«Ez dut erraztea nahi: kondizio berak nahi ditut; aurrekoak lehiatu ahal izatea, eta gu eroso sentitzea»

Donostiako Onditz triatloian bizi izan zituztenak kontatu dituzte Malen Arrieta, Adriana Campoy eta Ioana Arbillaga triatletek. Kexu dira, baina ez da soilik haien kontua, ezta kasu bakana ere: «Denak protestan ari badira, zerbait gertatzen da, ezta?».

Malen Arrieta triatleta, zenbait lehiakide alboan dituela. BERRIA
Malen Arrieta triatleta, zenbait lehiakide alboan dituela. BERRIA
Jone Bastida Alzuru.
2025eko uztailaren 30a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

«Zergatik ateratzen gara gizonezkoen atzetik? Guk, kirolari moduan, lehiatu ahal izatea eskatzen dugu, besterik ez». Horixe da emakume triatleta askoren galdera. Hala kontatu diote BERRIAri Malen Arrietak, Adriana Campoyk eta Ioana Arbillagak. Era berean, sakon hausnartu dute triatloiaren egoeraz, emakumeen parte hartzeaz, diskriminazioaz... Beren gorputzetik egin dute aldarri kolektiboa.

«Kontua da lehiatzeko entrenatzen garela, edozein adinetakoak, sexutakoak edo mailatakoak garela; eta lehiatu egin nahi dugu. Gizonezkoen atzetik irtenda, ez gara lehiatzen, ez dugu distira egiten», nabarmendu du Campoyk. Eta Arbillagak segitu du: «Ez dugu ikusgaitasunik. Gogorragoa da, bai aurrean doazenentzat, bai atzean doazenentzat; bakartiagoa da, azken finean. Eta azken harria izan da federatu gabeko mutilen atzetik irtetea».

Erabaki horren ondorioak zerrendatu dituzte: min hartzeko arriskua, ikusezintasuna, nesken parte hartzeak behera egitea... «Oñatiko duatloian hamalau neska atera ziren, hamalau —eta 88 gizon—. Ni igeriketan moldatzen naiz okerren, baina duatloi horretan ez naiz aterako, tokiz kanpo sentitzen naizelako», azaldu du Arbillagak. Eta hori da, haren ustez, martxa honetan triatloiak duen patua: «Ez dira neska gehiago animatuko. Zerbait egiten ez bada eta hau okerrera badoa, geroz eta emakume gutxiago egongo dira».

«Kontua da lehiatzeko entrenatzen garela, edozein adinetakoak, sexutakoak edo mailatakoak garela; eta lehiatu egin nahi dugu. Gizonezkoen atzetik irtenda, ez gara lehiatzen, ez dugu distira egiten»

ADRIANA CAMPOYTriatleta

Arriskua minimizatzeko irteten omen dira gizonezkoak aurretik, baina zera ohartarazi dute: «Neskak aurretik jartzen badituzu, arrisku hori ez da existitzen. Zenbat neska erori izan dira? Eta zenbat neska pasatu behar dituzte? Gehienetan hamabost, hogei, 25... gehiago ez. Eta neskek, askotan, ehun baino gehiago aurreratu behar dituzte. Eta 60 badira ere». Han-hemenka aritu dira batarekin eta bestearekin hitz egiten, eta triatleta askok sentitzen dute gauza bera.

Irmo esan du Arbillagak: «Nire ustez, neskek beti aurretik atera behar dute. Galdera litzateke zenbateko tartea utzita. Ez dut ikusten argumentu bat neskak atzetik atzeratzeko. Guk kirola egin nahi dugu, lehiatu, eta emakume popular gehiago egotea. Eta guztiok ondo egotea; haiek eta gu; gizonezkoak eta emakumezkoak».

Azkenean, eztanda

Donostiako Onditz triatloian gertatutakoa azaldu dute triatletek, eta beren bizipenak plazaratu. Aurrenekoz, emakumeak gizonezkoak baino bost minutu geroago atera ziren, federatuak eta federatu gabeak aintzat hartu gabe, eta, espero zitekeen bezala, nahaspilatsua izan zen. Horren ostean lehertu dira kirolariak, baina Getarian (Gipuzkoa), Lekeition (Bizkaia), Legution (Araba) eta beste lasterketa batzuetan ere izan dituzte antzeko bizipenak, baita aurrez ere.

Donostian gertatutakoa kontatzean, halaxe esan du, zorrotz, Arrietak: «Ni aurtengoan askoz gutxiago sentitu naiz lehian iazkoan baino. Eta iaz seigarren amaitu nuen, eta aurten, laugarren. Banekien laugarren nindoala nire familiakoak hor zeudelako eta kontatzen zidatelako». Argi dute ezin direla parte hartzaile guztiak elkarrekin atera, ez delako segurua eta bideragarria. Baina zera gehitu du Saltoki Trikideak taldeko kideak: «Niretzat, Onditzekoa denok batera ateratzea bezala izan zen».

«Aurtengoan askoz gutxiago sentitu naiz lehian iazkoan baino. Eta iaz seigarren amaitu nuen, eta aurten, laugarren»

MALEN ARRIETATriatleta

Ekin orduko hasi ziren arazoekin; igerian, alegia: «Buian buelta eman, burua altxatu, eta esan nuen: zer?», bota du Campoyk, eta Arrietak jarraitu: «Ezinezkoa zen ondo irtetea. Neskak igeri egitera atera ginen mutilek oraindik ez zutenean lehen buia pasatu. Mutilen artean sartu, eta ez zenekien bakarrik zindoazen, lehena, azkena, taldean...». Kontrara, galdera egin du: «Neskak aurretik atera eta hamabost minutuko tartea utzita, zenbat emakume aurreratuko lituzkete?». Eta erantzun: «Bat edo beste bakarrik».

Halaber, lasterketaren buruan doazen mutilek bananduta daudela pasatzen dituzte neskak, eta lehen emakumeek, berriz, artaldearekin egiten dute topo: «Ez da iguala bat aurreratzea edo 25 batera».

Jarraian, bizikletan ere, «kaosa» izan zen nagusi: «Ezin genuen araudia bete, ezin genuen drafting ez egiteko distantzia mantendu. Ez guk, ez mutilek», esan du Arrietak. Lehen postuetan joanda, gizonezko asko aurreratzeko zailtasunak izan zituela azaldu du. «Ulertzen dut haiek ere beren lasterketa egiten ari zirela, baina... Ordenatzeko eskatzen genien, eta ez ziren gai. Taldean zihoazen, bi-hiruko ilaran, eta ezin genituen pasatu. Eta kontrako noranzkoan autoak zetozen. Mokokaldia izan genuen hor; ezin ginen lehiatu».

Campoyk kontatu du panorama ikusita lehiatzeari uko egin ziola. «Lotsagarria iruditu zitzaidan: igotzen pasatu eta gero gurpilean jarri? Ez, hori ezin da egin. Arauak jakin behar dira». Uste dute askotan mutilen egoari eragin egiten diola neska batek aurreratzeak, eta, beraz, maiz teman segitzen dutela, ez utzita.

«Guk kirola egin nahi dugu, lehiatu, eta emakume popular gehiago egotea. Eta guztiok ondo egotea; haiek eta gu; gizonezkoak eta emakumezkoak»

IOANA ARBILLAGATriatleta

Lekeition bizi izandakoa kontatu du Arrietak: «Neskak hamabost minutu geroago atera ginen, eta harrapatutako mutil bat bizikletan erreleboka hasi zitzaidan. 'Hamabost minutu kendu dizkizut; agian utzidazu pasatzen, ez?'». Eta zera gogoratu du Arbillagak: «Getarian lehen neskak helmugan ez zuen zinta ere izan».

Ondorioa, hauxe: kexu dira emakume triatleta guztiak, lasterketaren aurrealdean nahiz atzealdean ibiltzen direnak. «Denak protestan ari badira, zerbait gertatzen da, ezta? Arazoa sortu da gu atzetik jarri gaituztenean; ordura arte, ez zegoen problemarik». Ados dira denak.

Arbillagak itxi du eztabaida: «Ez dut erraztea nahi: baldintza berak nahi ditut; aurrekoak lehiatu ahal izatea, eta gu eroso sentitzea». Beren eskaerei jaramon egitea nahi dute, besterik ez. Eta egoera onbideratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.