Erakusleihotik itzalera

Javier Erasok eta Gorka Elustondok garrantzi handia izan zuten abuztuan, baina itzalean utzi dituzte min hartuta egon ondoren osatu diren jokalariek eta Raul Garciaren fitxaketak.

Javi Eraso, Ernesto Valverde eta Gorka Elustondo, denboraldi-aurreko lehen entrenamendua hasi aurretik. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2015eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Futbol taldeetan ez dago lekurik jokalari guztientzat. Entrenatzaile gehienek postu bakoitzeko bi jokalari izatea eskatzen diote zuzendaritzari, eta agintariak aulkiko nagusiaren nahia betetzen ahalegintzen dira. Lesioek, nekeak, sasoi eskasak eta beste hainbat arazok baldintza dezakete talde baten ibilbidea, eta gauzak okertzen direnerako aukera bat baino gehiago izatea beharrezkoa da zailtasunei aurre egiteko. Zenbat eta talde indartsuagoa izan, orduan eta aukera gehiago du arrakasta izateko. Baina bi dozenako kuadrilla kudeatzea ez da samurra. Futbolari profesionalak harmailak beteta daudela aritzeko prestatzen dituzte; txiki-txikitatik euren buruan pentsatzen erakusten diete, eta, horrenbestez, jokalarientzat ez da erraza izaten itzalean egotea.

Espero baino gutxiago jokatzen duten futbolariak motibatuta eta premia dagoenerako prest edukitzea da entrenatzaileen lanetako bat. Horretarako egiten dituzte lan saioak, eta, era berean, ezinbestekoa da futbolari bakoitzari merezi duen arreta jartzea; psikologo lana egitea, alegia. Gainerako guztia jokalariaren esku dago. Bada, entrenatzailearen konfiantza berreskuratzeko esperantzarekin entrenatzen dira egunero Lezaman Gorka Elustondo (Beasain, Gipuzkoa, 1987) eta Javi Eraso (Iruñea, 1990). Duela hilabete eskas, taldeko zutabe nagusietako bi ziren. Ezinbestekoak izan ziren Athleticek Superkopa irabazteko eta Europako Ligako bi atarikoak gainditzeko. Baina, orain, garrantzia galdu dute. Nolanahi ere, denboraldia hasi baino ez da egin, eta haien laguntza garrantzitsua izan daiteke gerora. Lana eta pazientzia uztartuz gero izango dute jokatzeko aukera gehiago. Luze gabe, gainera.

Valverde zortekoa da, Elustondo eta Eraso apalak eta finak baitira, arazo gutxi sortzen dutenak. Zelaitik kanpo ez diote buruko minik emango. Pozik daude klub zuri-gorrian, eta taldeak behar duen guztian laguntzeko prest daude, euren rola barneratu baitute. Halaber, jokalariak ere ezin dira kexatu. Valverderen dohain nagusietako bat futbolarien kudeaketa egokia baita. Asko eskatzen du, baina, era berean, ez du inor alboratzen, eta errespetuz jokatzen du guztiekin. Trebea da giro ona sortzen.

Izango dute denbora

Ez bata eta ez bestea ez dira garai gozoa pasatzen ari. Erasok ilusioz gainezka ekin zion bigarren ibilbideari Athleticen. Duela urte bi Lezamako ate guztiak itxi eta Leganeserako bidea hartu zuenean, ez zitzaion burutik pasatzen beste aukera bat emango ziotenik. Baina Ander Herrerak Athletic laga zuenetik, erdilari aurreratuaren postua ezin beteta dabil Valverde. Zenbait arrazoi direla medio, Ricok, Aketxek eta Beñatek ez zuten funtzionatu. Muniain nabarmendu zen, belauneko lesio larriak jokoz kanpo utzi zuen arte. Hortaz, Raul Garciak hamaikagarrenez ezetz esan ostean, Bigarren Mailan nabarmentzen ari zen futbolari baten alde egin zuen Athleticek. Eta apustu ona izan da, Erasok aurrerapausoa eman baitu azken denboraldi bietan. Oldarkorragoa izaten ikasi du, eta gol sena azaleratu du. Ezinbesteko bi ezaugarri dira Athleticen euskarrien aurretik jokatzeko. Lehen egunetik erakutsi du maila, gainera. Estreinakoan bi gol sartu zituen: Inter Bakuren kontra Europako Ligan, hain zuzen. Ordutik, ez du gehiagotan zulatu atea, baina dohain interesgarriak erakutsi ditu. Indartsua da, eta gogor egiten du lan, baina, Josu Urrutiak azken unean Raul Garcia konbentzitu ostean, lekua galdu du hamaikakoan. Orain, profesional on baten itzalean ikasteko aukera dauka. Denborak esango du Lehen Mailako futbolaria den ala ez, baina inork ez du zalantzan jartzen egunerokoan Lezaman jartzen duen ilusioa eta indarra.

Elustondoren kasua ezberdina da. Erakutsia du gorengo mailan joka dezakeela; postu batean baino gehiagotan, gainera. Indartsua da, eta baloia oinetan duenean ez da hankamotza. Halere, oraindik ez ditu erakutsi bere dohain guztiak; eman duena baino gehiago daukala dirudi. Athleticek Anoetako presiotik urrun lasaiago aritzeko aukera eman dio. Hori bai, lehia handia dauka: euskarrirako futbolari on asko ditu Athleticek. San Jose egonkortu egin da antolatzaile lanetan, eta zaleak badaki Iturraspe zer egiteko gai den segida duenean. Postu horretarako hirugarren aukera da Elustondo. Atzean jokatzea, berriz, errazagoa izan daiteke. Laporte ukiezina da. Egun, beti kontzentratuta eta bere maila ematen duen Etxeitak jokatzen du haren alboan, baina Etxeita ez dagoenerako aukera ona izan daiteke Elustondo. Zilinaren kontra sartu zuen golak asko eman zion Athletici, eta aulkitik irtenda ere lagungarria izan daiteke. Itzalean egonda ere, Elustondok eta Erasok ere Athletic hobea egiten laguntzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.