Ehun eta hogeiko abiaduran

Kaikuk irabazi du Pedreñan, estropada bikaina egin eta gero, eta San Migel liga honetan lortzen duen bigarren bandera daSailkapen nagusian, Urdaibai da lider berria; eta orain artekoa, Astillero, hirugarren da

Kaikuko arraunlariak ahalegin betean, atzo, Pedreñan (Espainia) jokatutako San Miguel ligako estropadan. ESTEBAN COBO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Aurreko denboraldietan, Kaikuk oso motza zuen abiaduraren muga San Miguel ligan. Ehun eta hamar kilometro orduko baino azkarrago ezin zuen joan. Baina aurten, ehun eta hogeira igo du muga, eta ederki ari da baliatzen aukera hori. Atzo, Pedreñan (Espainia), aurtengo ligan lortzen duen bigarren bandera eskuratu zuen. Sekulako estropada egin eta gero, gainera.

Azken txandan joan zen, eta alboan zituen ligako beste hiru indartsuenak: Astillero, Urdaibai eta San Juan. Laugarren kalea egokitu zitzaion Kaikuri, eta traineru denek estropada osoan hartu zuten noranzkoa ikusita, kale onena zen. Etekina ateratzen asmatu zuen Bizkaitarra traineruak, eta lehen txanpako metroetan izan ezik, gainerako guztian lehen postuan joan zen. Behin estropadaren muturra hartu zuenetik, aurkariekiko aldeak handituz joan zen. Oso erraz irabazi zuen, nahiz eta uneren batean Urdaibai gertu izan.

Txanda nagusian, Bermeoko ontzia sartu zen bigarren, Hondarribia hirugarren, eta Astillero laugarren. Espainiarrak ligako lider bezala ureratu ziren, baina hirugarren postuan lehorreratu. Urdaibai da orain sailkapeneko burua, eta Kaiku bigarren, puntu batera; Astillero hirugarren dago, bi puntura, eta San Juan da laugarren lekuan, zazpira.

Bigarren txandako garailea Pedreña izan zen, etxeko ontzia. Sekulako lana egin zuen, denboraldiko estropada onena osatuz, eta azken sailkapenean hirugarren bukatu zuen. Haizearen aldetik ezaugarri onenak izan zituzten bigarren txandan, eta etxekoek ederki baliatu zuten hori. Hondarribia sartu zen bigarren txanda horretan, Tiran hirugarren, eta Zumaia laugarren. Lehen txandan, denboraldiko aurreneko poza izan zuen Oriok. Aurrena izan zen, Castrorekin lehia ikusgarria izanda. San Pedro eta Camargo atzerago sartu ziren. Bazuten itxaropena oriotarrek bigarren txandakoren bat atzean uzteko, baina gero haizeak behera egin zuenez, ez zuten lortu. Beheko sailkapenean, Oriok, azkenaurrekoak, gertuago du San Pedro, bi puntura, eta Castro hirura dauka.

Gaur, Santanderren (Espainia) izango dute estropada (12:00, ETB1), itsaso zabalean, baina eguraldi txarra iragarrita dagoenez, gerta daiteke estropada kolokan egotea edo beste nonbait egitea. Gaur goizean argituko dira kontu horiek. Atzoko emaitzaren arabera izango dira txandak.

Portugalete nagusi Orion

KAE 1eko estropada jokatu zen atzo, Orion, ibaian, eta Portugalete izan zen azkarrena (19.42,88). Zierbena izan zenbigarren, bederatzi segundora; Lekittarra hirugarren, hamabira; eta Santurtzi laugarren, hamabostera. Sailkapen nagusian, lau estropadak irabazita, lider sendoa da Portugalete. Gaur, bosgarren jardunaldi izango dute Donostian (11:30).

KAE 2 ligan, Donostian zegoen estropada atzo, eta Ondarroa izan zen azkarrena (21.14,74), ligako laugarren bandera irabaziz. Busturialdea eta Getaria izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, zortzi segundora eta hamarrera. Ondarroak hiru puntu ateratzen dizkio Busturialdeari sailkapenean, eta zazpi Getariari.

Atzoko beste estropadan, Euskotren ligakoan, Pedreñan, Getaria-Tolosak erraz irabazi zuen, San Juan, Bizkaia eta Hondarribiaren aurretik, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.