ERRUGBIA. «Ez genuen Heineken Kopako finala jokatu eta ligakoa nahi dugu»

2005eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
«Azken partidak ez dira izan erlaxatzeko eta neurrian aritu gara. Horregatik, finalerdia prestatzen aritu garen 26 jokalariak osoa konzentraturik gaude. Bourgoinek ez du ongi erantzuterik izan Heineken Kopan, baina guk baino bospasei aste gehiago ukan dute errekuperatzeko. iaz finalerdia jokatu zuen, eta, horregatik, ez da inolako ezustea izan aurten hain ongi ibili izana. Orain arte ez du txapelik lortu, baina aurten baditu horretarako baliabideak. Guri dagokigunez, Heineken Kopan ez ginen finalera sartu eta ligan lortu nahi dugu finala jokatzea».

DIMITRI YACHVILI(Miarritzeko jokalaria)

«Sasoi osoan jardun dugu lanean une gozoak bizi ahal izateko»



«Oraingoan finalera helduko gara, ziur naiz. Badakit azkenaldian huts egin dugula finalerdietan, eta talde handiak erregularragoak izan behar dutela. Uste dut zerbait gehiago merezi dugula, lan handia egin baitugu. Hori bai, Heineken Kopako finalerdian baino arretatsuago jardun behar dugu. Sasoi osoan jardun dugu buru-belarri une gozoak bizi ahal izateko. Jokalariok gogo bizia dugu klubaren historian sartzeko. Gauza da, ordea, Bourgoinek ere merezi izan duela finalerdietan aritzea, eta oso partida gogorra eta ikusgarria izango da».

J. M. GONZALEZ (Miarritzeko jokalaria)

«Seriotasuna nabari dut gure artean; finalera heldu nahi dugu»



«Nire azken bidaia izango da autobusez, biziki espero baitut finala jokatzea parisen, eta hara hegazkinez joango gara. Astelehenetik gaude buru-belarri sartuta partidan, eta seriotasun handia nabari dut jokalarien artean. Oso gutxi hitz egin dugu gure artean, baina aurpegietan nabari da dena; finalera heltzeko irrikitan gaude.Bourgoini dagokionez, aitzinean mendean hartu gintuzten ligako joaneko partidan, batez ere, baloia eskuetan zutela. Bestalde, zangoko jokoan aritzeko jokalari apartak ditu Boyet eta Peclier; ez dut espero partida samurra».

JACQUES BRUNEL (entrenatzailea)

«Zalantza bat baino gehiago dut nork irabaziko duen esateko»



«Zirraragarria izango da kanporaketa hori. Denok espero genuen Miarritze finalerdietan izatea. Ez du Europako sari nagusia lortu eta hainbat nahigabe jasan ditu, baina hor dago beti goian. Jokalari esanguratsuak ditu eta badu arrazoirik errebantxa hartzeko. Bourgoinen sailkatzea, berriz, ezustea izan da, baina iaz ere sailkatu zen eta merezi izan du. Oso erregularra izan da sasoi osoan. Jokalarien eta entrenatzaileen artean badago elkartasun eta berenganako atxikimendua. Horregatik, zalantza bat baino gehiago dut nor nagusi daitekeen erabakitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.