Bidasoa eskubaloi taldeko jokalaria

Iñaki Peciña: «Erantzukizun handia sentitzen dut; ezin dut huts egin»

Hamabost urte geroago itzuli da Peciña Irun jaioterrira eta Bidasoara. «Bizitzeko politena falta zitzaidan oraindik hemen». Gaur ekingo diote Europako Ligako ligaxkari, Errumanian, Potaissa Turdaren aurka (18:45, ETB4).

Iñaki Peciña. GORKA RUBIO / FOKU
Iñaki Peciña. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
Irun
2025eko urriaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oinez iritsi da Iñaki Peciña (Irun, Gipuzkoa, 1988) Artalekura. Ezaguna du bidea, baina denbora luzez egon da hura egin gabe, hamabost urtez. «Oso gustura» dabil.    

Zer moduz doa itzulera?

Oso ondo: erraza eta naturala izan da. Udan eta Gabonetan beti etortzen nintzen Irunera, baina, oraingoan, ez dut maleta egin behar izan itzultzeko. Denboraldiaurre hasieran egin zitzaidan bereziki arraroa: hamabost urte pasatu dira, eta, dekoratua berbera izan arren, gauza berri asko daude. Baina azkar eta erraz egokitu naiz: jendeak izugarri lagundu dit. Oso eskertuta nago. Uste dut politena falta zitzaidala oraindik hemen bizitzeko. Iragan bat izan dut Bidasoan, eta orain, beste orain bat idatzi nahi dut.  

Uste baino urte gehiago egin dituzu etxetik kanpo?

Aukera suertatu denean itzuli naiz. Ez zen ezer pasatuko itzuli izan ez banintz, ez zen ezer pasatuko lehenago itzuli izan banintz, eta ez zen ezer pasatuko ez banintz inoiz hemendik joan. Bizitzak erabakiak hartzera behartzen zaitu. Nik 18 urterekin jokatu nuen aurrenekoz Bidasoaren lehen taldean. Urtebete egin nuen Asobal ligan, baina ez nuen ia jokatu, gazteen taldekoa izanik sekulako jauzia baitzegoen. Denboraldi txarra izan zen, eta maila galdu genuen. Gero, hiru urtez jokatu nuen Ohorezko B Mailan, eta izugarri ikasi eta hobetu nuen. Baina noraino irits nintekeen jakin nahi nuen, eta, 2010ean, Torrevellak Asobalen jokatzeko aukera eman zidanean, ez nuen zalantza egin. Gero, bidea eginez joan naiz.

Aldatu egin da kluba?

Bai, asko. Ez du zerikusirik nik ezagutu nuenarekin: gu Ohorezko B Mailan ari ginen, igo ezinik, etxeko eta inguruko jende askorekin, eta diruz nahiko larri. Egun, ordea, Bidasoa Asobalen eta Europan ari da, asmo handiko helburuak ditu, zuzendaritza gazteago bat, eta egitasmoak eta aurrekontuak ez dute zerikusirik gure garaikoekin.

Artaleku aldatu da?

Ez, baina polita da hori. Pista polita da, historikoa. Ni Ohorezko B Mailan aritu nintzenean baino jende gehiago dator, baina hau ez da aldatu: datozenek eskubaloiaz dakite. Irun hiri oso eskubaloizalea da, eta hori igarri egiten da.

37 urte dituzu, eta ia hogei urte daramatzazu gorenean. Zerbait baduzu, eskarmentua duzu. Horregatik fitxatu zaitu Bidasoak.

Denetarik bizi izan dut, eta, zoritxarrez, garai txarrak ere bai: denbora luzez soldatarik ez kobratzea eta jokatzen ari zaren kluba desagertzea. 26 urterekin, Valladoliden nengoela, uztea pentsatu nuen, baina Cesar Montesek deitu ninduen Guadalajarara joateko. Mugarri izan zen, eta gauzak hobetuz joan ziren: urtebete jokatu nuen han, eta beste urtebete Arandan. Handik Logroñora joan nintzen, Txapeldunen Liga jokatzera. Urtebete egin nuen han, eta Frantziara joan nintzen; beti nahi izan nuen han jokatu. Horri esker, Espainiako selekzioarekin jokatzen hasi nintzen.

«Taldeak anbizioa, ilusioa eta gogoa ditu, eta beti aritu gara lehiakor. Lehiakorra bazara, beti duzu aukera irabazteko»

«Garenaren erakusgarri da Iñaki, eta eredu harrobiko jokalari guztientzat». Hori esan dute klubeko arduradunek zuri buruz.

Erantzukizun handia sentitzen dut; ezin dut huts egin. Badakit klubak aurreikuspen handiak dituela, taldea gero eta hobeto ari baita. Ezin nuen etorri konplitzera bakarrik. Ezin nuen hori egin neure buruarengatik, klubarengatik, taldekideengatik eta zaleengatik. Ez dakit zenbat gehiago jokatuko dudan, baina ez nion neure buruari barkatuko barruan dudan guztia eman ez izana. Oso exijentea naiz neure buruarekin. Fisikoki eta psikologikoki indartsu sentitu ez banintz, ez nintzen etorriko. Baina indartsu nago, eta gogotsu taldearekin gauzak egiteko.

«Berehala laguntzeko» fitxatu zaituzte.

Urte asko daramat jokatzen, eta uste dut hasieratik lagundu diodala taldeari. Argi nuen ez nentorrela aurkezpen txartelarekin, eta hasiera-hasieratik egin beharko nuela tokia. Talde oso ona dugu. 

Zazpi partidetatik sei irabazi dituzue, eta bat berdindu. Horrek dena erraztu du?

Bai. Oso ondo ari gara. Puntu bakarrak egin digu ihes, Ademarren aurka, gogor lehiatu eta gero. Taldekideek diotenez, iaz lortu ez zituzten puntu batzuk ditugu jada. Baina hau hasi baino ez da egin, eta berehala oker daiteke, edo orain arte bezain ondo jarraitu. 

Zertan aritu zarete ondoen?

Taldeak anbizioa, ilusioa eta gogoa du, eta beti aritu gara lehiakor. Eta lehiakorra bazara, beti duzu aukera irabazteko. Beti dago zer hobetua, baina garrantzitsuena da ez dagoela lasaitzerik; bolada onean zaudenean, pentsa dezakezu dena eginda dagoela, baina goi mailako kirolean, bizitzan bezala, ez dago ezer eginda, eta lanean jarraitu behar duzu. Hemen inor ez da bestea baino hobea. Taldeko kirola da eskubaloia, eta, batez ere gurean, guztion indarrek egingo dute taldea indartsu. Argi ikusi da hori.     

Gaur ekingo diozue Europako Ligako ligaxkari, Errumanian, Potaissa Turdaren aurka. Zer itxura du partidak?

Oso garrantzitsua da sailkatzeko lehian. Multzo oso zaila egokitu zaigu: errumaniarrek lanak emango dizkigute euren pistan; Saint-Raphael Frantziako ligako laugarren taldea da, eta Alemaniako Flensburg Europako Ligako txapelduna da. Sailkatu nahi badugu, ondo hasi behar dugu.

«Errumaniako partida oso garrantzitsua da sailkatzeko lehian. Sailkatu nahi badugu, ondo hasi behar dugu»

Kalkuluak egin dituzue?

Saihetsezina da hori egitea, baina garrantzitsuena da anbizioa dugula. Sailkatzen bagara, Kiel, Montpellier eta beste talde historiko batzuen aurka jokatuko dugu. Sekulakoa litzateke haien aurka aritzea. Hori egiteko ilusioa dugu. Sei partida oso zail izango dira, baina gure esku dago sailkatzea.

Zeintzuk dira denboraldiko helburuak?

Gozatzen eta gozarazten jarraitu, eta multzo, talde eta klub bezala gora egiten segitu. Adreilu horiek jarriz gauza garrantzitsuak lor ditzakegu. Honetan gabiltzan guztion helburua da finalerdi bat jokatzea edo titulu bat irabaztea, baina aukeraren bat izateko, egunero eraiki behar dugu.

Bi sasoirako sinatu duzu, baina klubak esan du ondoren beste zeregin batzuetarako nahi zaituela. Zerbait adostu duzue?

Ez dago ezer erabakia. Niri gustatuko litzaidake lanean jarraitzea klubak hazten jarrai dezan, baina argi dut gaur-gaurkoz jokalaria naizela, eta nire lana taldeari pistan eta pistatik kanpo laguntzea dela. Ez nuen nahi barruan eta kanpoan rol ezberdinak izan; ez zen ona inorentzat. Garaia iristen denean hitz egingo dugu. Garrantzitsuena da ni oso gustura nabilela jokalari gisa, eta grina hori jende guztiari transmititzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.