Balentria egin du Ekuadorrek Munduko Futbol Kopan. Pronostikoak hautsi, eta Alemaniari irabazi dio ligaxkako azken partidan, eta, hortaz, final-hamaseirenetako sailkatu da. Multzo berean aritu den Boli Kosta, berriz, lehen aldiz sailkatu da kanporaketetarako. D multzoko azken jardunaldian, Turkiak 3-2 irabazi die AEBei, baina, hala ere, azken postuan amaitu du; beste partidan, Paraguaik eta Australiak hutsean berdindu dute. E multzoan, Boli Kostak 0-2 hartu du mendean Curaçao, eta Ekuadorrek 2-1 Alemania. Azkenik, F multzoan, Japoniak eta Suediak bana berdindu dute, eta Herbehereak 1-3 irabazi du Tunisiaren kontra.Â
Horiek horrela, D multzoan, AEBak eta Australia sailkatu dira final-hamaseirenetarako; hirugarren amaitu du Paraguaik, eta zain egon beharko du kanporaketak jokatuko dituen jakiteko. E multzoan, Alemania, Boli Kosta eta Ekuador sailkatu dira. Eta F multzoan, Herbehereak, Japonia eta Suedia.
Ikusi gehiago
D MULTZOA
Australiak ez du huts egin ligaxkako azken partidan, eta final-hamaseirenetarako sailkatu da. Puntu bat nahikoa zuen aurrera egiteko, eta lortu du. Hutsean berdindu du Paraguairen kontra, eta, lau puntu pilatuta, bigarren egin du. Gazi-gozo amaitu du, berriz, Paraguaik. Hark ere lau puntu eskuratu ditu, baina hirugarren egin du, gol gehiago jaso dituelako. Beraz, itxaron egin beharko du.
AEBak, berriz, multzoko lider sailkatu dira, azken partida galdu arren. Lehen bi jardunaldiak nagusitasunez irabazi zituen: 4-1 Paraguairen kontra, eta 2-0 Australiaren aurka. Hortaz, etxeko lanak ondo eginda ekin dio azken lehiari, eta hamaikakoan aldaketak egiteko aprobetxatu du hautatzaileak. Partida hasi eta gutxira hartu du aurrea markagailuan, baina emaitza irauli du Turkiak. Bina iritsi dira lehia amaierara, baina azken unean gola sartu du Ayhanek. Hala ere, lehen postuan amaitu dute AEBek, eta final-hamaseirenetan Bosnia izango dute aurkari. Turkiak, berriz, hiru puntu lortuta agurtu du txapelketa.Â

Â
E MULTZOA
Emozio eta mugarri askoko multzoa izan da. Horren erakusgarri, hauxe: Ekuadorrek aurrera egin du, azken partidan Alemania garaituta; Boli Kosta lehen aldiz sailkatu da kanporaketetarako; eta Curaçao aurrenekoz aritu da Munduko Kopan —gainera, puntu bat lortu du—.
Boli Kostaren aurka galdu eta Curaçaoren kontra berdindu ondoren, zaila zuen Ekuadorrek final-hamaseirenetako sailkatzea, baina ez ezinezkoa. Bazekien zer egin behar zuen: Alemaniari irabazi. Baina asko esatea da hori. Bada, lortu du. Aldapan gora jarri zaio partida, bigarren minutuan gola sartu baitu Alemaniak. Hala ere, azkar erantzun du Ekuadorrek, zazpigarren minutuan neurketa berdinduta, eta bigarren zatian jarri dio ginga. Gonzalo Platak baloia sareratu du 77. minutuan, eta, gol horri esker, aurrera egin du bere selekzioak. Hogei urte geroago, kanporaketak jokatuko ditu Ekuadorrek, historian bigarrenez. Alemaniari, gainera, ez dio min askorik egin galdu izanak, lehen postuan amaitu baitu ligaxka.Â
Kanporaketetarako sailkatu da Boli Kosta ere, lehen aldiz. Curaçaori irabazi behar zion aurrera egiteko, eta ez du hutsik egin. 0-2 hartu du mendean Karibeko uharteko selekzioa. Ondo aritu da Boli Kosta ligaxkan: 1-0 irabazi zion Ekuadorri, 2-1 galdu zuen Alemaniaren kontra, eta, azken lehian, 0-2 garaitu du Curaçao. Hori dela eta, bigarren amaitu du.
Bestalde, kalean geratu da Curaçao, baina arrastoa utzi du. Inoiz Munduko Kopa jokatu duen herrialderik txikiena da, eta ez du esku hutsik agurtu txapelketa, puntu batekin baizik: hutsean berdindu zuen Ekuadorren aurka; Eloy Room atezainaren erakustaldia izan zen gakoa.

Â
F MULTZOA
Herbehereak izan dira nagusi F multzoan; hain zuzen ere, gol festa asko izan dira multzo horretan. Bina berdindu zuen ligaxkako lehen partida Japoniaren aurka, baina irabazi egin ditu hurrengo biak: 5-1 Suediaren aurka, eta 1-3 Tunisiaren kontra. Emaitza horiei esker, lider bukatu du.
Japonia izan da bigarren, eta Suedia hirugarren. Dena den, bi selekzioak sailkatu dira final-hamaseirenetarako. Bost puntu bildu ditu Japoniak, eta lau Suediak. Elkarren aurka aritu dira ligaxkako azken partidan, eta bana berdindu dute. Nahikoa zuten hori sailkatzeko.Â
Japoniak bina berdindu zuen lehen partida Herbehereen aurka; 0-4 irabazi zion gero Tunisiari, eta bana egin du azken neurketan. Gorabeheratsuago aritu da Suedia: 5-1 irabazi zuen aurreneko lehia Tunisiaren kontra, 5-1 galdu zuen gero Herbehereetako selekzioaren aurka, eta bana berdindu du azken partida.Â
Txanponaren beste aldean, Tunisia dago. Nahi eta ezin aritu da, eta erraz garaitu dute aurkariek.
