Eibar 1-0 Reala

Eibarrek irabazi du Euskal Herria Kopa

Malen Urangaren gol bati esker, armaginek irabazi dute kopa, lehen aldiz.

EIbarreko jokalariak garaikurrarekin, gaur, Dulantzin. IÑIGO URIZ / FOKU
EIbarreko jokalariak garaikurrarekin, gaur, Dulantzin. IÑIGO URIZ / FOKU
2025eko abuztuaren 24a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bere historian lehen aldiz, Eibarrek Euskal Herria Kopa irabazi du. Gaur jokatu dute txapelketako finala, Dulantzin (Araba), eta Malen Urangak atsedenaldiaren aurretik sartutako golari esker altxatu dute garaikurra armaginek, ezustekoa emanda. Realak izan du partidaren kontrola, baina ate aurrean ez asmatzeak kondenatu ditu txuri-urdinak.

Liga hasi aurreko azken proba izan da gaurkoa bi taldeentzat. Partida bizia izan da, baina aldaketa asko egin dituzte bi entrenatzaileek, eta nabaritu da bi taldeak azken xehetasunak fintzen dabiltzala oraindik.

(ID_15247757) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-08-24, Dulantzi. Futbola, EH Kopako finala
Eibarreko jokalariak gola ospatzen, gaur, Dulantzin. IÑIGO URIZ / FOKU

Realak hasieratik hartu du ekimena jokoan, eta arriskua sortu du, nagusiki eskuin hegaletik. Dena den, aukera argirik ez du sortu, eta Eibarrek, azkenean, izan duen aukera bakarra aprobetxatu du: Estensoro atezainak huts larria egin du 37. minutuan: baloia galdu du, eta Urangak, area barrutik, ez du alferrik galdu aukera. Atsedenaldira arteko tartean, Realak izan du abagunerik partida berdintzeko, baina alferrik.

Bigarren zatiko lehen minutuetan are nabarmenagoa izan da Realaren nagusitasuna, nahiz eta Eibarrek ere sortu duen arriskua kontraerasoan. Nerea Eizagirrek zutoinera bidali du baloi bat, Cahynovak langara beste bat, Ceciliari gol bat baliogabetu diote... Eibarrek, ordea, hobera egin du azken minutuetan aldaketei esker, eta orduan izan du beste gol bat sartzeko aukera gehien. Partidaren bukaera zoroa izan da, baina markagailua ez da mugitu. 

(ID_15247760) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-08-24, Dulantzi. Futbola, EH Kopako finala
Arene Altonaga garaikurrarekin, gaur, Dulantzin. IÑIGO URIZ / FOKU

2011n jokatu zen Euskal Herria Kopa lehenengoz, eta gaur arte bi taldek soilik lortu zuten irabaztea: Athleticek bederatzi aldiz eta Realak bost aldiz. Aurten, baina, Eibarrek irabazi du estreinakoz, finalerdietan Athletic eta finalean Reala garaituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.