Bi bikote sendoren arteko partida bat espero zen gaur Astelena pilotalekuan, gogorra eta lehiatua. Hori kontuan hartuta, Eguberri eguneko bazkariaz ase geratu eta gero, pilotazaleak norgehiagoka on batekin gozatzeko gogoz joan dira Eibarko frontoira (Gipuzkoa). Baina ez da halakorik izan. Elordi eta Zabaleta 22-6 gailendu dira Artolaren eta Imazen kontra. Olentzeroren opariak jasotzeko eguna zen gaur, eta Aspeko bikoteak ederki baliatu ditu Baikokoak egindako hutsak.
Artola eta Imaz nahi eta ezin aritu dira, sendotasunik gabe. Behartu gabeko huts ugari egin dituzte. Elordik eta Zabaletak, berriz, azken partidak utzi zien aho zapore txarra kendu ahal izan dute. Aurrelariak zortzi tanto egin ditu, horietako batzuk nahiko ederrak. Atzelaria, berriz, sendo aritu da, eta pilota jotzeko ohikoa duen ahalmena berreskuratu du zenbaitetan. Hala, Elordik eta Zabaletak laugarren puntuan eskuratu dute; Artola eta Imaz, berriz, hirurekin geratu dira.
Nagusitasunez irabazi arren, Elordik eta Zabaletak ez dute ondo hasi norgehiagoka. Aurrelariak bi pilota galdu ditu, eta Artola eta Imaz 2-0 jarri dira aurretik. Elordik, ordea, berehala konpondu ditu bi huts horiek, hurrengo bi tantoak hark egin baititu. Lehen tantoa egin eta gero, Aspeko bikoteak pilota aldatu du, eta hor egon da neurketako gakoetako bat. Atera duten pilota gehiago ibiltzen zen lurrean, bote handiagoa zuen, eta eskuan ondo sartu beharra zegoen ongi jotzeko. Haien asmoa argia zen: atzean jokatzea, Zabaletaren nagusitasuna baliatuz. Nagusitasun horri Elordik atera dio etekina aurrean. Hark jarri dio distira apur bat partidari, harenak izan baitira tantorik politenak, eta pilotazaleek gehien txalotu dituztenak.
Ezustean, Artola eta Imaz behera egiten hasi dira. Bikote sendoa izan ohi da, baina gaur bigun jardun dute, kontrakarrean. 8-2 atzetik zeudela ikusita, aurkarien bolada ona hausteko asmoz, etena eskatu dute. Baina horrek ez du partida aldatu. Izan ere, hurrengo hiru tantoak ere Elordik eta Zabaletak egin dituzte. Bizkor zihoan partida. Hamalau minutuan lan erdiak eginak zituzten garaileek: 11-2. Ederrak izan dira 10. tantoa eta 11.a. Biak Elordik egin ditu. Lehena hirugarren koadrotik pilota zabalera bidalita egin du; bestea, berriz, gantxoz pilota Artolaren eta Imazen artean zegoen tartera bidalita. Ez bata, ez bestea ezin izan dira pilotara ailegatu.
Bide berean
Elordik eta Zabaletak hamahiru tanto egin dituzte segidan azkenerako. Artolaren tanto batek eten du bolada. Txokora bidalitako pilota bati esker lortu du: 13-3. Baina ordurako aldea oso handia zen. Puntua lortzeko aukera apurren bat izateko, segidan hainbat tanto egin behar zituzten galtzaileek. Eta ez da halakorik gertatu. 16-4koarekin, Elordik eta Zabaletak ordu arteko alderik handiena lortu dute: hamabi tantokoa.
Artolaren eta Imazen ezina gero eta handiagoa izan da, eta aurrelaria saiatu da jokoan gehiago sartzen, baina aparteko ondoriorik gabe. Bi tanto gehiago baino ez dituzte egin. Partidako azken bi tantoek, Elordiren eta Zabaletaren 21.ak nahiz 22.ak, ondo baino hobeto laburbiltzen dute gaur gertatukoa. Aurrena Elordik bikain amaitu du txokoan tantoa; ondoren, berriz, Imazek txaparen azpira bidali du pilota erraz bat. Partidak 39 minutu baino ez du iraun, eta 222 pilotakada jo dituzte.
Bihar jokatuko da seigarren jardunaldiko bigarren norgehiagoka. Barañainen izango da, Nafarroan. Peio Etxeberria eta Rezusta txapelketako lehen garaipena lortzen saiatuko dira han, Larrazabalen eta Mariezkurrena II.aren kontra (22:00, ETB1). Eta horiek laugarrena eskuratzen ahaleginduko dira.