Gizonezkoen Giroa amaitzeko hiru etapa falta dira, eta bihar hasiko da emakumezkoena. Hala, bi egunez bat egingo dute egutegian. Hori da aurtengo lasterketaren berritasunetako bat, aurreratu egin baitute: orain arte uztailean jokatzen zen. Lehen aldiz, biek bat egingo dute. Bada beste aldaketarik ere, lasterketak iaz baino etapa bat gehiago izango baitu, denera bederatzi. Cesenaticotik abiatuko da, Marco Pantani zenaren jaioterritik, eta Saluzzon bukatu. Txirrindulariek 1.153,7 kilometro egin beharko dituzte, eta 12.500 metroko desnibel metatua gainditu. Irteera arrastoan izango da iazko garailea: Elisa Longo Borghini (UAE). Euskal Herriko taldeen eta txirrindularien parte hartzeari dagokionez, Laboral Kutxa eta Movistar bertan izango dira. Laboral Kutxak izango duen zazpiko multzoan izango da Naia Amondarain.Â
Bederatzi etapen artean lau izango dira menditsuak. Ekainaren 2an, asteartean, kronoigoera bat izango dute, Belluno eta Nevegal artean. Laugarren etapa izango da, eta guztira 12,7 kilometro egin beharko dituzte ziklistek, %6,4ko pendizarekin. Tarte txiki batean desnibela %14koa izango da. Hor izango dute faboritoek aldeak ezartzen hasteko aukera. Biharamunean beste etapa gogor bati aurre egin beharko diote, Longarone eta Stefano di Cadore artean: 146 kilometro. San Nicolo di Comelico mendatea igoko dute tartean. Mendate horrek lau kilometro ditu, eta %9,1eko desnibela. Helmugara iristeko hamabi kilometro falta direla egingo dute igoera.Â
Dena den, ezusterik ezean azken bi etapetan erabakiko da nor izango den garailea. Txirrindulariek jada nekea nabarituko dute hanketan, eta etapa gogorrak izango dituzte aurretik. Zortzigarrenean, Finestre igoko dute lehenbizi, eta Sestrieren bukatu (16,2 km eta %3,8ko pendiza). Azkena toki berean hasi eta bukatuko da: Saluzzon. Eguneko mendaterik gogorrena San VIcenzo izango da (8,9 km eta %9,4ko pendiza).Â
Azken bi denboraldietan Longo Borghini izan da lasterketako garailea, eta, oraingoan ere, hura da podiumaren goialdean amaitzeko faborito nagusia. Baina badira italiarra estu hartzeko ahala duten txirrindulariak ere. Hauek nabarmendu behar dira: Marlen Reusser (Movistar), Sarah Gigante (Soudal) eta Demi Vollering (FDJ). Eskarmentu handiko txirrindulariak ere badaude: Anna van der Breggen (SD Worx) eta Kasia Niewiadoma (Canyon). Van der Breggenek lau aldiz irabazi du lasterketa: 2015ean, 2017an, 2020an eta 2021ean.Â
Amondarain da irteeran izango den euskal txirrindulari bakarra. Espainiako Vueltan eta Euskal Herriko Itzulian parte hartu eta gero, Usoa Ostolazari atsedena eman diote. Frantziako Tourra izango da haren hurrengo helburu nagusia. Movistarrek ere ez du zerrendan sartu Paula Ostiz. Nafarrak lehen denboraldia du gorenean, eta, min hartuta egon eta gero, aste gutxi batzuk daramatza lehian.Â