Erremontea

Ansa II.ak eta Zubirik irabazi dute Sagardoaren Txapelketa

Txapeldunek finaleko lehen jokoa galdu dute Aldaberen eta Barrenetxea IV.aren aurka (12-15), baina emaitza irauli dute gero, hurrengo biak irabazita: 15-12 eta 8-5. Ansa II.aren abiadurak erabaki du lehia.

Imanol Ansa eta Aritz Zubiri. ANDONI CANELLADA / FOKU
Imanol Ansa eta Aritz Zubiri, garaipena ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon eskudero
2026ko ekainaren 30a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Imanol Ansak eta Aritz Zubirik irabazi zuten atzo erremonteko Sagardoaren Txapelketa, luzaroan gogoratuko den final batean, Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea bi joko eta bat menderatu ondoren. Hernaniko Galarreta pilotalekuko (Gipuzkoa) harmailak gainezka zirela, erakustaldia eman zuten bi bikoteek, eta emoziorik ere ez zen falta izan, hirugarren jokoan erabaki baitzen lehia. Lehenengoan, iazko garaileek 12-15 irabazi zuten, batez ere sakearekin min handia egin zuelako Barrenetxea IV.ak. Bigarren jokoan, Ansa II.ak hartu zuen aginte makila, eta, pilotari beste abiadura bat emanaz, finala berdintzea lortu zuen, 15-12. Bada, azken joko erabakigarrian, sekulako tentsioa eta lehia nagusitu ziren kantxa barruan, eta Ansa II.ak eta Zubirik ez zuten hutsik egin. Defentsan ezinezkoa ziruditen pilotakadak jarri zituen txapa gainean Zubirik, eta Ansa II.ak ez zuen barkatu aukera izan zuenetan. Lau pilotariek jokatu zuten galanki, eta, amaieran, zutik agurtu zituzten pilotazaleek.

Txapelketaren hasieran inor gutxik emango zuen sosik Ansa II.aren eta Zubiriren alde. Besteak beste, ederki kostata sailkatu ziren kanporaketako partida jokatzeko, eta une erabakigarrian irabazi egin zuten Ander Goikoetxearen eta Aritz Juanenearen aurka. Finalerdietan, oso faborito ziren Josetxo Ezkurra eta Xabi Azpiroz, baina txapeldunek ezustea eman zuten, partida bikaina jokatuta. Bada, finalean ere, behetik gora eginda lortu zuten garaipena urnietarrak eta goizuetarrak. Lehen jokoa galdu eta gero, maldan gora jarri zitzaizkien kontuak, baina, jokoz ez ezik, buruz ere indartsu agertu ziren, eta horri esker jaso zituzten merezitako txapelak.

Kontu jakina da sakea alde izateak berebiziko garrantzia duela erremontean, eta Barrenetxea IV.ak ederki erakutsi zuen hori. Lehen sakea alde egokitu zitzaion, eta, 1-0ekoa ez ezik, 2-0ekoa ere era horretan eskuratu zuen. Konfiantza eman zion horrek atzelariari, eta urdinak erabat aurretik izan ziren lehen jokoan. Burutsu jardun zuten. Jokoz kanpo utzi zuten Ansa II.a, bere aurrean botea eginarazita, eta gorriak nahi eta ezin aritu ziren une oro. Zubirik lan duina egin zuen, baina Barrenetxea IV.ak bizkarra erakutsi zion.

Tentsiopean, eroso

Kontuak aldatu egin ziren bigarren jokoan. Pilotek distira apur bat galdu zuten, eta horixe baliatu zuen Ansa II.ak jokoan gehiago sartzeko. Sekulako abiadura eman zion pilotari, horma bikoz ere pare bat tanto eder egin zituen, eta konfiantza betean jardun zuen. Laineza hartuta ibili zen kantxan, eta Zubirik ere goraipatzeko lana egin zuen. Ondorioz, hirugarren jokoak erabaki zuen guztia. Berdintasuna izan zen nagusi, eta bi bikoteak bosna berdinduta egon ziren. Tentsio izugarria nabari zen, eta Ansa II.ak irabazle sena atera zuen. Fisikoki nekatuta egon arren, beste erritmo batean ibili zuen pilota, eta bizitza guztian gogoratuko duten garaipena eskuratu zuten Zubirik eta biek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA