ESKUBALOIA. Frantziak 26na berdindu du Tunisiarekin, eta asko zaildu zaio sailkapena

Erredakzioa
2005eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Frantzia ez dago sasoian, eta atzo berriz huts egin zuen, Tunisiaren aurka 26-26 berdinduta. Frantziarrek herenegun Greziaren aurka eginiko huts berak egin zituzten, eta garesti ordaindu zuten berriz. 48 minutuz egon ziren aurretik markagailuan. Bost goleko aldea izan zuten ere (15-10). Baina alferrik, horrek guztiak ez zuen ezertarako balio. Ez zuten jakin errematatzen eta Tunisiak bikain baliatu zuen.

Partida amaitzeko hamabi minutu falta zirenean 23-20 zen aurretik Frantzia. Bazirudien partida erabakita zegoela, baina usteak erdia ustel. Frantziak lo hartu zuen, eta Tunisiak bost gol sartu zituen jarraian. Etxekoek eskura izan zuten garaipena, baina Fernandezen bi golek berdinketa jarri zuten markagailuan. Frantzia laugarren da A multzoan, Danimarka, Tunisia eta Greziaren atzetik. Richardsonek eta enparauek sufrituko dute sailkatzeko.

Espainiak Suediari irabazi dio, eta Serbiak Norvegiari

Espainia-Suedia eta Serbia-Norvegia ziren eguneko partida nagusiak. Lehen neurketan Espainiak 26-33 irabazi zion Suediari. Eskandinaviarrek bikain hasi zuten partida, eta zortzi goleko aldea lortu (14-6). Baina hustu egin ziren, eta Espainiak ondo baliatu zuen partidari buelta emateko. Azkeneko minutuetan Espainiak Suedia txikitu zuen. Norvegiari ere antzeko zerbait gertatu zitzaion. Aurretik joan zen ia beti, baina azken minutuetan huts egin eta partida oparitu zion Serbiari (25-24).

Beste partidetan ez zen ustekaberik izan. A multzoan, Danimarkak 52-18 egurtu zuen Kanada, eta Greziak 26-21 irabazi zion Angolari. B multzoan, Esloveniak 33-27 irabazi zion Aljeriari, Errusiak 25-21 Txekiari eta Islandiak 31-22 Kuwaiti. C multzoan, Kroaziak aise irabazi zion Australiari (38-28), eta Japoniak 27-25 irabazi zion Argentinari. Azkenik, D multzoan, Alemaniak astindua eman zion Qatarri (40-15) eta Egiptok 24-20 irabazi zion Brasili. Gaur sei partida jokatuko dira. Kroazia-Espainia (18:15) da neurketa interesgarriena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.