Golak: 1-0: Lewandowskik (17. min.);1-1: Salpingidisek (51. min.). Epailea: Carlos Velasco Carballo (Espainia). Txartel horiak: Greziako Holebas eta Karagounisi. Txartel gorriak: Greziako Papastathopoulosi, bi txartel hori ikusi zituelako (44. min.); eta Szczesnyri (68. min.). Bestelakoak: Bete egin zen Varsoviako Estadio Nazionala, 58.000 ikusle inguru, Poloniako eta Ukrainako Eurokopako estreinako partida ikusteko. Aurretik inaugurazio ekitaldia egin zuten.
Ez zen asko espero Poloniako eta Ukrainako Eurokopako estreinako partidaz. Varsovian, Estadio Naziolanean aurrez aurre izango ziren bi selekzioen izenak eta izanak ez zuen kontrakoa pentsatzeko nahikoa arrazoirik ematen. Ez Polonia eta are gutxiago Grezia ez dira ezagunak ikuskizuna emateagatik. Distira gutxiko selekzioak dira, haien jokalarien zerrendak bezalakoak. Bizpahiru jokalari on dituzte, gehiago ez. Eta kalitate eta distira falta hori berehala atzematen da berdegunean.
Atzo ere ez zen izan salbuespena. Ikuskizunak eta distirak ihes egin zuten Estadio Nazionaletik. Hori bai, ikusleek aspertzeko aukera gutxi izan zuten. Gol bana, txartel gorri bana, huts egindako penalti bat... Distira faltan, emozioa eta tentsioa izan zuen poloniarren eta greziarren artekoak.
Poloniak bost urte zeramatzan partidaren zain, eta hasiera-hasieratik igarri zen, bizi-bizi zelairatu baitzen. Berehala izan zuen lehen aukera, baina Chalkias Greziako atezainak kornerrera desbideratu zuen Murawskik egindako jaurtiketa. Erauntsiaren lehen tanta besterik ez zen izan. Gertu zegoen gola. Eta hala izan zen. Lewandowskik, taldeko aurrelari, golegile eta izarrak sartu zuen Eurokopako lehena, 17. minutuan.
Golak Grezia esnarazi zuen, eta lehen aukerak sortzen hasi zen. Horrek kontraerasora joateko beta eman zion Poloniari. Horietako bat oztopatzeagatik txartel horia atera zion epaileak Papastathopoulos erdiko atzelari greziarrari. Hamar minutu eskas geroago Velasco Carballo epaile espainiarrak bigarren txartel horia atera zion, eta ondorioz, gorria. Erabakiak sutu egin zituen greziarrak, are gehiago minutu gutxira Poloniako atzelari batek are barruan baloia eskuarekin jo izana penaltiarekin zigortu ez izanak.
Amorruan ito beharrean, amorrua pizgarri bilakatu zuen Greziak. Hala, jokalari bat gutxiago izan arren, partida berdindu zuen atsedenalditik bueltan. Salpingidisek sartu zuen gola, 51. minutuan. Hain zuzen ere, jokalari horrek penaltia eta Szczesnyren kaleratzea behartu zituen hogei minutu eskas geroago. Karagounisek eskura zuen ia galduta zirudien partida irabazteko. 2004ko Eurokopako heroiak, baina, huts egin zuen 11 metroetatik. Zelaira irten berria zen Tytonek asmatu egin zuen haren intentzioa, eta baloia gelditu zuen. Akabo greziarren itxaropenak. Eta akabo partida, hortik aurrera bi taldeek indar gehiago jarri baitzuten emaitzari eusten, arriskuak hartu eta bigarren gola bilatzen baino.
Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: A multzoa. POLONIA 1. GREZIA 1
Distira faltan, emozioa
Poloniak sartu du aurreneko gola, baina Grezia partidari buelta ematear izan da jokalari bat gutxiagorekinKaragounisek berdinketa hausteko aukera izan du, baina penaltia huts egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu