Dopina ohiko jarduna zuela onartu eta Armstrong salatu du Landisek

Estatubatuarrak azaldu du Bruyneelekin hasi zela dopatzen, US Postal taldean zegoenean, 2002an

Erredakzioa
Donostia
2010eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Eguna joan, eguna etorri, kirol ibilbide guztian «legez kanpoko produktuak eta dopatzeko moduak» erabili zituela onartu zuen atzo Floyd Landis txirrindulari estatubatuarrak, The Wall Street Journal AEBetako egunkariak egindako erreportaje baten arabera. Landisi kendu egin zioten 2006ko Frantziako Tourreko garaipena, testosteronarekin positibo eman zuelako, eta bi urteko zigorra bete behar izan du. The Wall Street Journal-en arabera, Landis frustratuta dago orain, dopinaren aurkako agentziak kirola garbitzeko daukan ezintasunagatik.

AEBetako egunkariaren arabera, txirrindularitzako hainbat erakunderi eta babesleri mezu elektronikoak bidali dizkie Landisek, dopina ohiko jarduna zuela onartuz, azalpen zehatzak emanez, eta, besteak beste, Lance Armstrong, Johan Bruyneel, George Hincapie, Levi Leipheimer eta David Zabriskie salatuz. The Wall Street Journal-ek mezu elektroniko horietako batzuk eskuratzeko aukera izan du, eta horri esker azaldu dute Landisek salaketaren berri eman ziela AEBetako Txirrindularitza Federazioari eta Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunari (UCI).

Salaketa gogorrak

Landisek onartu du 2002an eta 2003an hasi zela testosterona partxeak, odol transfusioak eta hazteko hormonak erabiltzen, Bruyneelen aginduetara US Postalen zegoenean. Txirrindulariak azaldu duenez, Armstrongek eman zion drogen inguruko ondorioen berri. «Kontrolen garapenaren inguruko azalpenak eman zizkidan, eta, kontrol berrien eraginez, odol transfusioetara igaro beharra zegoela ere esan zidan». Bruyneelek berak ere erakutsi omen zion kontroletan transfusioak nola egin, ondoren positibo ez emateko.

UCIk atzo adierazi zuen tristea dela Landisek beste txirrindulari batzuk salatu izana, ikerketa zabaltzeko astirik eman gabe. «Desilosionatuta» dagoela adierazi zuen Hincapiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.