Ezustekoa gizonezkoen tenis lehiaketan. Izan ere, Novak Djokovicek ez du finala jokatuko, eta, hortaz, ezin izango du urrezko domina kolkoratu. Ikusita aurten Australiako Irekian, Roland Garrosen eta Wimbledonen nagusitu dela, Tokion gailentzeko faborito argia zen ATP sailkapeneko liderra. Baina parean bosgarrena zeukan, Alexander Zverev (Alemania), eta serbiarrak 6-1, 3-6 eta 1-6 galdu dufinalerdietako batean. Beste finalerdian, Karen Katxanov (Errusia) ATPko 25.ak 6-3 eta 6-3 irabazi dio Pablo Carreño (Espainia) 11.ari. Igandean jokatuko dute finala Zverevek eta Katxanovek.
Olinpiar Jokoetan setik galdu gabea zen Djokovic, eta, lehen seta ikusita, Zverev erraz mendean hartuko zuela zirudien. Alemaniarraren sakea bi aldiz hautsi du, eta irmotasunez jokatu ditu pilota guztiak. Bigarren setean, ordea, asko sufritu du 34 urteko serbiarrak. Zverevek bi aldiz hautsi dio sakea, eta sakea bere esku izan duenean abantaila hori defendatu du, eta azkenean seta irabazi.
Hirugarrenean, nahi eta ezin aritu da Djokovic. Zuzeneko sakearekin lau puntu bereganatu ditu Zverevek, eta, gainera, serbiarraren sakea hausteko gai izan da. Beraz, 4-0 aurreratu da. Djokovicek joko bat irabazi du, baina ezin izan du partida irauli. Bi ordu eta hiru minutu iraun du lehiak.
Zverevek 24 urte dauzka, eta, Grand Slamik irabazi ez duen arren, azkeneko bi urteotan final-laurdenetara eta finalerdietara iritsi izan da horietan; are, finalista izan zen iaz AEBetako Irekian.
Djokovicek Carreñoren kontra jokatuko du bihar, Euskal Herrian 08:00ak direnean, brontzezko dominarako partidan. Hain zuzen, domina hori kolkoratu zuen Djokovicek Pekingo Olinpiar Jokoetan (2008).