Aimar Olaizolak eta Danel Elezkanok buruz buruko partida jokatuko dute larunbatean, eta Labrit bete egingo da. Aspaldi agortu ziren sarrerak, eta larunbatean zutikakoak bakarrik egongo dira salgai. Apustuei dagokienez, 100-40ri irtengo dira Olaizolaren alde eta pilotak ez dira arazo izango. Biek gustukoak aurkitu dituzte saskian.
Olaizola ohituta dago horrelako partidak jokatzera, Elezkano, aldiz, berritasun handia da. Zaratamokoak argi du aurkaria dela faboritoa, «bera da onena», nabarmendu du pilota aukeraketaren ondoren, baina horregatik ez du jokatzeko bere modua aldatuko: «Erasoan jokatuz irabazi ditut aurreko hiru partidak, eta berdin jarraitu behar dut. Arriskatu egin behar dut, eta ausarta izan». Elezkanok Arteaga, Artola eta Bengoetxea VI.a kanporatu ditu.
Biak aurrelariak dira, sake-errematean trebeak, baina sake-errematea egiteko lehenbizi ondo sakatu behar da, eta hori da, bien ustez partidako gakoa. Olaizolak grafikoki azaldu du: «Buruz buru sei t’erdira atera eta pilota paretan itsasten baduzu oso zaila da aurkariak bueltatzea. Zaila dena, baina, sake hori egin ahal izatea da».
Beste finalerdia Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak jokatuko dute, eta haiek ostegunean egingo dute aukeraketa, Bilbon.