Urteroko martxari jarraituz, Donostia Hiria torneoa aurkeztu dute gaur Donostiako udaletxean. Aurreko urtean egin zuten moduan, bi mailetan jokatuko dute: Maila Nagusian eta B Seriean. Bi finalerdi eta finala jokatuko dituzte. Finalerdiak abuztuaren 11n eta 12an izango dira, eta finala, berriz, abuztuaren 14an. Partida guztiak Atano III.a pilotalekuan jokatuko dituzte, eta Donostiako Aste Nagusiarekin bat egingo du torneoak.
Maila nagusiko txapelketari dagokionez, lehen finalerdia Baiko enpresaren adarrekoa izango da. Partida hori abuztuaren 11n izango da, asteartearekin, eta Laso-Iztueta eta Peña II.a-Mariezkurrena II.a bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Iazko aldean, Unai Laso eta Jon Mariezkurrena aritzea izango da berritasun nagusia. Bizkarreta Gerendiaingo (Nafarroa) aurrelaria min hartuta ibili zen joan den udan, eta ez zuen lehiatzerik izan. Bestalde, enpresaren erabakiz, Berriozarko (Nafarroa) atzelariak ere ez zuen jokatu.
Asperen adarreko finalerdian, berriz, egungo bikote txapelduna ariko da: Altuna III.a-Rezusta. Iaz bezala, Ezkurdia-Zabaleta bikotearen aurka jokatuko dute, abuztuaren 12an (19:15). Orduko hartan, bikote txapeldunak alde handiz irabazi zuen: 22-7.
B Seriean berrikuntzak
B Serieari dagokionez, Aspek eta Baikok kanporaketa bana jokatuko dute. Abuztuaren 11n, Baiko enpresaren norgehiagoka jokatuko dute Senarrek eta Landak, Amianoren eta Ugartemendiarem aurka (19:15, ETB1). Asperen aldeko finalerdian, berriz, Salaberria eta Bikuña Muruaren eta Gabirondoren arituko dira nor baino nor gehiago.
Bi mailetako kanporaketetako irabazleek abuztuaren 14an jokatuko dute finalaz, ostiralarekin (21:00, ETB1).