Baskonia

Energia eta oldarkortasuna

Joan Peñarroya da Baskonia eraberrituaren gidaria. Azken urteetan emaitza bikainak eskuratuta, lehenengoz arituko da Euroligako talde batean. Ostiralean egingo du debuta ligan.

MIGUEL ANGEL POLO / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun

Uda mugitua izan da Cazoo Baskoniaren bulegoetan. Baina uda atzean utzi, eta ostiralean hasiko da benetako lehiaketa. Joan Peñarroya da prestatzaile berria, eta Gerard Solek (Solsona, Herrialde Katalanak, 1990) argi dauka irteerek «min handia» egin duten arren «jokalarien onena» ateratzeko gai den entrenatzailea dela. Andorran, Manresan, Burgosen eta Valentzian egindako lanaren ondoren, Euroligan aurreneko esperientzia izango du Gasteizen. Soleren iritziz «hazten» ari den entrenatzailea da, eta «hazten ari diren jokalarientzat» egokia. «Baskoniaren filosofiarekin bat dator», adierazi du.

Horretaz gain, «konfiantza» ematen die jokalari guztiei. Solek dio jokalariak «oso gustura» egon ohi direla harekin, «talde bat baino gehiago» sortzen baitu. Espainiako selekzioarekin joka dezaketen jokalariak dira entrenatzaile berriaren konfiantza gehien sumatuko dutenak. «Astean zehar lan egiten dutenek beti jokatzen dute asteburuan», ohartarazi du.

Jokalarien inguruan hitz egitean, Solek argi dauka: «Ez da duela bost urteko Baskonia, baina hala ere, jokalari interesgarriak dauzka». Peñarroyak «perimetrotik» eraiki nahi izaten du jokoa, eta horretarako «oso garrantzitsua» izango da Darius Thompson, antolatzaile berria. Aurreneko urtea izango du Euroligan, baina Soleren iritziz «piezarik fidagarriena» da. «Europan eskarmentua du».

Era berean, Daulton Hommesek eta Markus Howardek taldearen ardura hartu beharko dute erasoan. Solek argi dauka Howard Baskoniaren «beste apustu bat» dela: «Defentsan sufritu badezake ere, erasorako gaitasun bikainak ditu». Hommes hegal pibot postuan aritzen da, eta Peñarroyak gustuko duen jokalari mota da: eskumutur finekoa. Blokeoetatik irtenda jaurtitzaile zitala da: «Baina ez da hori bakarrik. Gaitasun atletiko handia dauka, eta oso protagonista izango da».

Hala ere, taldeak gabezia garrantzitsuak ditu. Simone Fontecchio zen sasoi honetarako izar nagusia, baina inork espero ez zuenean egin du alde NBAra. Peñarroyak argi utzi du jokalari bat falta zaiela oraindik, eta, Soleren ustetan, taldearen jokoan «garrantzi handia» izan beharko luke etortzen denak.

Solek ondo ezagutzen ditu AEBetako merkatuaren nondik norakoak, eta iritzi garbia dauka: «Orain arte ez badute gustuko ezer aurkitu, hobe da urriaren erdialdera arte itxarotea». Entrenatzaileak antolatzaile eta eskolta postuetan jokatu dezakeen norbait nahi du, baina, Soleren iritziz, Baskoniak ez dio aterik itxiko perimetroko edozein postutan jokatu dezakeen inori. «Ziurrenik, NBAko training camp-etan dauden jokalariekin zer gertatzen den argitzen den arte itxarongo dute», ohartarazi du.

Haren iritziz, «esperientzia eta zentimetro falta» dira arabarren gabezia nagusiak. Biak ala biak «oso garesti» ordaintzen dira gaur egun: «Baina Baskonia aditua da merkatu berriak zabaltzen». Barruko jokoan asko sufritu zuten gasteiztarrek aurreko saoian, eta Maik Kotsar ekarri dute Steven Enochekin bikotea osatzeko. «Jokaldiak sortzea baino gehiago, besteek sortutakoa bukatzea izango da bien lana», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.