Futbola

Denetariko emaitzak euskal taldeentzat

Garaipena lortu du Realak, berdinketa Athleticek eta porrota Oiartzunek.

Berdinketa lortuta, lau puntuko aldea du Athleticek Bartzelonarekiko. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
2016ko otsailaren 8a
08:59
Entzun

Kolore guztietako emaitzak izan dituzte euskal taldeek Espainiako Lehen Mailako hamaseigarren jardunaldian. Realak aise irabazi du Albaceten (0-6), eta Athleticek ezin izan du berdinketa baino gehiago eskuratu etxean (0-0). Oiartzunek, berriz, esku hutsik itzuli behar izan du Huelvatik (3-0).

Nagusi izan da Reala Albaceteren aurrean. Igor San Miguelen jokalariek zazpigarren minuturako egin dute aurreneko gola, Manuela Lareok Nahikari Garciaren pase bat baliatuta. 10. minutuan egin du Sandra Ramajok bigarrena, eta 20. minutuan Maria Diazek hirugarrena. Partida erabakita utzita joan dira taldeak atsedenaldira. Lehenengo zatiko jarrerari eutsita zelairatu dira donostiarrak, eta Lareok egin du laugarrena, 58. minutuan. Hamabi minutu geroago sareratu du baloia bosgarren aldiz Diazek, eta taldearen seigarrena eta bere hirugarrena sartu du Lareok partidaren hondarrean.

Garaipen handia lortuta, laugarren postuan da Reala 32 punturekin, eta Collerense izango du arerio hurrengo jardunaldian.

Athleticek sailkapenaren lehen postuan jarraitzen du, baina sei puntutik laura murriztu zaio bigarrenarekiko abantaila. Izan ere, zuri-gorriek ezin izan dute Levante menderatu, eta hutsean berdindu dute Lezaman. 44 puntu dituzte orain bizkaitarrek, eta Valentziarekin ariko dira hamazazpigarren jardunaldian.

Punturik gabe itzuli da Oiartzun Sporting Huelvaren aurkako partidatik. Zazpigarren minuturako jarri dira markagailuan aurretik etxekoak, eta 36. minutuan zabaldu du aldea Anitak. Bigarren zatian, Patri Gavirak egin du hirugarren eta azken gola, 64. minutuan.

Hamabi punturekin, 13. postuan da Oiartzun sailkapenean. Albaceterekin jokatuko du etxean hurrengo jardunaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.