Q36.5 taldeko txirrindularia

Xabier Mikel Azparren: «Errespetua irabazi dut tropelean; jendeak jada badaki nor naizen»

Pidcocken itzala bilakatu da Azparren. Q36.5 taldeko liderraren esanetara izan da orain arteko proba gehienetan, eta Giroan distira egin du laguntzaile gisa. Taldeburuarekin harreman ona du, nork bere pentsaera izan arren.

Xabier Mikel Azparren txirrindularia. BERRIA
BERRIA
enaut agirrebengoa
2025eko ekainaren 10a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Garaipenik lortu gabe ere goza daiteke. Hori ondo daki Xabier Mikel Azparrenek (Donostia, 1999). Italiako Giroan atsegin handiz aritu da besterentzat lanean, laguntzaileen burbuilan murgilduta. «Askotan, etapa bukatu eta hiruzpalau ordura izan nuen irabazlearen berri. Eta Van Aertek Finestreko etapan egindako lanaren berri handik bi egunera izan nuen. Bakoitzak bere taldean jartzen du arreta, eta behin eguneko lana bukatuta, beste gauza batzuetan pentsatzen saiatzen zara». Egindako esfortzutik osatzen ari da orain, eta aurki sasoiaren bigarren zatian barneratuko da. Espainiako Vueltan egon nahiko luke, eta muzin egingo dio Espainiako Txapelketako erlojupekoa lehiatzeari, ibilbide gogorregia duela iritzita.

Ondo irabazia zenuen atsedena, hiru astez Giroan lan eta lan ibili ondoren. Nola laburtuko zenituzke hiru aste horiek?

Orain arte lehiatu dudan lasterketarik gogorrena izan da. Atseden hartzeko gogoz bukatu nuen, baina era berean, ederra izan zen berriz ere itzuli handi bat lehiatzea. Asko gozatu nuen. Intentsitate handiko esperientzia izan zen, bai fisikoki eta bai mentalki. Eta uste dut aurrerapausoa emateko balio izan zidala. Lan asko egitea tokatu zitzaidan, eta ikasketa handia izan zen.

Esan izan duzu itzuli handien artean Giroa duzula gustukoen. Zure iritzia berretsi egin da lasterketa barrutik ezagutu ostean?

Bai, hala esango nuke. Zaleek pasio handiz bizi dute Giroa. Alde horretatik, Euskal Herriko Itzulia egitearen parekoa da, baina 21 egunez. Irteerak eta helmugak jendez gainezka egoten dira egunero. Horrez gain, berezia izan zen azken etapa Erroman amaitzea, eta hiriko leku ezagunenetatik igarotzea. Lehiatzeko moduari dagokionez, lasterketa epikoa izan da.

«Zaleek pasio handiz bizi dute Giroa. Euskal Herriko Itzulia egitearen parekoa da, baina 21 egunez»

Erlojupeko luzean hamargarren izan zinen. Egun horretan gozatu zenuen gehien bizikleta gainean?

Erlojupekoa eta ihes eginda ibili nintzen etapa menditsua [16. etapa] aukeratuko nituzke. Dena den, erlojupekoan ez nuen hainbeste gozatu, arazoak izan bainituen irratiarekin eta heldulekuarekin. Estres handia sentitu nuen. Hala ere, oso emaitza ona da itzuli handi batean erlojuaren aurka hamar onenen artean izatea.

Zure lehen itzuli handia 2021eko Espainiako Vuelta izan zen, eta ihesaldiz ihesaldi ibili zinen orduan. Gaur egun, ordea, bestelako zeregina daukazu, Giroan ikusi zen moduan.

Oso bestelako txirrindularia naiz orain. Oso harro nago debuteko Vueltan eman nuen mailarekin, baina Giroak are gehiago gogobete nau. Pena izan da Tomek [Pidcock] sailkapen nagusian nahi baino atzerago bukatu izana [hamaseigarren postuan]. Gauzak normal joan izan balira, hamar onenen artean izango zen, Einer Rubioren inguruan. Hori kenduta, emaitza onak lortu ditugu talde moduan. Eta berezia da horren parte sentitzea. Gainera, estimatua sentitzen naiz talde barruan, eta tropelean ere, errespetua irabazi dut. Jendeak jada badaki nor naizen. Harro sentitzen naiz.

Pidcocken bizkartzain izateko zeregina ezarri dizute aurten. Vueltaren aurkezpenean ezagutu zenuten elkar, eta antza denez, kimika sortu da zuon artean.

Alde batetik, ezberdinak gara gauza askotan. Ia mutur banatan gaudela esan daiteke. Tom oso pertsona perfekzionista da, eta emaitzei garrantzi handia ematen die. Nik, ordea, lasaiago hartzen ditut gauzak. Horrekin ez dut esan nahi alferrontzi hutsa naizenik. Gauzak ondo egiten ditut, baina ahaztu gabe gustuko dudalako nabilela bizikletan. Tomentzat, helburua irabaztea da, eta beste guztia ez da nahikoa. Nik, ordea, beste gauza batzuk ere nahikotzat jotzen ditut, eta pozik gelditzen naiz. Hala ere, oso ondo konpondu gara hasieratik. Harrituta gelditu zen lehen lasterketan [Saudi Arabiako itzulian] eman nuen mailarekin, eta geroztik elkarrekin joan gara batera eta bestera.

Antzekotasunak topatze aldera, biak 1999an jaioak zarete, eta anaiak taldekide dituzue: Enekoitz Azparren eta Joseph Pidcock.

Eta, hara, gure anaiak ere adinkideak dira. Nire anaiari dagokionez, gaixoak orain arte ezin izan du taldean debutatu. Min hartuta dago, eta oraindik ezin izan diote zehaztu zein den lesioaren jatorria. Pare bat tratamendu jarri dizkiote orain, baina denboraldia galdutzat ematen du jada. Egoera zaila da.

Zu iaz iritsi zinen Q36.5 taldera, eta zuretzat ere nahiko aldrebesa izan zen lehen denboraldia.

Bi eroriko txar izan nituen, eta ez nintzen gai izan urte hasierako mailara itzultzeko. Baina bai bizitzan eta bai kirolean, garrantzitsua da halako egoerak hazteko baliatzea.

Hain justu, «hazten jarraitzeko» atera zinen Euskalteletik. Hala esan zenuen iaz BERRIAn. Helburua betetzen ari zara?

Bai. Iazkoa urte gogorra izan zen nola fisikoki hala mentalki, baina era berean, World Tourreko lasterketa asko lehiatu nituen. Eboluzioaren abiapuntua izan zela esan liteke. Eta urte hau ez nuke esango nire konfirmazio urtea izaten ari denik. Oraindik hazten ari naiz. Tom aurten iritsi da, gauza asko ari dira aldatzen taldearen funtzionamenduan, eta oraindik egokitze prozesuan gaude. Talde honetan beti buruan darabilte nola hobetu, eta horrek asko motibatzen nau.

Q36.5 talde berria da, garai bateko Qhubekaren jarraipena izan arren. Bada, aurten dagoeneko Giroan eta Vueltan parte hartzeko gonbidapena jaso duzue. Beste dimentsio batean sartzen ari zarete.

Hala da. Aurten bi itzuli handitan izango gara, eta datorren urtean gonbidapenak automatikoki lortzeko aukera dugu. Aldaketa prozesu bete-betean dago taldea, eta garai berrietara egokitzea dute helburu. Egitura Qhubekarena da, baina ez da ahaztu behar 2022an ez zuela talderik eduki. Eta urte hartan txirrindularitza asko aldatu zen.

«Iazkoa urte gogorra izan zen nola fisikoki hala mentalki, baina halako egoerak hazteko baliatu behar dira»

Euskaltel, berriz, aurten ez da Vueltan izango. Eta datorren urtean gonbidapena eskuratu nahi badu, 30 onenen artean egon beharko du UCIren sailkapenean. Ez da egoera samurra.

Zaila da gaur egun dauden beste ProTeam taldeekin lehiatzea. Gu maila horretako taldea gara, baina World Tour mailako egitura dugu. Eta gauza bera esan dezakete Tudorrek, UnoX-k, Totalek, Lottok… Aurrekontuaren ondorio diren abantaila asko dugu. Euskalteli dagokionez, iaz baino maila txukunagoa ari dira ematen. Gutxiago kosta zaie lehen garaipena lortzea, eta batetik bestera dabiltza puntuen bila. Lehen 30en artean sartzeko bidean direla esango nuke. Hala izatea espero dut, Euskal Herriarentzat garrantzitsua baita Euskaltel-Euskadiren proiektua osasuntsu egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.