Denetik izan du Donostian jokatutako Eusko Label ligako zortzigarren banderak. Itsas eremuaren egoera dela eta, erlojuaren aurka jokatu dute estropada, eta txanda batetik bestera lau minutuko tartean irten dira. Hala ere, ez da ezustekorik izan, Oriok irabazi baitu estropada, eta, horrenbestez, San Nikolas ontziak seigarren bandera astindu du. Bigarren, Hondarribia izan da 23 segundora, eta Zierbenak hirugarren lekuan amaitu du 39 segundora.
San Nikolas ontzia hasieratik jarri da estropadaren buruan. Lehen luzean lau segundo atera dizkio Urdaibairi. Hasieran eta denboraldi osoan hura du aurkari. Gorka Aranberri Orioko patroiak kontatu du nola egin dioten aurre itsasoaren egoerari: «Aste barruan itsaso txarraren bila aritu gara entrenatzeko, eta, hala, gaur lan ona egin dugu». Bigarren ziabogan, ordea, Bou Bizkaiari oker jo dio kukuak; izan ere, istriborretik eman dute ziaboga, eta, ondorioz, epaileek kanporatu egin dituzte. Aurten ligan eduki duten bigarren gorabehera izan da. Lehena Madrilen izan zuten, Asier Zurinaga patroiak irteeran estatxa ez heltzearen ondorioz hamar segundoko zigorra ezarri baitzioten. Xehetasun horren ondorioz, Bermeoko ontzia laugarren lekuan da orain. Hirugarren luzeko une batean, lehia estua izan da Orioren eta Hondarribiaren artean, baina, azken bi denboraldietan askotan gertatu bezala, horientzat izan da garaipena.
Nabarmentzeko modukoa izan da Hondarribiak egin duen estropada. Bigarren txandan itsasoaren baldintzetara hoberen egokitu den taldea izan da, eta gainontzeko aurkariak baino hobeto jardun du. Berdinduta zegoen Getariarekin Ama Guadalupekoa, baina, gaurko estropadaren ondoren, aurrea hartzeaz gain, hirugarren postuan kokatu, eta ohorezko txandan arituko da bihar Getxon (Bizkaia). Donostiarrak iaz irabazi egin zuen etxeko estropada, baina, txanda ez irabazi izanagatik, laugarren postuan izan dira 53 segundora.
Santurtzi bikain
Lehen txandak ere eman du zeresana. Ontzi guztiek komeriak izan dituzte trainerua zuzen eramateko garaian, eta, hainbatetan, arraunlariek arraun egiteari utzi eta ontziari heldu behar izan diote ezinbestean. Hala ere, horretan ondoen Santurtzi moldatu da. Alexander Estebanek zuzendutako arraunlariek, estropada ona egiteaz gain, talde batasun bikaina erakutsi dute estropada osoan. Ondorioz, zazpigarren postua bereganatu dute, eta, horrekin batera, urrats erraldoia egin dute kanporaketak saihesteko helburuari begira.Â
Chapela eta Ares, berriz, are gehiago hondoratu dira sailkapenean. Gaurko estropadan ere eurak izan dira azken bi sailkatuak. Aresek hiru puntu eta Chapelak bi eskuratu badituzte ere, zapore garratza utzi die gaurko egunak biei. Baldintzen ondorioz, alde handiak izan dira traineruen artean, eta Chapela ia lehen sailkatua baino lau minutu geroago helmugaratu da. Galiziako bi ontzientzat ez da denboraldi erraza izaten ari, eta badirudi bien arteko lehian erabakiko direla azken bi postuak.Â