Saskibaloia

Dusko Ivanovic Baskoniara itzuli da

Baskoniak Joan Peñarroya kargugabetu du, eta haren lekua Dusko Ivanovicek hartuko du. Entrenatzaile montenegroarrak laugarren etapa izango du Gasteizko taldean

Dusko Ivanovic, Baskonian izandako azken etapan. DAVID AGUILAR / EE
pettan uralde
2023ko urriaren 30a
17:14
Entzun

Baskoniaren historiako entrenatzaileetatik gehien ohoratua izan denak etapa berri bat biziko du urdin-zurien aulkian. Dusko Ivanovic Gasteizera itzuli da Baskoniaren entrenatzaile berria izateko, eta taldea gidatuko du denboraldia amaitu arte. Belgradeko Izar Gorritik dator Balkanetako prestatzailea, eta ezaguna da haren eskarmentu handia, bai Euroligan, bai ACB Ligan.

Denboraldi hasierako emaitza txarrek Joan Peñarroyaren kargugabetzea behartu dute, eta Gasteizko taldeak Buesan oso ezaguna den entrenatzailearengan jarria du esperantza. Duskorekin, Baskoniak 3 ACB Liga, 4 Errege Kopa eta Superkopa bat irabazi ditu.

Emaitza txarrak ez dira kasualitate izan. Neurri batean, taldearen osaketa okerragatik, eta Darius Thompson jokalari garrantzitsuen irteera dela-eta, ez da erraza izan Peñarroyaren lana, eta horri gehitu behar zaio ez dutela topatu merkatuan maila handiko jokalaririk. Horrekin batera, lesioek eragina izan dute taldean, eta azken joan-etorrietan, Atenasen, eta asteburu honetan Andorran, zortzi fitxa baino ezin izan dituzte aurkeztu. Egoera zail horietan, taldearen dinamika aldatzen saiatzeko piezarik errazena zen entrenatzailearena.

Ivanovic datozen orduetan aurkeztuko dute, eta Baskoniako entrenatzaile gisa bere lehen lan saioa zuzenduko du. Lehen partida ostiralean izango du Buesa Arenan (20:30), Belgradeko Partizan taldearen aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.