Erik Bretos: «Fitxaketak egingo ditugu, baina oraingo multzoan dugun konfiantza oinarri hartuta»

Realeko futbol zuzendariak adierazi du «behar eta larritasun» handirik gabe joko dutela merkatura. Halaber, berretsi du Remirok jarraitzea espero duela, eta hizketan ari direla Matarazzok kontratua berritzeko.

Erik Bretos Realeko futbol zuzendaria, agerraldi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Erik Bretos Realeko futbol zuzendaria agerraldi batean. GORKA RUBIO / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 19a
16:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erik Bretos Realeko futbol zuzendaria kazetariekin bildu da gaur, aurreko denboraldiko balantzea egin, eta udan izan daitezkeen mugimenduez hitz egiteko. Bretosek lehen denboraldia izan du karguan. Onartu du «emozio eta tentsio handikoa» izan dela, baina gustura dagoela: «Kopa irabazi dugu eta Europarako sailkatu gara. Nork esango zuen halakorik, denboraldia nola hasi zen ikusita». Fitxaketa gutxi aurreikusi ditu. 

Aurreko denboraldia

Bretosek onartu du Espainiako Kopa irabazi eta gero «guztiei» kostatu zitzaiela berriro ere Ligari heltzea. «Aztertu egin behar dugu zergatik, eta nola hobetu jakin behar dugu. Talde sendoa izan nahi dugu». Aurreko denboraldian, batez ere defentsako lanean izan zituen arazoak, 38 partidatan 61 gol sartu baitzizkioten. «Multzo moduan hobetzea izango da lehen helburua, eta horren barruan dauden helburuetako bat zera da: gol gutxiago jasotzea. Taldeak, adibidez, aurreko denboraldian arazoak izan zituen golak sartzeko; honetan, berriz, alderantziz». Nabarmendu du ez duela uste arazoa atzealdean ari diren jokalariena izan denik: «Talde arazo bat dela esango nuke, eta bidegabea iruditzen zait arreta atzeko jokalarietan jartzea. Talde guztiak aritu behar du hobeto arlo horretan. Jokalari hauekin gai izan ginen atzean sendo aritzeko denboraldiko tarte batzuetan: adibidez, Kopako finalerdietan Athleticen kontra, eta Atletico Madrilen aurka finalean. Segida izan behar dugu sendotasun horretan».

Fitxaketak

Munduko Kopa dela-eta merkatua «oso geldirik» dagoela azaldu du. «Selekzioen arteko txapelketak daudenean hala gertatzen da. Baina lanean ari gara». Fitxaketaren bat egingo dutela aitortu du, baina berehala egin du ñabardura: «Uste osoa dut oraingo multzoan. Maila handiko jokalariak ditugu, eta horietako batzuk Munduko Kopa jokatzen ari dira. Bestetik, atzetik gazteak indartsu datoz. Horietako batzuek aurrerapausoa eman dute denboraldi honetan, eta oraindik ere tartea dute hobetzeko». 

Ez du hutsune nabarmenik ikusten. «Behar edo larritasun handirik ez dugu. Postu jakinen bat indartuko dugu, baina ez asko. Jokalari asko eta onak ditugu, eta tokia utzi nahi dugu gazteen garapenerako, hori baita klub honen muina».

Indartu beharreko postuen artean erdiko atzelariarena aipatu da. Horren inguruan galdetuta, hauxe esan du: «Erdiko lau atzelari ditugu: Jon Martin, Zubeldia, Pacheco eta Beitia. Konfiantza handia dut haiekin. Bihar partida bat jokatu beharko bagenu, lasai egongo nintzateke». Dena den, gaineratu du «posible» dela postu hori indartzea, batez ere Rino Matarazzori erdiko bost atzelarirekin jokatzeko aukera emateko: «Alemanian hala egiten zuen, eta tresna guztiak eman nahi dizkiogu».

Atzeko hegaletarako fitxaketak egiteko beharra ere aipatu izan da. Eskuinaldea aztertu du aurrena: «Gure ardura da postu guztiei begira lan egitea. Baina ez dut uste postu horretan hutsune bat dugunik. Argi dago Odriozola denbora luzerako dagoela min hartuta. Baina ondo ari da osatzen. Aranburu oso fidagarria da, borrokalari hutsa. Ruperez bikain aritu zen bigarren taldean, eta, nahiz eta sasoi ia osoa min hartuta egon den, ondo dago, eta pozik gaude horregatik». Ezkerrean, berriz, «erabaki» egin beharko dutela berretsi du: «Hiru ezker hegaleko ditugu, eta Balda ere hortxe dago. Ikusi egin beharko dugu»

Aurreko urteetan ez bezala, erasoan taldea «osatua» ikusten du: «Hegaletan Take, Guedes eta Barrenetxea ditugu, eta Mikelek [Oiartzabal] edozein tokitan joka dezake. Oskarssonekin oso pozik gaude. Min hartuta hasi zuen sasoia, baina sekulako garapena izan du. Partidak amaitu ez ezik titular izatea baino ez du buruan». Bigarren taldean sekulako denboraldia egin du Gorka Karrerak. Denboraldiaurrea lehen taldearekin egingo duela berretsi du Bretosek, eta asmoa ez dela utzita joatea: «Golak sartzeko ahalmen handia du. Egutegi betea izango dugu; gainera, badu aukera bigarren taldean jokatzen jarraitzeko ere. Reala da hura hazten eta garatzen jarraitzeko tokirik aproposena. Guk argi dugu, eta berak ere bai».

Atezainak

Alex Remirori urtebete falta zaio kontratua amaitzeko, eta zurrumurru asko izan dira haren inguruan. Baina Bretosek argi du: «Taldean bi atezain on izan nahi ditugu, eta hark hemen jarraitzea nahi dugu. Alex zoriontsu dago hemen, eta ez digu esan joan nahi duenik. Jokalari gutxi ezagutzen dut Realaren alde hain apustu sendoa egin duenik. Noizbait joango da, baina ez dut uste garai horretan gaudenik». 

Matarazzok titularra Remiro dela esan du hainbat aldiz, baina Unai Marrero bikain aritu da aukera izan duenean. Besteak beste, erabakigarria izan zen Kopako finalean: «Finala baino lehen, inork ez zekien nork jokatuko zuen. Entrenatzaileak hiru atezain on izatea nahi dugu, eta haietakoren bati zerbait gertatuz gero denak lasai egotea».

Irteerak

Brais Mendez, Jon Karrikaburu eta Arsen Zakharian dira taldea uzteko aukera gehien duten jokalariak. Brais Mendez joatekotan egon zen aurreko udan, Ekialde Hurbileko liga bateko eskaintza oso ona izan zuelako. «Orduan zintzo hitz egin genuen bi aldeek, eta argi esan genion gu ez ginela oztopo izango halako eskaintza bat jasoz gero. Azkenean ez zen gauzatu. Denboraldi honetan gutxiago jokatu du. Harentzat ez da ohikoa hori, baina lan izugarria egin du. Errendimendu ikaragarria eman digu. Uda hasi besterik ez da egin, eta ikusi beharko da zer geratzen den».

Karrikabururen egoera neguko merkatuko bera da: «Aurreko sasoian, nik esan nion uste nuela tokia bazuela lehen taldean. Azkenean ez zuen jokatzeko aukerarik izan. Neguan ez zuen irteteko aukerarik izan. Baina gu ezin gara oztopo izan hura zoriontsu izateko. Erabakirik onena hartu behar dugu denen artean».

Zakhariaren lehen denboraldia ona izan zela esan du, baina hurrengo bietan ez duela segidarik izan: «Ilusio handiarekin ekarri genuen, baina argi dago zer gertatu den. Erabakirik onena hartuko dugu. Beste hiru urterako kontratua du, baina jokatu egin nahi du, eta horixe behar du». Bretosek, halaber, berretsi du ez dutela eskaintzarik jaso taldearen bizkarrezurra osatzen duten jokalarien inguruan. 

Utzitakoak

Realak lau jokalari izan ditu beste talde batzuetan utzita: Jon Pacheco, Javi Lopez, Mikel Goti eta Carlos Fernandez. Pachecok taldean segituko du. «Egia da Alavesen hasieran jokatu egin zuela, eta gero ez. Baina pozik gaude bueltan delako. Talentu handia du». Gotiri ere «aukerak» ikusten dizkio lehen taldean jarraitzeko. Ez du horren argi hitz egin Javi Lopezi eta Carlos Fernandezi buruz. 

Matarazzoren kontratu berritzea

Matarazzo urtarrilean iritsi zen aulkira, Sergio Franciscoren ordez. Goitik behera aldatu zuen taldea, eta Kopako txapeldun izan zen. Zaleekin eta hiriarekin ere lotura estua egin du. Beste urtebeterako kontratua du, eta Bretosek berretsi du hizketan ari direla luzatzeko: «Zoriontsu gaude harekin, eta hura ere halaxe dago hemen. Ziur nago etorkizunean hemen jarraituko duela».

Bretosek ekarri zuen Matarazzo. Lehen denboraldia egin du futbol zuzendari moduan, eta balorazio hau egin du: «Tentsio eta emozio handiko denboraldia izan da. Kopa irabazi dugu eta Europarako sailkatu gara. Edozeinek sinatuko zukeen hori denboraldia nola hasi zen ikusita. Aldi berean, bolada zailak izan dira. Baina pozik nago, gai izan garelako horiei erantzuteko, eta, batez ere, horietatik ikasi dugulako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE