Xisteraren etorkizuna, denen eskutik behetik gora

Eskutik kooperatibak 'Berritxu' xistera aurkeztu du Saran. Euskal Herriko kooperatibak eta enpresak elkarlanera deitu dituzte, pilotarako materialaren eskasiei aurre egin eta garatzeko xedez.

Eskutik kooperatibak 'Berritxu' xistera aurkeztu du goizean, Saran. BERRIA
Eskutik kooperatibak 'Berritxu' xistera aurkeztu du goizean, Saran. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai.
SARA
2025eko ekainaren 14a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Artisautza bat eskurik esku/ natura bat zangoz zango/ xistera honetan lerratzen dira/ pilotak baino gehiago», kantatu du Amets Arzallus bertsolariak, Eskutik kooperatibak Berritxu xisteraren aurkezteko antolatu duen ekinaldian, gaur goizean, Saran (Lapurdi). Haatik, ez zen helburu bakarra tresna berriaren aurkeztea, baizik eta Euskal Herriko kooperatiba eta enpresei, baita pilota federazioei ere, deia egiteko aukera: «Pilotaren langintza kirolaz eta aisiaz haratago doa: kulturaz, identitateaz eta ekonomiaz ere ari gara».

Antolatzaileek azaldu dutenaz, ordea, «egun» xisterak sortzeaz ezin da modu duinean bizi; egoera horren ondorioz, xistera egile eta xistera falta dira. Zeren lanbidea ez bada erakargarria, lan baldintzak ez badira onak, orduan langilerik ez da, eta langilerik ez bada, orduan tresnarik ere ez; jokalariak, aldiz, bai. Euskal selekzioak Nazioen Ligan ofizialki lehen aldiz parte hartu duen honetan, artisauak kezkaturik dira pilotarako materialaren etorkizunaz: txapeldun izaten jarraitzeko, hots, xisterak beharko dituzte jokalariek.

Horrexegatik bildu da jende saldoa, gaur goizean, Sarako Lur Berri gelan: pilotaren materialgintzaren etorkizunaz hitz egiteko. Ezer baino lehen, halere, Berritxu aurkeztu dute: «Duela bi urte joko garbiaren zabalkunderako Xirrixt sortu genuen; ondoko urratsa zesta-puntako xistera egitea zen». Hala egin dute. Erreparatu diote soinuari, malgutasunari, gogortasunari, formari, pisuari, orekari, kolpearen edo hartzearen xurgatzeari, neurriari... Eta, azkenean, osatu dute, «artisaugintza eta teknologia uztartuz»: tresna tradizionalean bezala, gaztainazko uztaia, erdiko bost saihetsak eta zumea atxiki dituzte; berritasuna da bazterrak eta punta lotzen dituen xafla, egur eta landare zuntzez osatutakoa.

Xafla horren planoa, adibidez, Mauleko Elkar enpresarekin elkarlanean sortu dute. Bertako Erik Etxart langilea kontent agertu da eramandako proiektuaren aitzinean: «Teknikoki, material naturaletan badira zenbait oso interesgarriak, ez ditugunak aise erabiltzen, baina geroari buruz bada pentsatzekoa: material sintetikoak gero eta gaitzago atzemanen baititugu».

Gisa bereko diskurtsoa eskaini du Txirbil kooperatibako Aitzol Telleriak. Zurezko bizikletak egiten dituzte Zerainen (Gipuzkoa), eta horien jakitateak azaldu dizkiete Eskutik kooperatibakoei Berritxu xisteraren sortzeko prozesuan. «Egurra ere bada zientzia», adierazi du Telleriak, ozen. Dudarik gabe erran die Eskutik-eko kideei Zeraingo ateak zabal irekirik utziko dizkietela etorkizunean ere. Eta berak ere elkarlana txalotu du: «Inertziak [jakitate tradizionalak] galtzean zeukan bidea, baina euskaldunak izaten segitu nahi dugu»; kirolariek trebatzeko erabiltzen duten hizkuntzatik tresneriaraino, hots.

(ID_17499138395515) Eskutik kooperatibaren \'Berritxu\' xisteraren aurkezpena
Elkarteetako pilotariak 'Berritxu' xisterarekin trebatu dira. BERRIA

Eskutik eskura

Eskutik enpresa 2015ean abiatu zen Saran —kooperatiba bilakatu da geroztik—, Lukugarai aita-seme pilota egileen jakitateari segida emateko asmoz. Ellande Alfaro Erramuzpek hartu zuen lekukoa, eta, urteak aitzina, pilotetik tresnetara pasatu ziren, hala nola xareak eta eskularruak; teknikak beraiek landutako ikerketetatik eskuratu zituzten. Xisterak egiten hasi zirelarik, ordea, 40 urteko esperientzia zuten Lopetegi senar-emazteengana jo zuten, erretiratu direnak geroztik, segidarik gabe. Funtsean, hori zen Eskutik kooperatibaren helburua: «Transmisioaren kezka horrekin, beti argi izan dugu jakitate horiek behar zirela atxiki».

Orain xistera berri bat garatu dutela horien baitarik eta jakitate berriak garaturik, argi dute teknika berri hori «ez [dutela] haiendako atxiki nahi». Argi duten bezala tresna berriak sortzean lanbidearen duintasuna bermatuko dituen baliabideak pentsatu beharko direla. Eta lortu dute, hein batean, Berritxu xisteraren garapenarekin: «25 ordu behar duen lan bat ordu gutxiagotan egitea, ezaugarri bereko tresna ateratzeko». Gaur egungo teknologiek modua ematen duten teknikekin baina «material naturaletan eginez», lortu dute kostea jaistea: 300 euro balio du Berritxu-k, eta haurrek erabiltzen ahalko dute, momentuz; uztaia hautsiz gero, aldatzen ahalko dute, orain arte ez bezala.

Pilota elkarteetako pilotariak xistera berriarekin trebatzen ahalko dira udan, eta, irailetik goiti, eskaerak jaso eta ekoizteari ekinen diote Eskutik kooperatibako langileek. Parioa abiatu da, eta Arzallusek erran die: «Nik Eskutik-i desio diot/ partida irabaztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.