Euria eta errepide bustia protagonista izan diren egunean, Dominika Wlodarczykek (UAE) irabazi du Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa. Bizkaiko lurretan murgildurik, Itzuliko etaparik gogorrenari aurre egin behar izan diote txirrindulariek, 138 kilometro osatzeaz gain, 2.474 metroko desnibel metatua gainditu baitute. Bada, horrez gain, euriaren presentziak asko gogortu du lasterketa, eta tropelak zuhur jokatu du errepide bustian. Hori bai, azken kilometroetan sua eta distira nagusitu dira, eta Wlodarczyk poloniarra izan da azkarrena Zornotzako helmugan. Shirin van Anrooij (Lidl Trek) ziklistarekin ihes eginda ibili da azken txanpan, eta ozta-ozta, helmugan bi besoak altxatzea lortu du. Lidergoan ez da aldaketarik izan, eta Mischa Bredewold (SD Worx) sendotu egin da lehen postuan.
Ezbairik gabe, bere kirol ibilbideko garaipenik handiena eskuratu du Wlodarczykek. Bere mailaren berri aspaldi eman zion tropelari, besteak beste, laugarren postuan sailkatu baitzen iaz Frantziako Tourrean. Hamabi garaipen bazituen bilduak orain arte, baina inoiz ez gaurkoaren neurrikorik. Emozioak eraginda, negarrez hitz egin du helmugan. «Harrituta nago garaipena lortu dudalako. Ez dakit indarrak nondik atera ditudan. Inola ere ez nuen espero irabazterik. Hainbat aldiz erori naiz aspaldian, eta ganoraz entrenatzeko aukera gutxi izan dut. Pozez ezin kabiturik nago, eta, behin hau lortuta, sailkapen nagusiari begira jarriko naiz orain».
Sailkapen nagusiari dagokionez, Bredewoldek inolako arazorik gabe eutsi dio maillot horiari. Burutsu jardun du etapa guztian zehar, eta, atzetik aurrera eginda, irabazteko zorian egon da. Bigarren gelditu da azkenean, baina, gainsariei esker, orain alde handiagoa ateratzen die sailkapenean atzetik dituen ziklistei. Bigarren postuan, berriz, Yara Kastelijni (Fenix) dago, hamasei segundora, eta segundo bat gehiagoko galera dauka hirugarren sailkatuak: Riejanne Markusek (Lidl). Wlodarczyk bera seigarren postuan dago orain, minutu eta erdira, eta bederatzigarren dago Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa), 39 segundora.
Gaurkoari dagokionez, zeruari begira hasi dute eguna txirrindulariek. Etapari lasai antzean ekin diete denek, batek izan ezik. Nicola Noskovak (Cofidis) ihesaldiari ekitea erabaki du hasieran. Kilometro batzuk egin ditu buruan, eta era horretan igaro ditu eguneko lehen hiru mendateak: Trabakua, Merelludi eta Natxitua. Helmugarako 58 kilometro falta zirela bukatu zaio abentura, eta hurrengo kilometroetan ez da aparteko mugimendurik izan tropelean. San Pelaio elkarrekin igo dute denek, eta jaitsieran ere zuhur jokatzeko erabakia hartu dute. Hori bai, San Pelaio jaitsi ondoren, behin baino gehiagotan hartu du luzatua pelotoiak.
Mendizorrotz, epaile
Alula taldeak atera ditu babak eltzetik. Noa Jansenek egin du lehenbizi aurrera, eta Caroline Anderssonek ondoren. Ez dute tarte garrantzitsurik lortu, baina gutxienez astindua eman diote tropelari. Mugimendu interesgarriak sortu dira, eta Anderssonek berak hamabi segundoren aldea lortuta igaro du Aretxabalgane azken mendateko gaina. Beherakoan ez dio aldeari eutsi, eta Liane Lippertek (Movistar) irentsi egin du. Azken ziklista hori aurrera abiatu da bakar-bakarrik azken kilometroetan, eta mehatxu egin dio tropelari. Ordea, erori egin da errepide bustiaren ondorioz, eta horrek lasterketaren gidoia aldatu du azken txanpan.
24 ziklistako taldea sortu da aurrean, eta azken kilometroetan inork ez du ardurarik hartu nahi izan. Lidl Trek agertu den arte. Lau ordezkari zituen taldeak aurreko multzoan, eta Van Anrooij mugitu da ondoen. Metro batzuk hartu ditu, eta, atzetik aurrera eginda, Wlodarczyk batu zaio pixka bat beranduago. Elkar bikain hartu dute biek, eta pelotoiarekin sokatiran aritu arren, helmugaraino iritsi dira. Luzea eta gogorra izan da esprinta, eta garaileak ez du hutsik egin.
Urtero bezala, azken etapak erabakiko du Itzuliko garailea. Donostian hasi eta bukatuko da biharko lasterketa, eta hiru mendate gainditu beharko ditu tropelak: Jaizkibel, Gurutze eta Mendizorrotz. Azken mendate hori izango da epaile nagusia. Indarrak justu antzean egongo direla aintzat hartuta, ikusgarria izan daiteke lasterketa.Â