Hasi eta buka. Hasi eta buka menderatu du Eliud Kipchoge korrikalariak (Kapsisiywa, Kenya, 1984) Tokioko Olinpiar Jokoetako maratoia, Sapporon. Inoizko maratoilaririk onena zen faboritoa, eta erakustaldia eman du Sappooko kaleetan. Ez markagatik, Sapporoko baldintzak ez baitziren egokiak marka esanguratsu bat egiteko. Bai, ordea, lasterketa kontrolatzeko izan duen gaitasunagatik eta erakutsi duen nagusitasunagatik.
Lasterketaren hasieran talde handia zena txikituz joan da, pixkana-pixkana. Kipchoge taldearen aurreko aldean joan da, baina buruan jarri gabe. 30. kilometroan egin du aldaketa: Kipchogek erritmoa bizitu du, eta metro batzuk atera dizkie berarekin zihoazen korrikalari apurrei: Lawrence Cherono (Kenya), Ayad Lamdassen (Espainia), Abdi Nageeye (Herbehereak) eta Bashir Abdi (Belgika).
Hasieran, tartea txikia izan da, hamar bat metrokoa, baina 35. kilometrorako tartea ia minutu erdira luzatu du. Maratoia orduan hasten dela esan ohi da, baina Kipchogek bakar-bakarrik egin ditu kilometro horiek guztiak, oinkada luze, bizi, elegante eta, itxuraz, errazarekin. Lurra ia ukitzen ez duela dirudien oinkada, hegan ia. 40. kilometroan aldea minututik gorakoa izan da.
Kipchogek 2.08.38ko denbora egin du, 2.10etik behera, Sapporoko beroarekin eta hezetasunarekin. Batez beste, hiru minutu eta bi segundoan kilometro bakoitza. Kichogeren atzetik sartu dira Nageeye (2.09.58, zilarra), Abdi (2.10.00, brontzea) eta Cherono (2.10.02), esprinta jo eta gero. Bitxikeria bat gertatu da esprintean: Nageeyek bigarren helmugaratu behar zuen, eta behin eta berriro eskatu dio Abdiri mugi zedila, hirugarren sartu ahal izateko. Nageeye eta Abdi sortzez somaliarrak dira, eta elkarrekin entrenatzen dira.
Kipchogerena da maratoiko munduko marka: 2.01.39. Hala ere, Japoniako lasterketaren aurretik esan zuen garaipen hori izango lukeela bere ibilbideko lorpenik handiena: «Ezin da beste ezerekin alderatu». Kipchogek berak irabazi zuen Rioko Olinpiar Jokoetako maratoia. Bi Olinpiar Jokoetan jarraian maratoia irabazi duen hirugarren korrikalaria da. Abebe Bikila etiopiarra (1960ko Erromako Olinpir Jokoak eta 1964ko Tokiokoak) eta Waldemar Cierpinski (1976ko Monstealgo Olinpiar Jokoak eta 1980ko Moskukoak) izan ziren beste biak. Beste bi domina ere irabazi ditu Olinpiar Jokoetan, biak 5.000 metrokoan: brontzea 2004an, Atenasen, eta zilarra 2008an, Pekinen.
Korritu dituen hamalau maratoi ofizialetatik hamabi irabazi ditu Kipchogek. Distantziako inoizko markarik onena ere harena da (2.01.39), eta, ofizialki denbora onartuta ez badago ere, maratoiko 42 kilometro eta 195 metroak bi ordutik behera egin dituen atleta bakarra da: 1.59.40.
Kipchogeren denborak gaurko maratoian:
5 km: 15.19
10 km: 30.53
15 km: 46.04
20 km: 1.01.47
Erdia: 1.05.15
25 km: 1.17.24
30 km: 1.32.31
35 km: 1.46.59
40 km: 2.01.55
Helmuga: 2.08.38
Kenyarrek irabazi dituzte Tokioko Olinpiar Jokoetako bi maratoiak, emakumezkoena eta gizonezkoena. Pere Jepchirchir nagusitu zen, atzo, emakumeen maratoian. Denbora: 2.27.20, Olinpiar Jokoen inoizko mantsoenetakoa, Sapporoko eguraldiaren eraginez. Batez beste, 3.30 minutuan kilometroa. Brigit Kosgei kenyarra izan zen bigarren, 19 segundora, eta Molly Seidel estatubatuarra hirugarren, 26 segundora.
Jepchirchir bi aldiz izan da maratoi erdiko munduko txapeldun, eta harena da distantzia horretako munduko marka: 1.05.16. Kosgeirena da, berriz, maratoiko marka: 2.14.04, 2019ko urrian Chicagoko maratoian (AEB) egina. Seidelen hirugarren maratoia izan zen atzokoa, eta brontzezko domina bat irabazi zuen.
Elena Loyo 29. izan zen maratoian. Gustura geratu zen egin zuen lanarekin. «Ederra izan da», esan zuen lasterketa bukatu eta gero.