Haserre daude, minduta, ezinegona gorputzean. Gauza bat baino ez dute nahi: haien ahotsa entzuna izatea eta egoera konpontzea. Duela urte batzuk hasi zen tirabira, baina Donostiako Onditz triatloian egin du eztanda. Halaxe idatzi zuen sare sozialetan Ioana Arbillaga triatletak: «Hainbat eta hainbat Onditz triatloitan lehiatu naiz azken urteetan, baina ez dut sekula aurtengoa bezain edizio edo antolakuntza kaskarrik ezagutu. Emakumeak guztiz baztertzeaz gain, arriskuan jarri duzue gure osasuna. Gizonezkoen atzetik ateratzean, lehen postuetan zihoazen emakumeek oztopoak besterik ez dituzte izan haiek aurreratzeko, igeriketatik hasita. [...]. Egoera hori ikusita, eta, bestelako erabakirik hartu ezean, emakumeon partaidetzak behera egingo du, baina pentsatzen dut horrek ez duela axola, ezta?».
Ikusi gehiago
Ez da beroaldiko amorrualdi bat. Ezta norbanako batena ere. Kolektiboa da haserrealdia. Eta emakume askoren nahigabearen isla da. Aurtengo aldian, aurrenekoz, gizonezkoak emakumeen aurretik atera dira distantzia olinpikoko lasterketa horretan, bost minutuko tartea utzita. Hau da, federatutako eta federatu gabeko 358 mutil aurretik, eta 80 neska gero. Emaitza: kaosa. Aurreratzeko zailtasunak, arau hausteak, errespetu faltak, ikusezintasuna, min hartzeko arriskua... Orain arteko 37 alditan ez dute halakorik bizi, baina, azkenengoan, irteera ordena aldatuta, ez da ordenarik izan. Justu kontrakoa.
Atletico San Sebastian klubak antolatzen du Onditz triatloia, baina ezinbestean irten ziren gizonezkoak aurretik, Euskadiko Triatloi Federazioak hala exijituta. Bestela egutegitik kanpo utziko zutela eta epailerik ez zutela bidaliko esan zien antolatzaileei. Azkenean, klubak men egin zuen. «Klubean hogei urte daramatzagu aurrena emakumezkoak eta gero gizonezkoak irteten, eta inoiz ez da ezer pasatu. Federaziokoek esan ziguten hobeto zela aldatzea, arriskuagatik», azaldu du Ismene Mendizabal Atletico San Sebastian klubeko komunikazio eta marketin arduradunak. Donostiakoa, ordea, ez da kasu bakana. Hori da azken urteetako joera, eta triatloi gehienetan eusten zaio molde horri: aurrena gizonezkoak, eta gero emakumezkoak.
«Klubean hogei urte daramatzagu aurrena emakumezkoak eta gero gizonezkoak irteten, eta inoiz ez da ezer pasatu. Federaziokoek esan ziguten hobeto zela aldatzea, arriskuagatik»
ISMENE MENDIZABALAtletico San Sebastian klubeko komunikazio eta marketin arduraduna
«Arriskua eta Espainiako Triatloi Federazioaren araudia». Argudio horietan oinarritzen da Euskadiko Triatloi Federazioa parte hartzaileen irteera ordena erabakitzeko orduan. Araudia, baina, ez da zurruna, anbiguo samarra da. Azken urteetakoak, eta 2024koak, honela dio: «Gizonak emakumeak baino lehenago irtengo dira». Hala ere, ez da derrigorrezkoa. Azken hitza delegatu teknikoak du, betiere zergatia justifikatzen badu. Hori egin dute, esaterako, Zarauzko triatloian, Zuia duatloian eta Epic triatloian. Horietan, emakumezkoak aurretik atera izan dira. 2025ean, berriz, moldaketa bat egin dute araudian: «Ahal izanez gero, gizonak emakumeak baino lehenago irtengo dira».
Azken sei urteetan aritu da euskal federazioa araudi hori hain zorrotz bete asmotan. Aurretik, emakumeak lehenago irten ohi ziren, eta ez zegoen arazorik. Ezta kexarik ere.
Baina badago beste kontu bat, garrantzitsua: euskal triatloiaren nolakotasuna. Hor egin du azpimarra Jon Marquet Gipuzkoako Triatloi Federazioko presidenteak, eta araudi propio bat izatearen beharra nabarmendu du: «Euskadikoak Espainiako Triatloi Federazioaren araudira mugatzen dira, baina aspalditik eta askotan esan izan diet euskal araudi bat behar dugula. Zergatik? Bada, adibidez, Espainian ez daudelako hemen bezalako lasterketak; han ia denak adin tarteka edo hainbat irteeratan banatuta daude; hemen ez. Guk zer triatloi dugu? Hau. Ba, egin dezagun araudi bat gure probetara egokitzen dena. Ez dugu Espainiako araudi osoa aldatu behar, baina bai egin gure errealitatearekin bat datorren bat. Hemen ez dago elite irteerarik, ezta adin taldetakorik ere. Bi irteera daude».
Hor dago koxka. Oraingoz, baina, Euskadiko Federazioak entzungor egin dio eskaera horri. «Ez dute araudi propioa sortzeko borondaterik, ez dute nahi. Zergatik? Ez dakit, ez dut ulertzen. Gutxi gorabehera dena asmatuta dago, baina kontuan izanda euskal triatloia horrela egiten dugula, erabaki ditzagun guk puntu horiek. Gipuzkoan hori egin genuen, eta asanbladak onartuta dauka. Kontua da gero Euskadikoa etorri eta ez digula aplikatzen uzten».
Onditzeko kasua hartu du adibidetzat: «Derrigortu gintuzten, eta zera galdetu nien: 'ba, orduan nola egingo dugu irteera?' Hau esan ziguten: 'nahi bezala'. Esan nuen: 'derrigorrezkoa da gizonezkoak lehenago ateratzea, ezta? Ba, federatutako mutilak lehenago, federatutako neskak gero, eta open lasterketa amaieran. Agian hiru minutuko tartea utzita, baina, behintzat, blokeka'. Ezetz esan zidaten».
Irmo hitz egin du: «Okerrago egitea ezinezkoa da. Eta, gainera, nahita. Kontuan izanda zer gerta zitekeen, ez zen ezer larririk gertatu». Burugogorkeria eta inposaketa aipatu ditu Marquetek. «Araudia betearazi behar dela esan zuten. Eta, gero, ezin izan dute betearazi, mila arau urratu dituztelako».
«Aurrenekoek ezin zuten aurreratu. Ezin zuten lasterketan behar bezala aritu, mutil mordoxka zituzten alboan. Eskuinetik joateko esaten nien, neskek aurreratu zitzaten, baina ezinezkoa zen»
PAQUI LOPEZGipuzkoako Triatloi Federazioko presidenteordea eta ofizialen ordezkaria
Arazoak izan ziren bai aurrean bai atzean: hainbat emakumek gizon ugari harrapatu eta aurreratu behar izan zituzten, eta oztopo ugari izan zituzten aurrera egiteko. Pilaketak izan ziren, haserrealdiak, eta kaosa. Atzean, berriz, ikusezin geratu ziren zenbait neska, lehiaketatik kanpo.
«Gustatuko litzaidake erditik atzera zetozenei galdetzea ea nola sentitu ziren. Tristea da lasterketa bakarrik egitea. Kasik zirkuitua desmuntatzen ari dira. Aldiz, aurrean gertatutakoa, entzun eta ikusi nuen, bizi egin nuen. Nahaste-borrastea izan zen», azaldu du Paqui Lopez Gipuzkoako Federazioko presidenteorde eta ofizialen ordezkariak. Epaile aritu zen Onditzen. «Aurrenekoek ezin zuten aurreratu. Ezin zuten lasterketan behar bezala aritu, mutil mordoxka zituzten alboan. Eskuinetik joateko esaten nien, neskek aurreratu zitzaten, baina ezinezkoa zen».
Eta honako hau gaineratu du: «Epaile gisa —triatleta ere izandakoa naiz—, hauxe diot: orain arte ondo joan bada, zergatik aldatu? Niretzat, epaile moduan, errazagoa da neskak aurretik ateratzea. Nire kideak ulertzen ditut, goikoek esandakoa betetzen dute. Bete egin behar duzu, bestela, zerbait gertatuz gero, zure ardura da. Zer egingo duzu? Epaileak Euskadiko Federazioaren menpe daude, guk ezin dugu ezer egin».
Ez da bakarra
Donostiakoan ez ezik, Getarian gertatutakoa ere oroitu du Marquetek: «Jon Alegria epaileen kolegioan zegoen neskak aurretik ateratzea proposatu zenean. 2004 inguruan ezarri zituen emakumeak aurretik ateratzeko irizpide egokiak. Kalkulatuta zuen dena, eta, aurtengorako, zera zihoen: nola okurritu zaie hori egitea aztertuta eta konpentsatuta dagoen proba batean? Deitu, eta esan zidan: 'Jon, hau desastre hutsa da, ez dakit nesken lasterketa non dagoen ere'». Azken urteetan triatloi probetako esatari lanetan dabil Alegria; hala zegoen Getariakoan ere.
Egoera deskribatzeko eta ulertzeko, metafora bat erabili du: «Haiek [Euskadiko Federaziokoek] diote elefanteak sagua zapaltzen duela; eta ez dira konturatu saguak elefante artean sartuta denak eztanda egiten duela. Beldurtu, eta saguak zapaltzen ditu. Neskak aurretik ateratzen badira, mutil batzuek neskak aurreratuko dituzte, eta kito. Neskak atzetik ateratzen badira, ordea, igerian aurreratu behar dituzte mutilak, baita bizikletan ere, eta, gainera, tropelean doaz gizon asko».
«Euskadiko Federazioaren esku dago. Harena da ardura, eta jakin behar du egoerari buelta ematen. Orain, araudiak modua ematen dio hori errazago egiteko. Baina tematuta jarraitu nahi badu... Funtzionatzen duen zerbait hankaz gora jarri nahi izan dute»
JON MARQUETGipuzkoako Triatloi Federazioko presidentea
Batetik, arriskua dago; eta, bestetik, errespetua eta ikusgarritasuna. «Dakienak, triatloia ikusten duenak, badaki parte hartzaileak nola atera diren. Baina kasualitatez triatloia ikustera joan denak, zera ikusiko du: 30, 50, 60 mutil iritsi dira, eta orain heldu da aurreneko neska. Lehenbizi mutilak iritsi da, eta orduan hasi da korrika lehenengo neska». Eta zer esanik ez atzean geratzen direnekin.
Marquetek argi du: «Euskadiko Federazioaren esku dago. Harena da ardura, eta jakin behar du egoerari buelta ematen. Orain, araudiak modua ematen dio hori errazago egiteko. Baina tematuta jarraitu nahi badu... Funtzionatzen duen zerbait hankaz gora jarri nahi izan dute».