Arrauna

Donostiarra eta Santurtzi nagusitu dira kanporaketen lehen jardunaldian

Euskotren ligako kanporaketan, San Juan sailkatu da bigarren. Eusko Label ligakoan, berriz, Chapela izan da bigarren. Bihar erabakiko da lehia, Portugaleten.

Donostiarra taldearen trainerua, ziaboga eman berritan, gaur Bermeon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Donostiarra taldearen trainerua, ziaboga eman berritan, gaur Bermeon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko irailaren 20a
20:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda amaitzear dela, udazkeneko giroa izan da gaur Bermeon (Bizkaia). Marea bizietan, itsasbehera betean jokatu dira Euskotren eta Eusko Label ligara igotzeko kanporaketak. Ipar-mendebaldeko haizeak gogor jo du, eta orduko hogei kilometrotik gorako haize ufadak izan dituzte. Giro horretan, faborito nagusiak gailendu dira: Donostiarra emakumezkoetan, eta Santurtzi gizonezkoetan. Segundo baten bueltan aritu dira nor baino nor gehiago Donostiarra, Zarautz eta San Juan. Azkenerako, baina, Ibon Urbietaren taldeak bi segundo atera dizkio San Juani, eta lau, Zarautzi. Ezustekorik ezean, bihar Portugaleten (Bizkaia) jokatuko den erlojupekoari begira (11:20, ETB1), hiru euskal ordezkarien artean egongo dira Euskotren ligara igotzeko bi tokiak. Gizonezkoetan, berriz, Sotera-k urrats garrantzitsua egin du gorenera salto egiteko, Chapela bigarren geratu da, eta Arkote izan da hirugarren. Kaikuk uste baino maila apalagoa eman du, eta laugarren egin du. Eusko Label ligan aritu den ontziak zaila izango du bihar egoera iraultzea.

Euskotren ligan mantentzeko pauso sendoa eman du Donostiarrak Bermeoko uretan. Erlojupekoan San Juan izan da irteten lehena, ondoren abiatu dira Donostiarra, Tiran, eta Chapela, eta estatxa askatzen azkena Zarautz izan da. Lehen erreferentzian, euskal ordezkariak segundo bakarreko tartean zeuden. Nola Chapela hala Tiran kasik jokoz kanpo geratu dira lehen ziabogan. Zarautzek eta Donostiarrak denbora bera markatu dute lehen ziabogan, San Juan segundo bat atzetik izan da; Chapela, bost segundora, eta Tiran, hamazazpira. Bueltako luzean, San Juanek estutu egin du, eta kinka larrian jarri du Zarautz —ETE ligan aurkari zuzena izan du—, eta azkenerako, baita lortu ere. «Denboraldi osoan demostratu dugu badakigula gaur baino hobeto arraun egiten. Badakigu zaila izango dela. Hiru euskal traineruak hortxe ibili gara», adierazi du Nahikari Osa zarauztarren patroiak.

Gizonezkoetan Santurtzik egin du distira. Sotera traineruak erlojupeko bikaina egin du, nahiz eta bigarren ziabogan ezustekoa izan duen, arraunlari bati arraun bat hautsi baitzaio. Oztopoak oztopo, Alexander Estebanen multzoak ez du aurkaririk izan. «Estropada gogorra izan da. Badakigu azkarrak garela, eta, gure lana ondo eginez gero, aukerak ditugu igotzeko. Faboritoak izanagatik ere, ez dugu presiorik nabaritu», esan du Markel Lujua patroiak.

Kaiku, larri

Hurrenkera honetan abiatu dute erlojupekoa: Tiran, Kaiku, Arkote, Santurtzi eta Chapela. Lehen ziabogan Sotera-k markatu du denborarik onena, eta atzetik lau segundora zihoazen Arkote eta Chapela. Kaikuk, berriz, zazpi segundoren galera izan du lehen erreferentzian, eta Tiranek, zortzikoa. Bizkaitarra-rentzat kolpe gogorra izan da hasieratik trainerua atzetik ikustea, baina bueltako luzean hobeto aritu da. Bigarren ziabogan Arkote aurreratu du, segundo baten aldea aterata. Santurtzi, baina, urruntzen hasi zaio Sestaoko ontziari: 11 segundoren aldea zegoen bi traineruen artean. Chapelak, berriz, tinko eutsi dio bigarren postuari. Lehenengo luzean bezalaxe, hirugarrenean ere denbora dezente galdu du Kaikuk, azken ziabogan denborarik txarrena markatuta. Azken luzean, Tiran bakarrik aurreratzea lortu dute sestaoarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.