Egoitz Bijueska munduko txapeldun da berriz ere. Skater bilbotarrak urrezko domina irabazi du Asuncionen, munduko txapelketan, eta iaz Sao Paulon erdietsitako balentria bera egin du. Emakumezkoetan, Naia Laso bermeotarra bosgarren izan da.Â
Bijueskak 94,50 puntu lortu ditu finalean. Atzetik izan ditu Tom Schaar estatubatuarra eta Gui Khury brasildarra.

Finalaren ostean egindako adierazpenetan, bilbotarra Paraguain lortutakoa sinetsi ezinda agertu da, eta kontatu du finala gogorra izan dela, «euriak eta urduritasunak baldintzatua». Horretaz gain, txapelketako maila goraipatu du, eta aitortu du berak ere bikain patinatu duela.
Laso ere pozik agertu da egindako lanarekin, eta azpimarratu du lortu duen emaitzak asko erraztuko diola Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko bidea. Pariskoetan aritu zen 2024an.