Victor Wembanyama

Egungo harribitxi preziatuena

Egungo jokalari ikusgarrienetako bat NBAra heltzeko zorian da. 2,20 metro neurtzen du frantziarrak, baina ikusgarria da garaiera horrekin zein arina den eta jokatzeko zer teknika duen. 'Draft'-eko lehen postua oso gertu dauka

Victor Wembanyama, saski azpian, baloia esku artean daukala. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Urtero izaten da ikusmin handia NBAko draft-a iristen denean. Gazte onenak zein taldetara joaten diren ikustea eta horrek frankiziei eginarazten dien mugimendu sorta aztertzeko modukoa izaten da. Aurten, baina, oso berezia izango da aukeraketa hori. Beste izen guztien gainetik bolo-bolo baitabil Victor Wembanyamarena (Yvesline, Frantzia, 2004). Ez da ohikoa horrelako jokalariak ikustea. Edonorentzat da deigarria haren fisikoa, eta fisiko horrekin egiteko gai dena, eta aditu guztiek ziurtzat daukate lehen postuan aukeratuko dutela. San Antonio Spursi egokitu zaio aukeratzen lehena izatea, eta, ziurrenik, bertan hasiko du NBAko ibilbidea Frantziako harribitxiak. Saskibaloi berri baten isla da.

Oso gaztea zela Europako harrobi garrantzitsuenen deiak jaso zituen Wembanyamak, baina Nanterre 92 taldean jarraitzeko hautua egin zuten gurasoek. Bertan hazi eta hezi zen, eta 2019an egin zuen debuta lehen taldearekin Eurokopan. Lehiaketa horretan jokatzen zuten jokalaririk gazteenetan bigarrena izan zen: 15 urte, bederatzi hilabete eta 25 egun zituela. LNB Pro A-n, aldiz, urtebete geroago egin zuen debuta, 2020an. Ligako gazte onena hautatu zuten 2020-2021. denboraldian, eta sasoia amaitzerakoan ASVEL Villeurbannek fitxatu zuen. Tony Parkerren klubarekin Euroligan debutatzeko aukera izan zuen, eta bigarren aldiz jarraian ligako gazte onena izendatu zuten.

Sasoi honetan, baina, erabaki garrantzitsua hartu zuen Wembanyamak. Jakina zen 2023ko draft-eko izen nabarmenduenetako bat zela, eta Europako txapelketarik ez jokatzea erabaki zuen. Horretarako, ASVELekin zeukan kontratua eten, eta Metropolitans 92 taldearekin sinatu zuen kontratu berria. Parisko taldearekin astean partida bakarra jokatu du, eta lesioak saihesteko modu bat izan da. Hala ere, entrenamendu eta prestaketa bereziak egin ditu astero. Helburua, bat eta bakarra: NBAra ahalik eta prestatuenen iristea. Teknikoki, taktikoki, eta batez ere fisikoki.

Ezohiko jokalaria

Oso ohikoa da kirolean jokalari gazte bat nabarmentzen denean beste garai bateko jokalari batekin alderatzea. Baina Wembanyamarekin hori egin nahi duenak jai dauka. Ez dira asko 2,20 metroko jokalariak, eta are gutxiago frantziarrak baloia eskuetan daukanean erakusten duen abilezia eta arintasuna dutenak. Hori da jokalari horren ezaugarri esanguratsuena. Garaiera horrekin, pibot postuan aritzen dira jokalari gehienak, baina ez da Wembanyamaren kasua. Perimetroan jokatzeko gaitasuna dauka, eta, batez ere, kantxan aurrera eta atzera korrika aritzekoa. Trantsizioan, jokalari beldurgarria da, eta oso jokalari gutxik gelditu dezakete horrelako jokaldietan. Gazte mailan aritzen zenetik jarraitzen diotenek azpimarratu duten beste gaitasun bat urrutitik jaurtitzeko daukan trebezia da. Ez da jaurtitzaile fidagarria, baina asko hobetu du arlo hori ere. Ligan jaurti dituen hirukoen %28,3 sartu ditu. Halakoa da Wembanyama; handiegia defendatzaile txiki batentzat, eta bizkorregia eta arriskutsuegia kanpoko jaurtiketetan defendatzaile handi batentzat.

Hainbestekoa da Frantziako jokalariarekin sortu den ikusmina, NBAk LNB Pro A-ko partiden eskubideak erosi baitzituen Wembanyamaren neurketak AEBetan doan ikusi ahal izateko. Hori dela eta, asko dira haren inguruan hitz egin duten jokalariak, kazetariak edo entrenatzaileak. LeBron James bera mintzatu zen haren inguruan. «Inork ez du inoiz kantxa batean ikusi halako jokalari garai bat hark dituen arintasuna eta dotorezia dituena. Belaunaldi bateko talentua da». Los Angeles Lakerseko jokalariak ez ezik, Kevin Durantek ere goraipatu egin zuen frantziar gaztearen jokatzeko era: «Jokoaren bilakaerak honaino ekarri gaitu. Bere altuerako jokalari bat, kantxan dena egiteko gai dena. Ligak arazoak ditu». Adrian Wojnarowski kazetaria aski ezaguna da NBAko edozein jarraitzailerentzat. Goitik behera daki du ligan zer gertatzen den, eta, haren iritziz, «NBAn inoiz egon den potentzial handiena» dauka Wembanyamak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.