Mendi duatloiko zirkuitutik kanpo dabil bat; zirkuituan buru belarri murgilduta bestea. Bosgarren txapela du batak, bigarrena jarraian besteak. Jon Erguin beasaindarra eta Zuriñe Frutos artziniegarra dira protagonistak. Urtero legez, mendi duatloien zirkuituak Euskal Herriko txapela jarri zuen jokoan Amasan (Villabona, Gipuzkoa), urriaren 24an, eta Erguinek eta Frutosek irabazi zuten.
Lasterketaren 25. urtemuga ospatuz, maila handiko zirkuitu batean erabaki ziren aurtengo garaileak. 131 parte hartzaile izan ziren txapelaren bila, bai bakarka eta bikoteka. Irteeran, izen handiak ziren gizonezkoetan faboritoen artean: esaterako, zirkuituko liderra, Iñaki Isasi; herriko seme eta zirkuituko hirugarrena, Eneko Gurrutxaga; eta gehienen iritziz azken sailkapenean lehen postuetan behar zuten Jon Erguin eta Alain Santamaria.
Santamariak argi zuen korrikako lehen sektorean atera behar zuela abantaila, lasterketa bere alde jarri nahi bazuen. Eta ondo hasi zen. 4,18 kilometroko ibilbidean lehen postuan amaitu zituen lanak. Atzetik zituen beste denak. Mendi bizikletako eremuan, 17,79 kilometroko ibilbidean, ordea, bi espezialista handi nabarmendu ziren denen gainetik, Erguin eta Gurrutxaga.
Mendi bizikletako zatia eta gero, 2,43 kilometroko korrikako azken sektorean, bien arteko lehian, beasaindarra gailendu zen. Bien arteko tartea hamar segundo besterik ez zen izan. Santamariak hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen helmugan.
Emakumeetan ez zen halako lehiarik izan, ezta gutxiagorik ere. Azken garaipenerako faborito argia zen Zuriñe Frutos, eta agerian utzi zuen, beste behin, gaur egun ez duela areriorik bi kirol uztartzen dituen diziplina honetan. Hasi eta amaitu arte lehen postuan izan zen artziniegarra. Zirkuituko zazpi probak irabazi ditu. Bigarren sailkatuak baino hamaika minutu gutxiago behar izan zituen lanak amaitzeko. Frutosen atzetik Mayi Mujika eta Esti Garcia sailkatu ziren, hurrenez hurren, elkarren artea hogei segunduren tartearekin.
Bikotekako lehian hogei bikotek bukatu zuten proba. Denen gainetik, Irastorzak eta Ugaldek osaturiko bikotea izan zen Amasan azkarrena, Durana-Goitia, eta Roteta-Aburuzaren aurretik.
Parte hartze apalak
Antolatzaileak pozik zeuden. «Egunean bertan, urtero moduan, jende asko bildu da parte hartzera», Eneko Gurrutxaga antolatzaile eta korrikalariaren esanetan. Hala ere, mendi duatloiek ez dute lortu mendi lasterketek edota mendi bizikletako probek duten arrakasta. Parte hartzeak apalak dira. «Oraingoz Amasakoa izan da aurtengo parte hartzerik handiena, baina urte hobeak ere izan ditugu». Batez beste,100 parte hartzaileko muga gainditu ezinik ari dira, «eta ez dakigu zein den formula egokia jende gehiago animatzeko».
Mendi duatloien zirkuituak baditu urte batzuk. Amasako antolatzaileek, «oraingoz», lanean jarraitzeko gogoa dute: «Beherakada nabaritu dugun arren, aurrera jarraitzeko adinako parte hartzaile kopurutan gabiltza».
Erguin eta Frutos garaile Euskal Herriko Mendi Duatloi Txapelketan
Jon Erguinek lehia estua izan du Eneko Gurrutxagarekin eta Alain Santamariarekin, Amasako proban. Zuriñe Frutosek lasterketa kontrolpean izan du eta zirkuituko proba guztiak irabazi ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu