Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: A multzoa

Duintasun eske

Theodor Gebre Selassie da Txekiar Errepublikarekin jokatu duen lehen jokalari beltza. Bera hautatu izanak eztabaida publikoa sortu zuen, eta oihu eta irain arrazistak entzutera «ohituta» dago.

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Arrazismoa azaleratu da Eurokopan. Antolatzaileen beldurretako bat zen, Europako ekialdean arrazismo adierazpenak ugariak baitira, eta estadioetatik kanpo geldituko zirela aurreratu arren, ez dute lortu. Jokalari beltz ia guztiek jasan dituzte oihu eta irainak; tartean, Theodor Grebre Selassiek (Trebic, Txekia, 1986). Txekiar Errepublikako hegalekoak Errusiako zaleen tximu oihuak entzun zituen txapelketako lehen partidan. Bera, baina, tamalez «ohituta» dago, Txekiako ligan ere entzuten dituelako.

Txamola, jokalariaren aita, mediku entzutetsua zen Etiopian, eta Txekoslovakia komunistara joan zen 1980ko hamarkadan. Han ezkondu zen, eta Theodor jaio zen. Futbola ikasketak baino gogokoago zuten milaka umeetako bat zen; salbuespen bakarrarekin, beltza zen. Ona zen, gainera, eta egun Lehen Mailako Slovan Leberec taldean jokatzen du. Arrazismoa, baina, arazo larria da Txekian, eta futbolariak gertutik jasan du. «Desberdina naizela badakit. Harro nago, nabarmentzen laguntzen dit, baina partida txarra denean ere gehiago nabaritzen da». Anna arrebak eskubaloi selekzioan jokatzen du.

Egun gogorrena Spartak Pragaren aurkako partida batean bizi izan zuen, jokaldi bikain baten ondoren estadio osoa tximu oihuak egiten hasi zenean. Ez da aldi bakarra izan, halere, maiz entzun ditu antzekoak eta bere hegalean bananak nola botatzen dituzten jasan behar izan du. Arazoak baretua zirudien selekziotik deitu zuten arte. Jokalari beltza deitu izanak eztabaida lotsagarria sortu du Txekian. Horrek bai ahitu duela Gebre Selassieren pazientzia. «Jokamolde horiek tristatu egiten naute. Ni Txekian jaiotakoa naiz, beti hemen bizi izan naiz, eta beste edozein bezain txekiarra naiz. AEBetan presidente beltza dute, hemen, aldiz, nik nire azalaren kolorearengatik jokatu dezakedan edo ez eztabaidatzen da. Ez dut ulertzen».

Etxeko ligako kalbarioa Eurokopan ere jasan behar du. Errusiaren aurkako partidan zale errusiar askok iraindu egin zuten. Gebre Selassiek, halere, garrantzia kendu die, iraintzaileek oihartzunik jaso ez dezaten. «Konturatu nintzen, baina ez zen muturreko ezer. Gauza okerragoak bizi izan ditut. Pertsonalki hori atzean uzteko prest nago, ez dut ikusten horri buruz hitz egiten jarraitzeko arrazoirik».

Arrazismoak zeresan asko eman du Eurokopan, eta epaileek partida eteteko boterea dute oihu arrazistak entzuten badituzte. UEFA Gebre Selassiek eta Mario Balotelli Italiako aurrelariak jasotako irainak aztertzen ari da. Azken horrek Espainiaren aurkako partidan tximu oihuak entzun zituen. Europako Futbolzale Elkarteko bozeramaileak zehaztu zuenez, 200 bat zaleko talde batek egin zituen, eta Espainiako zaleek aurre egin zieten.

Azken salaketa Herbehereetako selekziotik iritsi da, Krakoviako estadioan eginiko entrenamendu baten ondoren. Mark Van Bommel kapitainak garbi hitz egin zuen: «Denok entzun ahal izan genituen tximu oihuak. Gutako baten batek, partida batean, halako oihurik entzuten badu, epailearengana joko dugu horiek eragozteko egin beharrekoa egin dezan». Michel Platinik Krakovian partidak ez jokatzearen atsekabeari egotzi dizkio oihu horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.