Carmelo Balda Donostiako pilotalekua zesta-puntaren erdigune izango da hurrengo hiru astelehenetan, hilaren 15ean, 22an eta 29an. Han jokatuko dituzte Jai Alai ligako bi Lauko Finalak. Denboraldi osoan emaitzarik onenak lortu dituzten hamasei puntistak ariko dira lehian: zortzi gizonezkoetan, eta beste zortzi emakumezkoetan. Binaka jokatuko dute, zortzi aurrelari eta beste horrenbeste atzelari ariko baitira.
Gizonezkoetan, hirugarrenez jokatu dute Jai Alai liga, eta hautaketa egiteko, 30 txapelketen emaitzak hartu dituzte kontuan. Euskal Herrian, Biarnon eta AEBetan jokatu dituzte txapelketa horiek, 11 hilabetean; 125 partida guztira. 43 puntista aritu dira nor baino nor gehiago, eta hau izan da azken sailkapena: Aritz Erkiaga, Johan Sorozabal, Eñaut Urreisti eta Xabi Barandika izan dira lehen lau aurrelariak, eta Gorka Sorozabal, Unai Lekerika, Thibault Basque eta Imanol Lopez lehen lau atzelariak.Â
Erkiaga nagusitu da berriro aurrelarien artean, baina lehia polita izan du Urreistirekin. Azkenean, tartean sartu zaie Johan. Azken posturako, berriz, Barandika azken unera arte borrokatu da Jean Olharanekin. Atzelarien artean, ordea, saltsa gehiago izan da lidergoan. Basquek indartsu ekin zion sasoiari, baina behera egin zuen gero, eta hori aprobetxatu dute Gorkak eta Lekerikak hari aurrea hartzeko. Azkenean, miarriztarra gailendu da. Azken posturako ere lehia estua izan dute Lopezek, Mikel Manzisidorrek eta Ion Ibarluzeak, eta azkenean zumaiarra nagusitu da.Â
Sailkapenaren arabera osatu dituzte Lauko Finaleko bikoteak: Erkiagak Gorkarekin jokatuko du, Johanek Lekerikarekin, Urreistik Basquerekin, eta Barandikak Lopezekin. Duela bi urte Erkiagak eta Gorkak irabazi zuten txapela, eta, iaz, Barandikak eta Lopezek. Durangon (Bizkaia) jokatu zituzten lehen bi ekitaldi horiek. Hurrengo hirurak, gutxienez, Donostian izango dira.Â
Emakumezkoek, berriz, lehen aldiz jokatu dute Jai Alai liga. Bederatzi txapelketa jokatu dituzte, eta hogei puntista aritu dira. Batzuen eta besteen prestasuna dela eta, aldeak egon dira batzuek eta besteek jokatutako txapelketei dagokienez. Azkenean, honela geratu da sailkapena: Ihart Arakistain, Maite Ortiz de Mendibil, Elaia Gogenola eta Oihana Sorozabal izan dira aurreneko lau aurrelariak, eta Frida Watkins, Maialen Aldazabal, Maia Goikoetxea eta Arai Lejardi lehen lau atzelariak. Hauek izango dira bikoteak Lauko Finalean: Ihart Fridarekin ariko da, Maite Maialenekin, Elaia Maiarekin eta Oihana Arairekin.
Datorren astelehenean jokatuko dituzte lehen bi finalerdiak: aurrenekoan, Ihart eta Frida Sorozabalen eta Arairen kontra ariko dira, eta, bigarrenean, Johanek eta Lekerikak Urreistiren eta Basqueren aurka jokatuko dute. Hilaren 22an, berriz, beste bi finalerdiak jokatuko dituzte: Elaia eta Maia Maiteren eta Maialenen kontra ariko dira lehenbizi, eta Erkiaga eta Gorka Barandikaren eta Lopezen aurka ondoren. Lau finalerdietako irabazleek finala jokatuko dute hilaren 29an. Partidak 19:00etan hasiko dira, eta horiek bertatik bertara ikusteko sarrerak salgai daude Eraman Jai Alai enpresaren webgunean. ETBk ez ditu zuzenean emango partidak; 22:20an emango ditu, ETB1en eta webgunean.Â
PARTIDAK
lrailak 15, finalerdiak (19:00): Arakistain eta Frida Sorozabalen eta Arairen aurka; eta Johan eta Lekerika Urreistiren eta Basqueren kontra.
lrailak 22, finalerdiak (19:00): Elaia eta Maia Maiteren eta Maialenen aurka; eta Erkiaga eta Gorka Barandikaren eta Lopezen kontra.
lrailak 29 (19:00): Finala.