ESPAINIA 2-1 SUEDIA

Espainia lehen aldiz sailkatu da Munduko Kopako finalerako

Espainiak Suediari irabazi dio, eta lngalaterraren edo Australiaren aurka jokatuko du finala, igandean. Irene Paredes eta Oihane Hernandez munduko txapeldun izan daitezke

Irene Paredes, garaipena ospatzen, gaur, Aucklanden. BRETT PHIBBS / EFE
Julen Etxeberria.
2023ko abuztuaren 15a
16:00
Entzun

Txapelketa handi batean kanporaketa bakar bat ere gainditu gabe iritsi zen Espainiako selekzioa Australiako eta Zeelanda Berriko Munduko Kopara; ez Eurokopan, ezta Munduko Kopan ere. Baina mugarriz mugarri dabil azken egunetan: lehenbizi, final-zortzirenen galbahea igaro zuen; gero, final-laurdenena; eta gaur finalerdiena. 2-1 irabazi dio Suediari Aucklanden (Zeelanda Berria), eta finalerako sailkatu da. Suediari nagusituta beste mugarri bat ezarri du, inoiz ez baitzion irabazi; hamabi partida jokatu zituzten elkarren aurka, eta inoiz ez zen gai izan hura mendean hartzeko.

Gaurko garaipenak, gainera, sari itzela du: finala jokatzea. Igande honetan jokatuko du Espainiak finala, Ingalaterraren edo Australiaren aurka.

Oso partida parekatua izan da: emaitza da horren erakusle, baita neurketaren nondik norakoa ere. Azkeneko hamar minutuetan askatu da korapiloa: 81. minututik 90.era sartu dituzte norgehiagokako gol guztiak. Salma Paralluelok egin du aurrenekoa, Espainiarentzat. Gol horrek ataka estuan jarri du Suedia, baina gai izan da horretatik irteteko: Rebecka Blomqvistek banakoa lortu du 88. minutuan. Baina oso gutxi iraun die pozak suediarrei, bi minutu eskas, Olga Carmonak gol ikusgarria sartu duen arte. Ez da hor amaitu neurketa, baina azken minutuetan ez da gol gehiago egon.

Azkenean, garaipena Espainiarentzat, eta zoramena jokalarien artean. Haien artean zeuden Irene Paredes eta Oihane Hernandez euskal herritarrak. Paredesek partida osoa jokatu du; Hernandez, berriz, deialditik kanpo geratu da. Bi jokalari horiek handia egin dezakete, Euskal Herriko emakumezko futbolarien artean inor ez baita izan munduko txapeldun. Gizonezkoen artean, bost izan dira: Bixente Lizarazu, Didier Deschamps, Javi Martinez, Xabi Alonso eta Fernando Llorente.

Espainiak Ingalaterra edo Australia izango du aurkari igandean, Sydneyn (Australia), 12:00etan. Hain zuzen, estadio berean ariko dira bihar ingelesak eta etxekoak, bigarren finalerdian (12:00). Europako selekzioa da faboritoa. Ingelesek balentria egin dezakete, bi txapelketa nagusiak irabazi baititzakete jarraian: Eurokopa eta Munduko Kopa. Arantza atera nahi dute Munduko Kopan, azken bi ekitaldietan finalerdietan galdu baitute.

Baina erne ibili behar dute, australiarrak ere mugarriz mugarri baitabiltza. Inoiz ez iren horren urruti iritsi, eta gehiago nahi dute. Etxean ariko dira, eta estadio osoaren babesa izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.