Hemezortzi segundoren aldearekin iritsi da Elisa Longo Borghini Italiako Giroko azken etapara, eta faboritoen taldetxoarekin batera helmugaratzea nahikoa izan du maglia arrosa janzteko. Bigarrenez irabazi du Italiako lasterketa ospetsua, jarraian gainera, aurrenekoz iaz nagusitu baitzen. Movistar ahalegindu da lehen postua kentzen: etapa Liane Lippertek irabazi du, baina Marlen Reusserrek ez du lortu Giroa irabaztea. Bigarren izan da, hemezortzi segundora, eta Sarah Gigante (Soudal) izan da hirugarren hirugarren, 1.11ra.
Kale edo bale egin behar zuen Movistarrek Longo Borghiniri lehen postua kentzeko, eta horretan ahalegindu dira. Talde lanaren bitartez ahalegindu ere. Baina beste etapa garaipen batekin konformatu behar izan du. Lippertek irabazi du, faboritoen aurretik helmugaratuta. Harengandik zortzi segundora iritsi dira Anna van der Breggen (SD Worx), Reusser bera eta Lippert, besteak beste.
Movistarrek Giroan irabazi duen hirugarren etapa izan da gaurkoa. Aurrez, Lippertek irabazi zuen seigarren etapa, ihesean, eta Reusser izan zen azkarrena erlojupeko saioan.
Pozarren agertu da txirrindulari italiarra lasterketa irabazi berritan: «Giro izugarria izan da niretzat eta taldearentzat. Taldeak helburu argia zeukan, eta lortu egin dugu. Atzoko eguna izugarria izan zen, baina lana ez genuen amaitu. Kontzentratuta egon behar genuen gaur, eta hala aritu gara».
Mendiko maillota zen eguneko beste lehietako bat. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) zen maillot horren jabea, baina ezin izan du etxera eraman. Sarah Gigantek 81 puntu eskuratu ditu denera, eta Ostolazak 73 punturekin amaitu du.