Denetik izango du finalak

Nazioarteko Lehiaketaren azkenak bi saio izango ditu larunbatean; txapeldunak 3.000 euro jasoko ditu

2006ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Heldu den larunbatean emango dio amaiera Egur Sportek Nazioarteko Aizkora Lehiaketari, Azpeitiko (Gipuzkoa) Landeta auzoko kiroldegian. Ezohiko finala izango da, berez ezohiko txapelketa delako. Izan ere, finalean 13 aizkolari ariko dira. Horietarik zortzi Euskal Herrikoak izango dira: Anjel Arrospide, Floren Nazabal, Donato Larretxea, Joxemari Olasagasti, Antonio Senosiain, Joxejuan Barberena, Luis Txapartegi eta Joxe Etxebeste. Beraz, Miel Mindegia, Peñagarikano eta Fausto Mugertza geratu dira finaletatik at.

Atzerritarrei dagokienez, bost izango dira. Laurence O'Toole, David Coffey eta Brent Rees Australiakoak, Bill Bischoff Kanadakoa eta Shane Jordan Zeelanda Berrikoa. Waterfield Ameriketako estatubatuarra geratu kanpoan.

Aurreko hiru saioetan bezala, ohiko sei probak jokatuko dituzte, baina aizkolari guztiak ez dira final guztietan ariko. Beheko erdiko taulan agertzen dira proba bakoitzeko finalistak. Hiru aizkolarik soilik jokatuko dituzte sei probetako finalak: Arrospidek, O'Toolek eta Nazabalek. Aintzat hartuta finalean puntuazio moldea erabiliko dela sailkapenak finkatzeko -hots, 8, 7, 6, 5, 4, 3, 2 eta puntu 1-, bistan da aipaturiko aizkolari horiek dutela besteekiko aldea.

Berez, final bakoitzerako txartela seik lortu badute ere, beste bi gehiago ere ariko dira: Suitzako Schonbachler eta Frantziako Giguel. Horiek ez zituzten aurreko saioak jokatzerik izan, eta finaletara sartu dituzte zuzenean. Hori ere oso berezia da, ez baitakite antolatzaileek nolako maila duten.

78.000 EUROKO AURREKONTUA. Proba bakoitzeko garaileak bere saria jasoko du, baina txapeldun orokorrak eramango du sari nagusia: 3.000 euro. Txapeldun nagusia probetan puntu gehien batzen duena izango da, eta, berdinketa hausteko, denborak ere aintzat hartuko dira.

Txapelketak 78.000 euroko aurrekontua duela adierazi zuen Bengoa antolatzaileak. Kopuru horren barruan sartzen da atzerritarren hiru asteko egonaldia, Egur Sporten bizkar baita mantenua.

Arrospidek eta Nazabalek proba luzeak baliatu beharko dituzte gehienbat O'Toole menderatzeko, australiarra ia denetan moldatzen baita ongi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.