Euskal Herriko Itzulia

Erakustaldia eman eta agintea sendotu du Seixasek

Done Mikel Aralarkoan eraso bortitza jo, eta beste faboritoak aise gainditu ditu frantziarrak Itzuliko bigarren etapan. Hala, ia erabakita utzi du sailkapen nagusiko garaipena. Ion Izagirre bikain aritu da; Mikel Landak, aldiz, eroriko txarra izan du.

Paul Seixas etapa garaipena ospatzen, gaur, Mendukiloko helmugan. VILLAR LOPEZ / EFE
Paul Seixas etapa garaipena ospatzen, gaur, Mendukiloko helmugan. VILLAR LOPEZ / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko apirilaren 7a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bere kirol ibilbide laburreko garaipenik handiena lortu du gaur Paul Seixasek (Decathlon), Mendukiloko kobetan amaitu den etapan. Atzo hegan egin zuen Bilboko erlojupekoan, eta, behin mendien txanda iritsita, erakustaldi gogoangarria eskaini du. Aurkariak erraz asko utzi ditu atzean Done Mikel Aralarkoan —9,5 kilometro eta %7,7ko pendiza—, eta ziztu bizian osatu ditu hortik aurrerako kilometroak. Hortaz, bi egun aski izan ditu maillot horiaren lehia ia erabakita uzteko: gaur minutu eta erdi atera die beste oilarrei, eta sailkapen nagusian ia bi minuturen abantaila du dagoeneko.

Done Mikel Aralarkoa lehen aldiz igo dute Euskal Herriko Itzulian, eta frantziarrak bere zigilua ipini dio: tontorretik zazpi kilometrora abiatu, eta ia bi minutu ondu du Fabio Aruk 2014ko Vueltan ezarritako marka. Seixasek 24 minutu eta 57 segundo behar izan ditu aurtengo Itzuliko mendaterik gogorrena igotzeko. Helmugatik hogei kilometrora zegoen gaina, eta tarte horretan aldea are gehiago handitu du lasterketako liderrak. Zazpi ziklistak osaturiko multzo bat helmugaratu da haren atzetik, Mattias Skjelmose (Lidl) eta Primoz Roglic (Red Bull) buru, 1.25eko atzerapena pilatuta. Haien artean izan da Ion Izagirre (Cofidis); zazpigarren amaitu du etapa. Isaac Del Toro (UAE) makal aritu da, eta zer esanik ez Juan Ayuso (Lidl). Mikel Landa (Soudal) etapa amaitzeko gai izan da, eta asko da hori, eroriko txarra izan baitu azken mendatea jaisten ari zela. 

Helmugan ez bezala, irteeran berandu agertu da Seixas, eta, horren ondorioz, tropelak atzerapenarekin hasi du etapa. Eskarmentu faltak eragindako hutsegitea izan liteke; finean, Itzulian inoiz izan den liderrik gazteena da Seixas. Maillot horia soinean daramanak protokolo bereziak bete behar izaten ditu, eta frantziarrak aste honetan ikastaro trinkoa jasoko du. Izan ere, ez dirudi lehen postutik inork mugiaraziko duenik. Red Bull taldeko bi liderrak ageri dira haren atzetik: Roglicek 1.59ra du lidergoa, eta 2.08ra Florian Lipowitzek (Red Bull). Ion Izagirrek (Cofidis) hamazazpi postu egin du gora, eta zazpigarrena da orain, 2.36ko atzerapenarekin. Podiumaren lehia, bederen, estuagoa izango da, eta ormaiztegiarrak bere hautagaitza aurkeztu du gaur.

Txirrindulariak Iruñetik abiatu dira, 3.300 metroko desnibela zuen ibilbideari aurre egiteko prest. Lau mendate igo behar zituzten guztira, eta hasi berritan topatu dute lehena: Etxauri, bigarren mailakoa —6,7 kilometro eta %6,5—. Joan Bouk (Caja Rural) zakuratu du puntu gehien, eta haren segidan Iker Mintegi (Euskaltel-Euskadi) igaro da tontorretik. Altsasuarrak begiz joa zuen gaurko etapa, etxe ondoko errepideetan nabarmentzeko aukera baitzuen. Bada, ihesaldian sartzeko modua topatu du, beste sei ziklistarekin batera: Bou, Bruno Armirail (Visma), Ethan Hayter (Soudal), Raul Garcia Pierna (Movistar), Frank van den Broek (Picnic) eta Adrian Fajardo (Burgos) izan ditu bidaide.

Tropela Decathlonek gidatu du egunaren parterik handienean. Tira egitea zegokion, lasterketako liderraren taldea izanik, eta ardurari ez dio muzin egin. Kontrara, hortzak zorrotz izan ditu hasieratik, eta kate motzean lotu du lasterketa buruko zazpikotea. Asko jota bi minuturen aldea izan dute iheslariek; hutsaren hurrengoa, kontuan izanik faboritoak su batean ariko zirela etaparen amaieran. Zuarrarrateko gaina —7,2 kilometro eta %4,8— helmugatik 86 kilometrora igaro dute txirrindulariek, eta aurrekoak 1.20ren abantailarekin iritsi dira tontorrera. Fajardok ezin izan dio jarraitu iheskideen erritmoari, eta berriz ere Bouk batu du puntu gehien. Valentziarrak beste horrenbeste egin du Aldatzeko igoeran ere —4,7 kilometro eta %3,9—.

Eroriko batek tartean harrapatu du gero Kevin Vauquelin (Ineos); tropelera fite itzuli da Bilbon bigarren izan zen txirrindularia. Gainontzean, gauzak nahiko bare izan dira azken mendatera bidean. Done Mikel Aralarkora iritsita, ordea, erasoen tenorea iritsi da. Bou, Hayter eta Garcia Pierna aitzineratu egin dira lasterketa buruan, baina berandu gabe aurreratu ditu Seixasek. Frantziarrak tontorretik zazpi kilometrora piztu du sua, eta aurkariek helmugan ikusi dute hurrena. Beste faboritoen artean borroka estua izan da, eta oso ondo aritu dira, besteak beste, Izagirre, Cian Uijtdebroeks (Movistar) eta Alex Baudin (Education). Del Toro, ordea, espero baino apalago aritu da, eta 1.43ko atzerapena izan du helmugan. Ayusok, berriz, 2.29ko galera izan du.

Erne ibiltzeko etapa

Biharko etapak Basaurin izango ditu irteera zein helmuga. Tropela Araban barneratuko den egun bakarra izango da, eta txirrindulariek hiru mendate aurkituko dituzte bidean, hirurak ere etaparen bigarren erdian: Barberilla —5 kilometro eta %6,6—, Bikosgana —8 kilometro eta %4,9— eta Sarasola —2 kilometro eta %5,6—. Horrez gain, igoera labur ugari izango da zerra itxura duen ibilbidean.

Teorian, ez luke alderik egon beharko lasterketako ziklistarik indartsuenen artean, baina, edozein moduz, faboritoek tentuz jokatu beharko dute, eta kokapen ona bermatu. Ihesean dabiltzanek ere hobe dute esna ibili, bai hasierako kilometro gorabeheratsuetan, bai amaierako maldetan, betiere tropelak ez baditu lehenago irensten. Bukaerako kilometroak oso bihurriak dira, eta zirrara handiko lehia ikusiko da ziur aski.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA