Txirrindularitza

Ellande Larronde saratarra profesionaletan ariko da datorren denboraldian

18 urte baino ez ditu, eta bi urte eskas daramatza buru-belarri errepideko txirrindularitzan. Hiru denboraldirako kontratua sinatu du. Romain Sicard hazpandarra izan zen profesionaletan aritu zen Ipar Euskal Herriko azken txirrindularia; 2021ean izan zen.

Ellande Larronde. CAJA RURAL
Ellande Larronde, aurten, Nafarroako Itzuliko liderraren maillotarekin. CAJA RURAL
Julen Etxeberria.
2025eko abuztuaren 26a
11:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko txirrindularitzak tropel profesionalean gutxienez beste ordezkari bat izango du datorren denboraldian: Ellande Larronde Sarako (Lapurdi) 18 urteko txirrindularia maila gorenean ariko da. Larrondek hiru sasoirako kontratua sinatu du Caja Rural taldearekin. Beraz, lau urteren ostean, Ipar Euskal Herriko txirrindulari bat ariko da berriz ere profesionaletan. Romain Sicard hazpandarra izan zen azkena, baina hark 2021eko apirilean hartu zuen erretiroa.

Txirrindulari saratarrak urtebete eskas darama Caja Ruralen, eta orain arte bigarren taldean aritu da, 23 urtez azpikoan. Bikain aritu ere, lau garaipen lortu baititu: etapa bat Alicante Interior Challenge lasterketan, beste bat Nafarroako Itzulian —lider izan zen—, eta beste bat La Haute-Bigorreko Itzulian. Azken horretan, gainera, sailkapen nagusian gailendu zen.

Larronde gai da mendi ez oso gogorretan nabarmentzeko, eta oso ondo moldatzen da taldetxoetako esprintetan, azkarra baita. Abila da ordekan eta erlojupekoetan ere. Errepidean ez ezik, pistan ere aritzen da, eta nazioarteko hainbat txapelketetan lehiatu da Frantziako selekzioarekin. Hasi, ordea, mendiko bizikletan hasi zen, duela hiru urte eskas. Errepidean, ordea, bi urte eskas daramatza. Baina nahikoa izan du gorenean tokia egiteko.

«Niretzat gauza handia da jauzi hau egitea. Beti nahi dut gehiago. Ezin da azaldu zer den Caja Ruralekin profesional bilakatzea eta munduko proba onenetan parte hartzea. Gogotsu nago ahalik eta ondoen lehiatzeko», esan du Larrondek.

Gero eta gutxiago

XX. mendearen hasieratik, bi dozena baino gehiago izan dira eliteko txirrindularitzan lehiatu diren ipar euskal herritarrak. 1930eko hamarkadatik 1950ekora, lasterketa handiak irabazi zituzten —Roger Lapebie baionarrak Frantziako Tourra (1937); Paul Maye herrikideak Paris-Roubaix (1945) eta Paris-Tours klasikoak (1941, 1942 eta 1945); Frantziako Tourreko etapak ere irabazi zituzten horiek biek, Sauveur Ducazeuxek eta Marcel Queheillek...—. 1960ko hamarkadaz geroztik, ordea, hagitz murritza izan da profesionaletan debutatu dutenen kopurua.

Thierry Elizalderen debutak hamarkada bat baino gehiagoko hutsunea bukatu zuen 1994an. Euskadi fundazioaren sorrerako taldean aritu zen, bi urtez. Haren ondotik profesionaletarako jauzia eman zuten Philippe Fernandes eta Ramuntxo Garmendia baionarrek, eta Eric Pascal donapaleutarrak. Ibilbide motzak izan zituzten, hagitz talde apaletan; Fernandes 1998 eta 2001 artean aritu zen Portugalgo tropelean, Pascal bezala (2001-2002), eta Garmendia urtebetez Belgikan (2007).

Kalitatezko jauzia Pierre Cazaux donapaleutarrak eta Sicardek egin zuten. Cazauxek 2008an egin zuen debuta Frantziako Roubaix-Lille Metropole talde apalean, eta 2010ean World Tourrerako fitxatu zuen La Française des Jeux taldeak. Baxenabartarrak Sicardekin bat egin zuen 2011n, Euskaltelen. Cazaux bi urtez aritu zen han; talde laranjak ez zion kontratua berritu 2013rako, eta erretiroa hartu zuen.

Hurrengo urtean, berriz, Loic Chetout baionarrak egin zuen debuta profesionaletan, Cofidisekin. 2019ra arte aritu zen talde horretan, erretiroa hartu zuen arte. Sicardek, berriz, urte eta erdi gehiago iraun zuen, 2021eko apirilean erretiroa hartu zuen arte. Ia hamabi urte egin zituen profesionaletan: lau Euskaltel-Euskadin, eta azken zortziak Europcarren eta Direct Energien.

Emakumezkoetan, berriz, handiagoa da hutsunea, duela 25 urtekoa, hain zuzen. 1990eko urteetan Chantal Gorostegi eta Bernadette Irastorza lapurtarrak goi mailan lehiatu ziren. Gorostegi Frantziako txapeldun izan zen 1994an. Irastorza 1998an erretiratu zen, eta Gorostegi, 2000n.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.