Madalen Etxegarai Zelaia eta Olatz Ruiz de Larramendi Lopez

Erremate ederra eman diote

Madalen Etxegarai Zelaiak eta Olatz Ruiz de Larramendi Lopezek irabazi dute Adosen Binakako Txapelketa. Pilotariek eta antolatzaileek nabarmendu dute txapelketa «beste pauso bat» izan dela urte osoko egutegi bat izateko.

Leire Galeano Mondragon, Goiuri Zabaleta Rodrigez, Olatz Ruiz de Larramendi Lopez eta Madalen Etxegarai Zelaia. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ederra izan zen hasiera, estua eta polita izan da bi hilabeteko lehia, eta bikaina izan da amaiera. Arrakastatsua izan da Ados pilota klub profesionalak lehen aldiz antolatutako Eusko Label Binakako Txapelketa.

Igandean izan zuen azkena, Azkoitiko (Gipuzkoa) Gurea pilotalekuan. Bi mailetako finalak jokatu zituzten, 300 pilotazale ingururen aurrean: Promozio Mailan, Goiuri Zabaleta Rodrigezek eta Leire Galeano Mondragonek jantzi zuten txapela. 22-16 irabazi zieten Maddi Berrocal Santosi eta Irati Zabala Urrizari. Lehen Mailan, berriz, Madalen Etxegarai Zelaiaren eta Olatz Ruiz de Larramendi Lopezen buruetara joan ziren txapelak. 22-11 hartu zituzten mendean Iera Agirre Iturriaga eta Uxue Oses Egaña.

«Oso pozik gaude Olatz eta biok. Txapelketa biribila egin dugu, oso gustura aritu gara elkarrekin, eta txapela irabaztea erremate ederra izan da», dio Etxegarai Zelaiak (Oñati, Gipuzkoa, 2005). Datuek ere horixe berresten dute: zortzi partida jokatu dituzte txapelketan, eta bakarra galdu dute; Iturriaga-Egañaren aurkakoa, ligaxkan. Horregatik, aitortu du finalean haiei irabazita «arantzatxoa» atera dutela.

Emaitzari erreparatuta (22-11), pentsa daiteke alde handia egon zela, baina Etxegaraik zehaztu du lehia «estua» izan zela: «Ez zen lan samurra izan irabaztea. Gogorra izan zen partida». Hasiera izan zen bereziki estua: «Txapela zegoen jokoan, eta telebistaz emango zuten finala. Horregatik, apur bat urduri ekin genion lau pilotariok lehiari». 4-5ekoarekin amaitu zen parekotasuna. 13-1eko partziala lortu zuten irabazleek, eta partida hautsi zuten (16-7): «Tantoak bata bestearen atzetik egiten hasi ginen, eta goraka egin genuen. Aldiz, haiek behera egin zuten». Aurrelari oñatiarra nabarmendu zen: hamalau tanto lortu zituen, eta bi huts bakarrik egin. Min handia egin zuen sakearekin: sei tanto lortu zituen. «Oso gustura aritu nintzen, eta hori pizgarria da lanean jarraitzeko».

«Oso gustura» aritu da baita txapelketak iraun duen bi hilabeteetan ere. «Oso eskertuta» dago Adosek emandako aukerarengatik: «Oso polita izan da bi hilabetez ia asteburuero partidaren bat jokatzea. Beste txapelketa batzuetan geldialdiak izan ohi ditugu, eta halakoek ez digute mesederik egiten; motibazioa galtzen dugu. Baina txapelketa honetan ia asteburuero jokatu dugu, herri txiki askotan, eta hori polita da». Baldintzei ere erreparatu die: «Kobratu egin dugu jokatzeagatik, kotizatu egin dugu, entrenamendu zehatzak egin ditugu, telebistak finala eman du... Ez gaude ohituta halakoetara. Nire ustez, pauso handia eman da emakumeen pilota profesionalizatzea lortzeko. Oso eskertuta gaude Adosek emandako aukera eder honengatik».

«Auzolanean aritu gara»

Agirre Iturriaga eta Maite Ruiz de Larramendi Mujika aritu dira jo eta ke antolatzaile lanetan: «Oso gustura gaude nola joan den dena, are eta gehiago kontuan hartuta lehen aldia zela halako txapelketa luzea antolatzen genuela. Gainera, ikusi dugu pilotariek izugarri eskertu dutela bi hilabetez astero jokatzea. Lasaiago aritzeko aukera izan dute, beste txapelketetan gehienez bi partida jokatzen baitzituzten», azaldu du Agirre Iturriagak (Leitza, Nafarroa, 1987).

«Lan handia» egin behar izan dute: «Lan handia eskatzen du dena antolatzeak, eta guk ere lan egiten dugu, eta entrenatu. Zorionez, auzolanean aritu gara. Klubeko kide guztiek lagundu dute, eta denon artean atera dugu hau aurrera». Oso eskertuta dago babesleekin: Eusko Label eta BERRIArekin. Baita partidak hartu dituzten hamaika herrietako udalekin ere. Hala ere, azpimarratu du gustatuko litzaiokeela erraztasun gehiago izatea: «Gizonek nahikoa dute ate bat jotzea. Guk, berriz, asko jo behar ditugu». Iritzi bera du komunikabideetan duten presentziaz: «Gizonezkoena automatikoki ematen dute. Gurea, ordea, gehiago kostatzen zaie. Adibidez, eskertu egiten dugu ETBk finala ematea, baina ondo legoke txapelketa osoa ematea. Hor badago lana egiteko».

Aurrera begira, martxo-apiriletan beste txapelketa bat antolatzeko asmoa dute, Upel pilota enpresarekin. Udan, Plazaz Plazaren bigarren ekitaldia egin nahi dute: «Urte osoko egutegi finko bat osatu nahi dugu. Binakako hau beste pauso bat da helburu horretan. Uste dut lor dezakegula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.