Epaileak dauka azken hitza

Amaitu da Urdaibaiko arraunlarien ustezko dopin sarea ikertu duen 'Estrobo auzia'.Defentsak dio frogarik ez dagoela, eta fiskaltzak zantzuak lotzeko eskatu dio epaileari

Patricia Milagros Martin Orue auziko epailea, bi aldeen argudioak entzuten, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2015eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Fiskaltzak zigor eskaera mantendu du sei akusaturentzat, eta beste hiru errugabetzat jo ditu, froga faltagatik. Epaileari eskatu dio zantzuak lotu eta horiei kasu egiteko: «Argi dago dopatzeko substantziak erabili zituztela; bestela zertarako nahi zituen taldeak hainbeste medikamentu eta xiringa?». Urdaibaiko arraunlarien ustezko dopin auziaren azken saioa egin zuten atzo, eta akusazioak eta defentsak euren ondorioak aurkeztu zituzten.

Fiskaltzak errugabetzat jo ditu prozesuan inplikatutako bi farmazialari, Urdaibaiko entrenatzailearen emaztea eta Kordobako (Espainia) polizia bat. Bestalde, erruduntzat jo ditu Josu Zabalondo Urdaibaiko orduko presidentea, Jose Manuel Francisco entrenatzailea, Marcos Maynar medikua eta Arantza Ormaza erizaina. Bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigor eskaera mantendu du bakoitzarentzat. Borja Garai medikuarentzat zigor eskaera txikiagoa egin du: urtebetekoa. Garai «erabili» egin zutela uste du fiskaltzak: «Drogen kontu hauetan beti egoten da aurpegia ateratzen duen jendea, alde batetik; eta ezkutuan dena antolatzen duen jendea, bestetik». Arraunlariak zainetatik ziztatu izana onartu zuen Garaik epaiketaren lehen saioan. Teresa Mesari ere zigor murritzagoa jartzea eskatu du fiskalak: sei hilabeteko espetxe zigorra, alegia. EPO eta Aranex paketeak Bermeora (Bizkaia) bidali izana onartu zuen Mesak bere deklarazioan.

Fiskaltzak osasun publikoaren aurkako delitua egon zela adierazi zuen atzoko saioan, ustez «arraunlarien errendimendua hobetzeko asmoz debekatutako substantzia kaltegarriak» erabili zituelako klubak 2010. urtean. Gainera, arraunlarietako inork ez zeukan substantzia horien erabilera terapeutikorako baimenik. Kirolariei eman zitzaizkien medikamentuen kontrola egiteko klubak erregistro liburu bat eduki ez izana ere oso larritzat jo du fiskalak: «Osasun publikoa batere axola ez zaien seinale».

Urdaibai taldeak datuak ezkutatu zituela ere argudiatu du fiskalak. Baita beronen presidenteak «berariazko ezjakintasun» jarrera izan zuela ikertu zaionean ere, jaso zituen paketeetan zer zegoen ez dakiela esatean. Modu berean, Zabalondo presidentearen, Francisco entrenatzailearen eta Maynar medikuaren arteko harremana begien bistakoa zela azpimarratu du. «Zabalondok pakete horiek ordaintzeko Maynarri egindako diru transferentziak hor daude. Eta Zabalondok entrenatzaileari ematen zizkion gero pakete horiek». Arraunlarien deklarazioetan kontrakotasunak egon direla ere esan zuen. Haren ustez, «inondik inora» ez da posible 23 arraunlarik zer ziztatzen zitzaien ez jakitea.

«Zantzuak ez dira nahiko»

Guztiz kontrakoa izan da defentsaren ondorioa. Froga nahikorik ez dagoela nabarmendu dute: «Ez dago zehazterik pakete horietan zer zegoen, zer ziztatzen zen, zein dositan eta zenbat arraunlariri. Beraz, ezin da baieztatu horien osasunarentzat arriskurik egon zenik». Era berean, defentsako abokatuekesan dutenez, ez dago frogatzerik kirolarien errendimendua substantzia horiei esker hobetu zenik. «Eta zantzuak izatea ez da nahikoa».

Hori dela eta, Zabalondo, Francisco, Maynar eta Ormazaren absoluzioa eskatu dute euren abokatuek. Ormazaren kasuan, gainera, lan inhabilitazioa egongo balitz, kirol medikuntzaren arloan bakarrik izan dadila eskatu dute. Orain, epailearen esku gelditu da gertatutakoa argitzeko ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.