Ernesto Valverdek Athletic zuzentzen jarraituko du

Entrenatzaileak beste urtebeterako lan hitzarmena sinatu du, eta, hala, hamar urte egingo ditu Athleticen aulkian. Datorren sasoian Txapeldunen Ligan aritzeko «ilusio berezia» duela aitortu du.

Ernesto Valverde, partida batean, aginduak ematen. JAVIER ZORRILLA / EFE
Ernesto Valverde, partida batean, aginduak ematen. JAVIER ZORRILLA / EFE
jon eskudero
2025eko maiatzaren 23a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ernesto Valverde izango da beste urtebetez Athleticen gidari nagusia. Jon Uriarte buru duen zuzendaritzak esana zuen aurrez Valverde bera zela entrenatzailerik onena Athletic zuzentzeko, eta gaur iritsi da klubaren komunikatu ofiziala. Beste denboraldi baterako kontratua sinatu du entrenatzaile gasteiztarrak, eta, hala, hamar urte beteko ditu Athleticen aulkian, hiru ziklotan banatuta. 2003-2004ko denboraldian egin zuen debuta, eta datorren sasoian 500 partidaren langa gaindituko du. Gainera, Uriarte presidenteak Valverderen eskutik beteko du lau urteko agintaldia. Pozik mintzatu da Valverde: «Hamar urtek askorako ematen dute, baina oso gogotsu nago datorrenari begira. Txapeldunen Ligan ariko gara hurrengo denboraldian, eta horrek ilusio berezia eragiten dit. Beti bezala, lehiakor izaten jarraitzea eta zaleak gutaz harro sentiaraztea izango dira helburu nagusiak».

Athleticek izugarrizko denboraldia egin du. Zenbakiek ez diote gezurrik. Sailkapen nagusian 70 puntu dituzte zuri-gorriek, eta historiako markarik onena berdindu dute, 2013-2014ko denboraldian lortua. Igandean ligako azken jardunaldian Bartzelonaren aurka gutxienez puntu bat eskuratzen badute, inoizko daturik onena erdietsiko dute. Hori guztia hiruzpalau egunean behin jokatuta lortu dute, Europa ligan taldeak egin duen lana ere bikaina izan baita. Valverde beti izan da emaitza onak bermatu ohi dituen entrenatzailea. Orain arte 450 partida zuzendu dizkio Athletici, eta erne datuei: 211 irabazi dituzte, 106 berdindu eta 133 galdu. Emaitzen gainetik, jokalarien errespetua eta konfiantza lortu izan ditu beti.

Ezagutzen dutenek aitortu ohi dute pertsona normala dela, eta hitz gutxirekin gauza asko esateko gaitasuna duela. Isileko liderra da Athleticen, gurpilak zentzuz aurrera egin dezan arduratzen dena. Hirugarren zikloa du honakoa Ibaiganeko klubean: 2003-2005, 2013-2017 eta 2022tik aurrera. Pixkanaka talde irabazlea eratzea lortu du, eta iragan denboraldian Espainiako Kopa irabazi izana du lorpenik garrantzitsuena Bilbon. 40 urteko lehortea amaitu ondoren, Valverderen izena letra gorriz agertuko da Athleticen historia liburuan. Sasoi honetan Europa ligako finaletik kanpo geratzeak pena eragin du Bilbon, baina min hori arindu du Txapeldunen Ligarako sailkatzeak.

Hain zuzen, «udan indarrak berritu ondoren», datorren denboraldian jarriko ditu begiak entrenatzaile gasteiztarrak, ilusioz. «Taldea oso ondo ibili da denboraldi honetan, eta zaila izango da pareko lana egitea. Txapeldunen Ligan esperientzia badut, beste talde batzuekin ere aritua bainaiz, eta oso lehiaketa gogorra da. Asko eskatuko digu, baina erronka dotorea izango da, eta ea lan ona egiteko gai garen San Mamesen laguntzarekin». Badu fedea jokalariengan. «Erantzukizuna sentitzen dut, baina konfiantza osoa daukat nire lantalde eta jokalariengan. Garai politak datozkigu Athleticen».

Urte hauetan guztietan kritika batzuk ere jasan behar izan ditu Valverdek, baina klubari egonkortasuna eta erregulartasuna ekarri dizkio. Urte luzez talde zuri-gorriak ez du lortu azken bi sasoietako mailarik, eta bide berari eustea izango da xedea. Jokalari beterano eta gazteen artean multzo dotorea osatu du, eta Athleticen jakitun dira taldeak oraindik ez duela sabaia jo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.