Eskumuturra ez da galtzen

Aspen urtebete egin ondoren, palara itzuli zen Ibai Perez. Afizionatuetan mundu guztia harritu, eta profesionalen deia jaso zuen. Gaur, buruz buruko txapeldun izan daiteke.

Imanol Magro Eizmendi.
2017ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Artista baten istorioa da hau. Oso noizean behin pilotalekuetan jaiotzen diren jenio horietako batena. Ibai Perezek (Sestao, Bizkaia, 1990 ) 26 urte ditu, eta esku-huska zein palaz profesionala izandakoa da. Eskuz «pilotari ezberdina» zela zioten, eta palaz ere haren trebezia goratzen dute teknikariek. Duela bi urte egin zuen debuta Innpalarekin, eta, gaur, buruz buruko finala jokatuko, Bilbon, Xabier Ibargarairen aurka (19:30). Bi atzelariren arteko buruz buruko lehen finala da 2007az geroztik.

Ibai Perezek 2009ko ekainaren 12an egin zuen debuta Asperekin, Sestaon. Fernando Bidarte enpresako burua txundituta gelditu zen ezker bikaineko aurrelari harekin, eta erabaki zuen 18 urterekin profesionaletan debuta egiteko moduan zegoela. Aspaldiko partez, ezkerraldean esku-huskako pilotari profesional bat zuen, eta ikusgarria zen, gainera. Mikel Urrutikoetxea, afizionatuetan bere aurkari izandakoak hurrengo egunean egin zuen debuta.

Eskuz debuta egitea zen Perezen patua. Ahal fisiko handirik ez izan arren —1,73 metro luze da—, zeresan handia eman zuen afizionatuetan. Kadete mailara arte, pala eta eskua uztartu zituen, baina, erabaki beharraren poderioz, eskuaren alde egin zuen. Kadeteetan, bi modalitateetan jokatu zuen GRAVN torneoa: palan, txapeldun izan zen, eta eskuz, txapeldunorde. 2008an, Berria Txapelketako finala era jokatu zuen, Markinako taldeak fitxatuta.

Debutean, Pascual izan zuen alboan, eta 22-19 irabazi zieten Aritz Lasa-Eulateri. Lehen hiru partidak irabazi zituen, baina gero bolada txarra hasi zen. Hurrengo hamabost partidetatik bi baino ez zituen irabazi. Ez zen egokitu esku-huska profesionalaren beharretara, eta Asperen pazientzia 2010eko abuztuan amaitu zen. Eskuetako arazo asko izan zituen, ez zuen fisikoki jauzia eman, eta ezta biderik egin ere. Oraindik ere ezker eskua mindua du, eta beste palistek baino babes zabalagoa erabiltzen du palan. Ia beste urtebete gelditzen zitzaion arren, kontratua eten zuten aho batez. Aspeko estatistikaren arabera, 45 partida jokatu zituen, eta 11 irabazi. Azkeneko bi partidak 22-6 eta 22-3 galdu zituen.

Esperientzia gogorra izan zen, baina pilota bizirik zegoen. Hark esana da «pilotalekuan jaio eta hezitakoa» dela, eta paletaz jokatzen hasi zela, herrietako jaietako torneoetan. Xabier Sainz de la Maza Sestaoko Lagun Artea klubeko buruak hura jakin zuenean ateak ireki zizkion berriz, eta pala motzean hasi zen Perez, larruz. 2013an, Patxi Ziskar palista ohiak GMGZ enpresak antolatutako buruz buruko zirkuitura gonbidatu zuen. «Palaz eta esku-huska profesional izatera irits daiteke», esan zuen Ziskarrek urte hartan egin zioten elkarrizketa batean. Afizionatu mailako zirkuituko lehen torneoan txapeldunorde izan zen, eta bigarrenean, txapeldun.

Binakako txapeldun

Afizionatu maila txiki gelditu zitzaion ezkerrari. Esku-huska aurrelaria zen, baina palaz hobeto moldatzen da atzean. Innpala pala enpresak 2014an deitu zion, eta urriaren 26an egin zuen profesional mailako bigarren debuta. Lehen partida galdu egin zuen, baina berehala hartu zion neurria erremintari. Debutetik hiru hilabetera irabazi zuen lehen titulua, Pablo Fustoren alboan. BBK binakako ligako txapela jantzi zuten elkarrekin, finalean Gaubeka eta Larrinagari nagusitasunez irabazita (10-7, 10-2 eta 10-2).

Sestaoarrak bi urte pasa egin ditu profesionaletan hartaz geroztik, eta 2016an berriz ere irabazi zuen binakako liga. 2015ean, berriz, Euskadiko eta Munduko txapeldunorde izan zen binaka. Egun, koadroko atzelari onenetakoa da, eta, askoren ustez, sakatzaile trebeena. Hurrengo pausoa buruz buru ere nabarmentzea da. Azken bi urteetan Pablo Fustoren aurka finalerdietan galdu ondoren, aurten 3-0 kanporatu du azken bost urteetako txapelduna. Artistentzat tokia badagoela erakutsi du Perezek, palan bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.