun seinalatuan: Orion (Gipuzkoa) bertan jokatu den estropadan. Denboraldiko lehen bandera astindu dute, eta, Arraun Lagunak bosgarren sailkatu denez, lidergoa ere eskuratu dute.

Arraunlariek itsaso mugituari eta haize ufada indartsuei egin behar izan diete aurre Orioko estropada eremuan, eta ohiko emaitzetan aldaketak eragin ditu horrek. Lehen txandan, esaterako, sailkapen nagusian zazpigarren zen Hondarribia izan da nagusi, eta hirugarren postua lortu du gaur. Hamar segundo atera dizkio Zumaiari, 25 Donostiarrari eta 36 Astillerori. Gainera, ohorezko txandan atera diren Hibaika eta Arraun Lagunak Hondarribiaren eta Zumaiaren artean sartu dira. Merezitako saria Ama Guadalupekoa-rentzat.

Ohorezko txandan, berriz, etxeko trainerua nagusitasunez gailendu da, zaleen zoramenerako. Ziabogan ia parean ziren Orio eta Tolosaldea, baina itzulerako luzean hobeto baliatu ditu olatuak Oriok. Momentu batean ontzia okertu zaio Maider Etxaniz patroiari; orduan Tolosaldea gerturatu egin da, baina trainerua zuzendu, eta olatuaren gainean helmugaratu da Patxi Francesek zuzendutako taldea. Tolosaldeak baino bederatzi segundo azkarrago amaitu ditu lanak.

Aldaketak sailkapenean

Orain, sailkapen nagusian, Orio da lider 43 punturekin. Arraun Lagunak-ek 42 puntu ditu, eta 37 puntu, berriz, Tolosaldeak. Hibaika laugarren postuan sendotu da, Zumaiarekiko tartea bi puntura zabalduta. Azkenik, behealdean, Hondarribiak jauzia egin du: seigarren da orain; hemezortzi puntu ditu, Astillerok baino bi gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.