Txirrindularitza

Dunbarrek irabazi du Espainiako Vueltako etapa

Txirrindulari irlandarrak azken metroetan hartu dio aurrea Buitragori. Berrade laugarren postuan sailkatu da. Faboritoak elkarrekin helmugaratu dira.

Eddie Dunbar. JAVIER LIZON / EFE
Eddie Dunbar, ahalegin betean, gaur, Espainiako Vueltako hemeretzigarren etapan. JAVIER LIZON / EFE
Julen Etxeberria.
2026ko irailaren 11
17:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etapa helmugan bukatzen da. Marra zeharkatu aurrekoak ez du ezertarako balio. Esan diezaiotela hori Santiago Buitragori (Bahrain). Txirrindulari kolonbiarrari bitan egin dio ihes garaipenak azken metroetan aurtengo Espainiako Vueltan. Hamalaugarren etapan, Sierra de La Panderako mendatean, Marco Brennerrek (Tudor) helmugarako 300 metro eskas falta zirela harrapatu zuen Buitrago, eta, hura atzean utzi eta gero, garaipena lortu zuen. Gaur, berriro gertatu zaio gauza bera kolonbiarrari, hemeretzigarren etapan. Buitragok eraso gogorra jo du Peñas Blancasko gainean, helmugarako bi kilometro falta zirela, baina oso luze egin zaizkio azken aldapak, eta kilometro erdi eskas falta zela, Eddie Dunbarrek (Q36.5) harrapatu egin du, eta pasatu. Irlandarrak irabazi du etapa. Etsipenak jota iritsi da Buitrago helmugara, berriro esku hutsik, berriro bigarren postuan. 

Q36.5 taldearen eguna biribiltzeko, Thomas Gloag hirugarren sailkatu da, eta Marcel Camprubi bosgarren. Haien artean helmugaratu da Urko Berrade (Kern Pharma). Hamabigarren etapan egin bezala, nafarra eguneko ihesaldian sartu da, baina indarrez larri iritsi da, 44 segundora.  

Faboritoei dagokienez, ezer gutxi gertatu da. Primoz Roglic (Red Bull) saiatu da Enric Mas (Movistar) estu hartzen, baina alferrik. Masek arazorik gabe eutsi dio. Azkenerako, ia elkarrekin helmugaratu dira sailkapen nagusiko lehen zazpi txirrindulariak: Mas, Roglic, Felix Gall (Decathlon), Richard Carapaz (Education First), Oscar Onley (Ineos), Jakob Omrzel (Bahrain) eta Clement Berthet (Groupama). Beraz, aldeek bere horretan jarraitzen dute. 

Bihar, etapa oso gogorra

Itxuraz, alde horiek gora eta behera egingo dute bihar. Azken-aurreko etapa jokatuko dute, mendiko azkena, La Calahorra eta Collado del Alguacil artean. Etapak 188 kilometro ditu, eta azken 110ak oso gogorrak dira, maila bereziko mendate bat eta Lehen Mailako hiru igoko baitituzte. Hain zuzen, maila bereziko gain horretan bukatuko dute etapa: Collado del Alguacil. Lehen aldiz igoko dute, eta oso gogorra da: zortzi kilometro luze da, eta %10eko batez besteko pendiza du. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA