Euskal selekzioa txapeldun Nazioen Ligan

Lehen txapela jantzi du ofizialtasuna lortu duenetik. Erkiagak eta Lopez 2-0 irabazi diete Laduxe eta Basqueri. Bigarren set ona egin arren, Gogenola eta Goikotxeak 2-0 galdu dute Mugartegi eta Lejardiren aurka.

Euskal selekzioko ordezkariak, podiumaren gorenean, ikurrina astintzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskal selekzioko ordezkariak, podiumaren gorenean, ikurrina astintzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko ekainaren 7a
00:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Amaitu da zesta puntako Nazioen Liga, pilotako euskal selekzioa ofizialki lehiatu den txapelketa. Mugarri handia, gogoangarria. Parte hartzea izan da saririk handiena, preziatuena, aspaldiko lanaren eta aldarrikapenaren fruitu. Baina izan da beste saririk: urrezko domina bat, eta zilarrezko beste bat. Gizonezkoetan txapeldun izan baitzen atzo euskal selekzioa. Aritz Erkiagak eta Imanol Lopezek bi seten aldeaz irabazi zieten Ludovic Laduxi eta Thibault Basqueri—Frantziarekin aritu dira—. Lehenengoan 15-13 gailendu ziren, eta bigarrenean 15-11. Festa lehertu zen Gernikako Jai Alai frontoian (Bizkaia), Basquek Lopezen pilotakada eraman ez zuenean. Lepo zegoen pilotalekua.  Emakumezkoetan bestelakoak izan ziren kontuak. Elaia Gogenolak eta Maia Goikoetxeak  galdu egin  zuten Erika Mugartegiren eta Arai Lejardiren kontra. Espainiarekin jokatu zuten Mugartegik eta Lejardik, eta 2-0 irabazi zuten: 15-4 eta 15-9. Gogenolak eta Goikotxeak zilarrezko domina kolkoratu zuten.

Erkiagak eta Lopezek urrezko domina eta txapela lortu zituzten. Garaipenari esker, euskal selekzioa Munduko Txapelketetarako sailkatu da. Datorren urtean jokatuko da txapelketa hori, Argentinan. Finalerdietan espero baino gehiago kostatu zitzaien Erik Mendizabal eta Gorka Mugartegi—Espainiarekin aritu diren pilotariak—mendean hartzea. Kostata aritu ziren, batez ere lehen setean. Laduxek, eta Basquek, berriz, nahiz eta 2-0 irabazi, neurketa gogorra jokatu behar izan zuten Gorka eta Joan Sorozabalen aurka, AEBetako salekzioarekin aritu diren bi puntisten aurka.  

Erkiaga eta Lopez 2-0 aurreratu ziren atzokoan, baina partida hasiera lehiatua izan zen oso. Ez bikote batek ez besteak ez zuten jokoaren ekimena ezartzea lortu, eta tanto luzeak izan ziren. Erkiaga eta Lopez saiatu ziren, baina batez ere Basquek lan ona egin zuen defentsan, eta Laduxe oldarkor aritu zen aurrean. Horri esker 8-6  jarri ziren aurretik. Ez ziren gustura eta eroso Erkiaga eta Lopez. 11-8koarekin ataka zailean zeuden, eta atsedenaldia eskatu behar izan zuten. Baina bueltan, hurrengo bi tantoan Laduxek eta basquek egin zituzten. 13-8arekin bazirudien eskura zutela seta. Baina ez zuten asmatu biribiltzea, erabaki txarrak hartu zituzten, eta 7-0eko partziala lortuta Erkiaga eta Lopez gailendu ziren: 15-13. Arnasa hartu zuten euskal selekzioko puntistek.

Nazioen Liga, emakumeen finala
Elaia Gogenola, finaleko une batean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Parez pare aritu ziren bigarren setaren hasieran. Baina Lopez nagusitzen hasi zen atzean. Txapelketan egin duen partidarik onena egin zuen atzo. Pilota oso gutxi galdu zituen, eta bigarren set hasiera horretan pare bat tanto ikusgarri egin zituen, eta euskal selekzioak bi tantoren aldea lortu zuen: 6-4. Baina Laduxek eta Basquek sendo jarraitu zuten, eta ezin izan zuten partida hautsi. Alderatziz: 8-7 aurreratu ziren Laduxe eta Basque. Hortik aurrera, ordea, Laduxek bizpahiru pilota galdu zituen, eta horri esker 15. tantora urreratu ziren Erkiaga eta Lopez: 12-9.  Errentari ondo eutsi zioten, eta garaipena lortu.

Amaieran pozik mintzatu zen Erkiaga: «Batez ere lehen seta ez da batere erraza izan. Pazientzia izatea gako izan da. Nik lortu dudan garaipen berezienetakoa da».  Lopezek ere garaipenak zuen «balioa» berretsi zuen. «Presioa genuen, baina zorionez irabazi egin dugu».

Bigarren setean hobeto

Aurretik jokatu zen emakumezkoen finala. Asteazkenean neurtu zituzten indarrak ligaxkan; eta orduan bezala, Mugartegi eta Lejardi nagusi izan ziren.  Berehala lortu zuten aldea: 6-0, Mugartegik aurrean zuen ahala baliatuz. Gogenola eta Goikoetxea urduri aritu ziren hasiera horretan. Baina pixkanaka Gogenola jokoan sartzen joan zen aurrean, eta pare bat tanto egin ahal izan zituzten. Ez zuten lortu, ordea, Mugartegiri pilota kentzea, eta hasieran bezala atzean egin zuen min hark. Goikoetxea estu hartu zuen, eta lehen seta erraz irabazi zuten: 15-4.

Bigarren setari beste era batera ekin zioten euskal selekzioko bi pilotariek. Pare bat tantotan jokoaren ekimena izatea lortu zuten, eta horri esker lehen aldiz aurretik jarri ziren: 3-1. Mugartegi jokoan ez sartzea lortu zuten, eta atzean saiatu ziren min egiten. Neurketako unerik onenak horiek izan ziren, eta horrek hauspoa  zien, lehen seteko urduritasunak bazterrean uzteko,  besoa askeago zabaltzeko. Lehen setarekin alderatuz oso bestelako itxura eman zuten. Mugartegik eta Lejardik lan gehiago egin behar izan zuten tantoak lortzeko. Dena den, nagusi izatea lortu zuten, bai tanto batzuetan ahal gehiago erakutsi zutelako, bai une batzuetan, batez ere Gogenola behar baino presa handiagoz aritu zelako. Azkenerako 159 gailendu ziren.

Zaleak Nazioen Ligako finalean
Gernikako Jai Alai pilotalekua lepo bete zen ikuslez, eta ikurrin asko ikusi ziren harmailetan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Galdu arren, gustura ziren Gogenola eta Goikoetxea. «Asteazkenean baino gusturago goaz etxera. Ez dugu lortu haiek baino gehiagoa izatea, baina gure jokoa egin ahal izan dugu, batez ere lehen setean. Esperientzia ederra izan da euskal selekzioarekin debuta egitea txapelketa ofizial batean», esan zuen Gogenolak. Goikoetxea antzera mintzatu zen. «Hasieran apur bat urduri aritu gara, baina  pozik gaude egindako lanarekin». Sari banaketan txalo zaparrada jaso zuten euskal selekzioko ordezkariek, eta txistu ozenak jo zituzten Espainiako ereserkia entzun zenean.

Sari banaketaren osteko hitzartzean, Xavier Cazaubon Nazioarteko Pilota Federazioko presidenteak «bakezko kultura» aldarrikatu zuen, dei egin zuen batasunera eta «Gernikako kontsentsura» batzera. Eskertuta mintzatu zitzaien antolatzaileei, zaleei eta pilotariei. «Zer litzateke Euskal Herria pilotarik gabe» galdetuz amaitu zuen hitzartzea. Joxe Mari Mitxelena Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak, berriz, Agur, Jaunak abesten jarri zuen pilotaleku osoa.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.