Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: D multzoa. UKRAINA 0. FRANTZIA 2

Ekaitza eta haize freskoa

Sei urteren ostean, Frantziak partida bat irabazi du txapelketa bateko azken fasean, eta eskura ditu final-laurdenakPartida ordubetez egon da etenda, ekaitz gogorra izan baita Donetsken

Julen Etxeberria.
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Menezek (53. min.); 0-2: Cabayek (56. min.) Epailea: Bjoern Kuipers (Herbehereak). Txartel horiak: Ukrainako Selin eta Timoxtxuki; eta Frantziako Menez, Debuchy eta Mexesi. Bestelakoak: 48.000 ikusle inguru Donetskeko Donbass Arena estadioan (Ukraina).

Ezkutuan, eta maleta lotsaz beteta. Horrela itzuli zen Frantziako selekzioa etxera orain bi urte, Hegoafrikako Munduko Kopatik. Ez zen gutxiagorako. Edozer izan zen talde bat ez beste: hautatzailea kazetariekin muturtuta, jokalariak hautatzailearekin muturtuta, jokalariak elkarrekin muturtuta... Lotsagabe aritu zen, eta merezitako zigorra jaso zuen: ez zuen gainditu ligaxka. Bigarren aldia zen jarraian, bi urte lehenago ere, Austria eta Suitzako Eurokopan gauza bera gertatu zitzaion. Argi zegoen: egiturazko arazo bat zen.

Arazoa egiturazkoa baldin bazen, argi zegoen ere nola konpondu: errotik, oinarritik. Eta horixe egin zuten Frantziako Federazioak lehenbizi eta Laurent Blancen gero. Federazioak Raynald Domenech kendu zuen kargutik, eta Blanci eman zion lema. Blancek, berriz, azken urteetan selekzioan iltzatu ziren zenbait ohitura txar baztertu zituen hasieratik. Horretarako, selekzioa eraberritu zuen. Hala, Eurokopa honetan ari diren hamahiru jokalarik ez zuten zerikusirik izan Hegoafrikako lotsarekin. Ez dira apaingarri hutsak. Horietatik erdiek toki bat dute hasierako hamaikakoan. Debuchy, Rami, Mexes, Cabaye, Nasri, Menez, Benzema... oinarrizkoak dira Blancentzat. Haize freskoa dira.

Golak, bigarren zatian

Eta haize fresko horrek on egiten dio Frantziari. Ez du joko ikusgarririk egin, ez estreinakoan, Ingalaterrarekin bana berdindu zuen partidan, eta ezta ere atzo, Ukrainari 0-2 irabazi zion neurketan. Baina hori baino zerbait garrantzitsuagoa lortu du: garaipen bat. Harrigarria dirudi, baina sei urte zeramatzan irabazi gabe txapelketa bateko azken fasean, 2006an, Alemaniako Munduko Kopan finalerdietan Portugali irabazi zionetik. Txapelketa horretako finalean berdindu egin zuen Italiarekin, eta hor hasi zuen maldan behera. 2008an, partida bat berdindu zuen, eta bi galdu. Emaitza horiexek errepikatu zituen bi urte geroago. Eurokopa honetako estreinakoan, berriz, bana berdindu zuen Ingalaterrarekin. Zortzi partida eta garaipen bakar bat ere ez. Atzo arte. Atzo eten egin zuen bolada txar hori, eta horri esker, eskura ditu final-laurdenak. Nahikoa du azken partidan Suediarekin berdintzea —ez du ezer jokoan— aspaldiko partez txapelketa bateko kanporaketak jokatzeko.

Menezek eta Cabayek sartu zituzten atzo Frantziaren golak. Hori ere adierazgarria da, ez batek ez besteak ez baitzuen inoiz jokatu selekzio nagusiarekin Blanc aulkira iritsi zen arte. Bi jokalari horiei Benzemak eman zien azken pasea, Blancek berreskuratutako beste jokalari batek. Bigarren zatian izan ziren golak. Lehen zatia nahiko hotza izan zen, ziurrenik neurketa ordubetez etenda izan zuen ekaitzaren ondorioz.

Ukrainaren bizkar suspertu da Frantzia. Etxeko taldea txukun aritu zen, eta emaitza hobea lortzeko merituak egin zituen. Baina oraingoan ez zen azaldu Xevtxenko. Hala ere, aukera du oraindik final-laurdenetara sailkatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.