Futbolean ez dago atzera begira jartzeko denborarik, eta Eibarren atzo egin zen agerraldia oso argigarria izan zen. Denboraldiaren balantzea egitera atera ziren hedabideen aurrera Amaia Gorostiza presidentea eta Jon Ander Ulazia kontseilari nagusia, baina apenas itaundu zitzaien bukatu denaz. Atzera begirakoan, galdera bat eta erantzun bakarra, Ulaziarena: «Ez dago jaitsieraren errudun edo erantzule bakar bat; denok gara erantzule». Kontseiluak taldea osatzeko behar beste baliabide ekonomiko jarri dituela gaineratu zuen: «Aurreko bi sasoietan beste diru gastatu dugu jokalarietan».
Datorrenak hartu zuen galderetan leku gehien, eta kluba bera ere aurrera begira dagoelako da. Bigarren Mailako lehen denboraldiari begira, zer? Presidenteak azkar esan zuen: «Lehen sasoi honetan saiatu nahi dugu berriz igotzen». Leundu egin zion erantzuna Ulaziak: «Baina ezin gara zoratu. Ez bagara lehen denboraldian igotzen, klubak badu egitura nahikoa saiatzen jarraitzeko hurrengo sasoietan ere». Alegia, bien erantzunak uztartzen badira, hauxe da baieztapena: «Eibarrek azkar igo nahi du Lehen Mailara, baina burua galdu gabe».
Aurrera begirako beste lan bat, eta funtsezkoa: kirol zuzendari berria aukeratzea. Gorostizaren iragarpena: «Oso aurreratuta daukagu fitxaketa, eta aste honetan edo hurrengoaren hasieran iragarriko dugu. Luzerako fitxaketa izatea nahi dugu, hemen ohikoa den bezala». Geroko beste erantzunen batean hari ihes egindakoaren arabera, pertsona hori ez dago klubean: «Hona etorri behar du», esan du presidenteak. Izenen dantzan badira batzuk: Cesar Palacios, Fran Rico eta besteren bat. Nafarra bada «kanpotik» etorriko litzatekeena. 2010etik 2020ra Numantziako kirol zuzendari izan zen.
Taldea eraberrituko dute
Aginte postu horren atzetik entrenatzailearen izendapenak etorri behar duela ere esan zuten bi agintariek, eta ez alderantziz. Ondorioa: esan gabe esan zuten Gorostizak eta Ulaziak Jose Luis Mendilibarrek ez duela jarraituko. Zaldibarkoaren geroa gaur argituko da, iragarpen baten bidez. Entrenatzailearena kirol zuzendariaren ardura dela esan dute, eta fitxaketa hori pixka bat atzeratu egingo dela esan zuten, lehendabizi kirol zuzendariarena lotu behar dutelako behin betiko.
Jokalariak beharko ditu entrenatzaileak, jakina, eta kirol zuzendariak osatu beharko du taldea, aulkiko nagusiaren laguntzaz. Ulaziak iragarpena jokalari multzoaz: «Eraberritu egingo dugu taldea». Sasoi honetako taldetik askok ez dutela segituko, ondorioz: «Utzita egon direnek ez,baldin eta hala erabakitzen badu kirol zuzendariak, kontratua amaitzen zaienek ere ez, eta kontratua izan arren Bigarren Mailara jaisteagatik eten egingo zaienek ere ez». Azkenekoen barruan legoke Kike Garciaren kasua: kontratua du berez, berritu berri duelako, baina, zabaldu denez, badu klausula bat zeinaren arabera eten egingo den harremana, taldea jaisteagatik. Kontratu horiek badaudela esan du Ulaziak, eta zergatik dauden ere bai: «Klubaren bideragarritasuna bermatzeko egiten dira, ezin delako Lehen Mailan kobratzen duena Bigarren Mailan ordaindu, diru sarrerak jaitsi egiten direlako. Batzuetan, beste kopuru batzuk onartzen dituzte kontratuz». Baina, hala ere, negoziatu egin behar dela gaineratu zuen. Beraz, baliteke kontratudun batzuek ere ospa egitea.
Kirol zuzendaria, entrenatzailea, jokalariak... Denek klubaren berezko filosofiaren barruan jardun beharko dute, Ulaziaren arabera: «Eibarren badugu gauzak egiteko modu bat, betikoa izan dena, Eibar eredua».
«Eibar azkar igo dadin nahi dugu, baina burua galdu gabe»
Amaia Gorostiza presidenteak eta Jon Ander Ulazia kontseilari nagusiak iragarri dute kirol zuzendariaren fitxaketa «oso aurreratua» dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu