Ohiko harrera instituzionalik ez diote egin Realari Espainiako Kopa irabazi eta gero. Horren ordez, atzo, Zubietan izan ziren Eneko Goia Donostiako alkatea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Harkaitz Millan Kiroletako foru diputatua. Haien arabera, donostiar eta gipuzkoar guztien izenean zoriondu nahi zituzten Realeko kideak: «Zuetaz oso harro gaude, %100 ordezkatzen dituzue Gipuzkoaren balioak».
Olanok Realak azken urteetan egindako «bide gogorra» goraipatu zuen, eta azpimarratu zuen eskuratutako titulua ez dela kasualitatea: «Bigarren Mailatik Kopako garaipenera arte, Realak kasta duela erakutsi du, ondo egindako lanari bere balioa ematen dakiela». Nabarmendu zuen, halaber, Jokin Aperribai presidente denetik lanean jardun den lantaldeari esker sendotu dela Realaren proiektua.
Gipuzkoako ahaldun nagusiak uste du Kopakoa ez dela Realak gaur egun duen jokalari taldeak lortuko duen azken emaitza arrakastatsua: «Talde gaztea da, bide luzea duena aurretik. Jokalariei esan diet kontuan izan dezatela une gozo honetan gizartearen aurrean duten erantzukizuna ere». Pandemia aipatu zuen Olanok, eta esan jokalariek erreferentzialtasun handia dutela «gipuzkoarrik gazteenen artean».
Goiak, berriz, eskerrak eman zizkion Realari «Donostia pozez betetzeagatik», eta aipamena egin zion harrera ofiziala ezin egin ahal izateari: «Gustatuko litzaiguke Alderdi Ederreko balkoia ireki ahal izatea, hiri osoarekin merezi duen bezala ospatzeko». Ez du baztertu, ordea, aurrerago ospakizunen bat egiteko aukera.