Osasuna 3-4 Reala

Derbia, Realarentzat

Lehen zatian emandako erakustaldiak zabaldu dio garaipeneko atea Realari, hiru gol sartu baititu 16. minutuaren eta 28.aren artean. Osasunak bat sartu du atsedenaldiaren aurretik, eta bigarren zatian nagusitu egin dira etxekoak. Ez du asko behar izan emaitza berdintzeko; bat gutxiagoz jokatu dituzte nafarrek azkeneko hogeita bi minutuak.

jarraia175437.gif
Aitor Manterola Garate.
2019ko abenduaren 22a
10:03
Entzun

Zazpi goleko derbia. Jokaldi ikusgarriak eta akats larriak. Igandeko bazkalondoari lasaitasuna kentzeko partida bizia. Realekoak pozik, Osasunakoak ez. Gipuzkoa aldera joan baita emaitza, Realak ondoen jokatu duenean etekina atera baitio jokoari, eta Osasunak berea egin duenean, gutxixeago asmatu baitu: etxekoek hiru gol sartu dituzte, lau gaur kanpotarrak zirenek.

Realaren aurreneko ordu erdia zoragarria izan da Sadarren. Baloiarekin gozatu egin dute jokalariek, eta berezkoa duten teknika onari erasoan Osasunari min emateko mugimendu taktiko batzuk gehitu dizkionez, Imanolen taldeak nahieran jokatu ditu lehen zatiko ia minutu guztiak. 

Nagusitasun horri, gainera, eraginkortasuna gehitu dio, bai eta Osasunak egindako opariak ere. Oiartzabalek sartu du aurreneko gola, 16. minutuan, Odegaardek eta Gebarak erdialdetik, area gainean, dotore egindako bat-bikoa baliatuz. Handik bi minutura, Portuk ondo baliatu du Estupiñanek egindako oparia, eta 0-2 aurreratu da Reala. Osasuna kolpeari buelta ematen saiatu da, ez baita amore sekula ematen duen taldea, eta Chimy Avilak eta Ruben Garciak 26. minutuan bi aukera on izan dituzte. Remirok urrundu ditu biak. Handik bi minutura sartu du Odegaardek erabakigarria ematen zuen hirugarren gola. Gol bikaina egin du falta jaurtiketaz erdilari norvegiarrak. 

Ematen zuen lehia erabakita zegoela, baina Osasunak gola egin du 45. minutua gaindituta zegoenean, Aridaneren burukada batekin, geldikako jokaldi batean. Aurrez tankera horretako jokaldi guztietan garaile izana zen Osasuna, eta nagusitasun hori berretsi egin du erdiko atzelariaren golarekin. 

Bigarren zatirako etxekoen oldarraldia espero zen, Osasunaren bereizgarrietako bat delako, eta golak eman dion indarrarengatik. Hala gertatu da, eta gainera, bigarren gola sartu dio Realari, Llorente erdiko atzelariak egindako huts larri baten eraginez. Baloia ezkerrez gaizki urrundu du, eta Avilak dotore gainditu du Remiro. 49. minutuan izan da hori. Bigarren zati osoa zeukan Jagoba Arrasateren taldeak emaitza berdindu eta iraultzeko, eta ekinean jarraitu du. Baloia luze joz eta azkar jarriz Realaren atzelarien inguruan, sekulako mina egin die txuri-urdinei, eta aukera onak izan dituzte Ruben Garciak eta Avilak hirunakoa egiteko, baina ez dute asmatu. Realak Gorosabelen zartako batekin erantzun die etxekoei, baina Herreraren eskuin eskuak kornerrera bidali du baloia, jauzi ikusgarria eginez. 

Imanolek etxekoen erauntsia geratzeko, atzealdeko sufrikarioak arintzeko, erdiko hirugarren atzelaria jarri du Le Normand aterata, Zubeldia eta Llorente ez baitziren gai Avila geratzeko. 68. minutuan egin du Realak aldaketa hori, eta handik laura Osasuna jokalari bat gutxiagorekin geratu da, Roncaglia kalera bidali duelako Medie Jimenez epaileak, Le Normandi ukondoarekin zartakoa eman diolako aurpegian (VAR-a erabili du epaileak erabakia hartzeko). 

Orduan baretu da Osasunaren joa, eta ia erabat isildu du Isakek 79. minutuan, laugarren gola sartu duenean. Realak dena egina zuela ematen zuen berriz, baina lehenago bezala, Osasuna piztu egin zaio. Chimyk baloi luze batean sartu du hirugarren gola, 83. minutuan, Zubeldiaren eta Llorenteren lan baldarra agerian utziz. Partida amaiera bitartean, Arrasate ere kalera bota du epaileak, eta Realak izan du aukera bosgarrena sartzeko, Oiartzabalen bitartez, baina Herrerak ondo itxi dizkio zulo guztiak. 

Gaurko lanak amaituta, asteburu bateko etena izango dute ligan, eta urtarrileko aurreneko aste bukaeran berrekingo diote lehiaketari. Osasunak Celtaren zelaian, urtarrilaren 5ean (21:00), eta Realak etxean egun berean, Vila-realen aurka (14:00). Sailkapenean, txuri-urdinak laugarren dira oraingoz, eta gorritxoak hamabigarren, jardunaldia amaitzeko hiru partida falta direla. 

FITXA

Osasuna 3: S. Herrera; Roncaglia, David Garcia, Aridane,
Estupiñan (Juan Villar, 87. min.); Roberto Torres, Darko (Moncayola,
75. min.), Oier, Ruben Garcia, Adrian (Merida, 74. min.) eta Chimy Avila.

Reala 4: Remiro; Zaldua, Llorente, Zubeldia, Monreal
(Gorosabel, 45. min.); Portu, Gebara (Le Normand, 67. min.), Merino,
Oiartzabal; Odegaard eta Willian Jose (Isak, 76. min.).

Golak: 0-1: Oiartzabalek (16. min.). 0-2: Portuk (18. min.). 0-3:
Odegaardek (28. min.). 1-3: Aridanek (46. min.), 2-3: Chimy Avilak (49. min.), 2-4:
Isakek (74. min.), 3-4: Chimy Avilak (83. min.).

Epailea: Medié Jiménez. Txartel horiak: Osasunako
Aridane, Herrera, Darko, Merida eta Estupiñani; eta Realeko Willian Jose eta Zubeldiari. Txartell gorria: Osasunako Roncagliari (72. min.). 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.