Nerea Zusberro Alberro.
Analista eta kazetaria

Erregular izatearen saria

2025eko irailaren 15a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bueltan da munduko kluben arteko lehiaketarik handiena. Txapeldunen Liga bihar itzuliko da. UEFAk txapelketa eredua aldatu zuen aurreko denboraldian, eta oraingo honetan beste berritasun bat izango da: lehen zortzi sailkatuek, hau da, final-zortzirenetara zuzenean sailkatzen direnek, etxean jokatuko dute bigarren partida kanporaketetan. Beraz, ligaxka inoiz baino garrantzitsuagoa izango da. Txapeldunen Ligan gero eta gehiago saritzen da erregular izatea. Gainera, ikuskizuna ziurra da jardunaldi guztietan. 

Ligaxkaren exijentzia

Lehen ligaxkan 21 puntu daude jokoan, eta aurreko denboraldian hamasei behar izan ziren lehen zortzien artean geratzeko. Baina lehia ez zen soilik goiko postuetan antzeman, baita final-hamaseirenak jokatzeko postuetan ere; hau da, bederatzigarren eta 24. postuen artekoetan. Postu horietan geratzeko hamar puntu beharko zirela aurreikusten zen, baina Dinamo Zagrebek 11 lortu zituen, eta kanpoan geratu zen.
   
Horixe izango da Athleticek txapelketan izango duen lehen erronka: ligaxkan 24 onenen artean geratzea. Egutegiari erreparatuta, San Mamesen, besteak beste, titulua eskuratzeko hautagai nagusietako bi jasoko ditu: PSG eta Arsenal. PSG egungo txapelduna da; Arsenalen, berriz, Mikel Arteta dago aulkian, eta bertan jokatzen dute Martin Zubimendik eta Mikel Merinok. Bidaiarik zailenak, berriz, Newcastleren eta Dortmunden zelaietara izango dira. Baina zer beharko du Athleticek lehen helburu hori lortzeko?

Gola eta atea hutsean

Azken Txapeldunen Ligan aurreko denboraldietan baino gol gehiago sartu ziren batez beste; 3,27 gol sartu ziren partidako: gol bat 28 minutuero. Horri lotuta, Liverpool izan da fitxaketetan gehien inbertitu duen Europako taldea, eta batez ere golegileak fitxatu ditu.

Ekitike eta Isak izango dira Luis Diazen eta Darwin Nuñezen ordezkoak. Gainera, Florian Wirtz ere fitxatu du. Zelai erdia indartuko du, baina, kalitatea ez ezik, golak sartzeko gaitasuna ere badu. Azken bi denboraldietan hamasei eta hemezortzi gol sartu zituen Bayern Leverkusenen. Hegaletan aritzeko, berriz, Milos Kerkez eta Frimpong fitxatu ditu. Bi jokalari horiei esker sakonago jokatzeko aukera izango du; joan-etorrian aritzeko ere trebeak dira. Gaur-gaurkoz Liverpool da titulua irabazteko faborito nagusia. Gogoratu aurreko denboraldian txapeldunak kanporatu zuela: PSGk.

Baina erasoan eraginkor izatea ez da txapelketan arrakasta izateko behar den gauza bakarra. Aurreko sasoian Bartzelona izan zen gol gehien sartu zituen taldea: 43. Horietatik hamahiru Raphinak sartu zituen, eta txapelketako golegile nagusia izan zen. Hala ere, Flicken taldeak Inter Milanen aurka galdu zuen finalerdietan. Hain zuzen ere, Inter izan zen atea hutsean gehien utzi zuen taldea. Beraz, baloia edukitzeko eta ez edukitzeko faseen arteko orekan bilatu behar da arrakasta.

Bi faseen arteko oreka

Datuei erreparatuz, aurreko denboraldian talderik orekatuena izan zen txapelduna. PSG gol gehien sartu zituen bigarren taldea izan zen: 38 guztira. Gainera, zazpi aldiz utzi zuen hutsean atea. Inter Milan baino bat gutxiago da soilik. Gainera, talderik onena izan zen baloia berreskuratzen: 733 baloi lapurtu zituen. Luis Enriqueren baloirik gabeko erasoko jokoaren ereduari ohore egin zioten.  

PSGk multzoari eutsi dio. Donnarummaren ordez Chevalier fitxatu du atea indartzeko; atzealderako, berriz, Zabarny, Bournemouthetik. Denboraldi historiko bat egin ondoren, lehiatzeko grinari eustea izango dute erronka nagusia. Luis Enriquek lan egin behar du jokalarien begirada orainean egon dadin, eta ez hurrengo udan izango den Munduko Kopan. 

Hasiberrien iraultza

Denboraldi honetako Txapeldunen Ligaren beste ezaugarrietako bat zera izango da: sekula txapelketan parte hartu ez duten hainbat talde izango direla lehian, horietako batzuk Europako mugez gaindiko herrialdeetakoak. Kazakhstango Kairat Almaty-k, Zipreko Pafos-ek eta Norvegiako Bodo Glimt-ek kanporaketak jokatuta lortu dute sailkatzea. Horiei Belgikako Union Sant-Gilloise gehitu behar zaie. 

Almatyren izarra Dastan Satpeyev da, 17 urteko aurrelaria. Chelseak fitxatu berri du, baina bertan jokatzen segituko du adinez nagusi izan arte. Jarraitu beharreko beste jokalarietako bat Kasper Hogh izango da, Bodo Glimt taldeko aurrelaria. Norvegiako taldea Europa Ligako finalerdietara iritsi zen aurreko denboraldian, eta aurtengo Txapeldunen Ligan ezustea eman dezakeen taldeetako bat da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.